Cibeles eta Louvre, independentziaren kolorez
Independentistak Sareak gaur goizean bi salaketa ekimen egin ditu “gure herriaren nortasun eta eskubideak ukatzen dituzten estatuetako hiriburuetan”: Madrilen Cibeles Plazako iturria eta Parisen Louvreko Piramideetakoa berdez margotu ditu. “Salaketa ekimenen funtsa ura berdetzea izan da, berdea baita gure sareak independentzia ikurtzeko proposatu eta jende askok bereganatu duen kolorea”. “Era baketsu eta ez-erasotzaile batean” egin ditu ekintzak, “agerian uzteko noiz eta Espainiako Konstituzioaren egunean, euskaldunok ez dugula konstituziorik, ez estaturik, ezta nahi dugun estatua osatzeko eskubiderik ere, Espainiako eta Frantziako legeeek galarazten digutelako. Gaur egungo egoera ez da gure herriaren erabakiaren ondorioa, inposaketa baizik”. Independentistak Sareak adierazi du Euskal Herria burujabe izateko bidean bere xedea “konfrontazio demokratikoa, desobedientzia zibila eta nazio eraikuntza” direla. “Gure herrian hainbat esperientzia izan ditugu desobedientziaren esparruan; intsumisioaren aldeko jarduerak, esaterako. Ez gara, beraz, deus asmatzen ari. Saio horietatik ikasi eta eredu berriak sortuko ditugu gure mugimenduaren aniztasun eta zabaltasuna aintzat harturik, betiere aktibistei milaka lagunen babesa eskainiz”.