Ch: ahoskera eta idazkera, herri zapaldu eta zatituaren isla (eta liburu baten izenburua erabakitzeaz)
Ch: ahoskera eta idazkera, herri zapaldu eta zatituaren isla –
Liburu bati izenburua ematea ez da erabaki erraza izaten, edo ez beti. Ene azken eleberriari Bichta éder izena eman ala ez zalantza izan nuen, une batez, kontziente nintzelako ch horrek sor zezakeen nahasmenaz. Baina eleberriaren ardatza da izen hori, hainbat geruzatan. Izen hori, eta horrela idatzirik, begi bistakoa da Ipar Euskal Herrian. Literalki da begi bistakoa: begira ezazue bilatzailean, eta ohartuko zarete zenbat ostatu dauden izen horrekin. Begi bistakoa da, halaber, baitakigu euskaraz ez dagoen ch hori x gisa ahoskatzen dela frantsesez (euskarazko ortografia zuzena bista bada ere, Iparraldean bixta ahoskatzen dugu).
Hego Euskal Herriko hainbat lagunek liburua eskuan hartzerakoan, izenburua ahoz gora irakurtzeko zailtasuna izan dute: nola ahoska daiteke bitxta? Hots, menderatzen gaituen erdara frantsesa dugunontzat ch > x da, baina espainola dutenentzat ch > tx da. Horra fonema bakarrean islatua gure herriaren zatiketa.
Eta zapalkuntza. Nork irakurtzeko idazten dira gure hitzak frantses ortografian? Bista idatzirik, frantsesek bizta irakurriko lukete; bixta idatzirik, aldiz, bikzta. Eta é edo e ere desberdin ahoskatuko lukete. Beraz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan halako toki gehienei euskal izena ematen dietenean baina frantses ortografiaz idazten dituztenean, frantsesei zuzenduta ari dira. Euskara apaingarri baizik ez da. Mendeetako zapalkuntzaren ondotik, gure hizkuntza onartu dutelako itxurak eginez, gure hizkuntzarekin egiten digute irri sudurrera!
AGOUR gazta-marka duzu ildo horretako beste adibide bat.
Jateko izugarri ona bada ere…
Bai… Hegoaldean ere badira adibideak, gutxiago badira ere. Baina abizenetan oraindik gazteleraren zama ezin gainetik kendu dihardugu alde honetan ere. Zenbat Aguirre, Echeveste, Yzaguirre, Iciar, Muguerza, eta abar, eta abar oraindik ere?
Othoitz eguiten drauçuet bada, anayeác, Iaincoaren misericordién partez, offrenda ditzaçuen çuen gorputzac sacrificio vicitan, saindutan, Iaincoaren gogaracotan, cein baita çuen cerbitzu raçoinezcoa. Eta etzaquitzotela conforma mundu huni, baina transforma çaiteztez çuen adimenduaren arramberritzez, phoroga deçaçuençát ceric den Iaincoaren vorondate ona eta placenta eta perfectoa. Ecen niri eman içan çaitadan gratiáz, erraiten draucat çuen artecoetaric batbederari, ezteçan presumi iaquitera iaquin behar den baino guehiago, baina den çuhur sobrietatera: Iaincoac batbederari fedearen neurria repartitu draucan beçala. Ecen nola gorputz batetan anhitz membro baitugu, eta membro guciéc ezpaitute operationebat bera: Hala anhitz garelaric gorputzbat gara Christ baithan eta batbedera gara bata bercearen membro. Eta ditugula dohain diuersac, eman içan çaicun gratiaren araura, edo prophetia, deçagun prophetiza fedearen proportionearen arauez: Edo ministerio, garen administrationean: edo iracasten ari dena, den instructione emaile. Edo exhortatzen ari denac, exhorta deçan: distribuitzen ari denac, distribui deçan simplicitatetan: presiditzen duenac daguian diligentqui: misericordia eguiten duenac, daguian alegueraqui.
Romatarrei 12:1?-?8 Leiçarraga
https://bible.com/bible/25/rom.12.1-8.BHNT
Hauxe da naffarrerazco graphia. Euscaldunon benetaco lehen euscara batua, aleguia.
Adeitsuqui
Irakurri berri dut “Peru Leartzako” (1979). Oraindik euskara batua adostu gabe, irakurketa kamusten dute etengabe agertzen diren “akatsek”; Txillardegik, batuaren hastapeneko ahaleginak eginez idatzi bazuen ere.
Twitterretik galdera hau heldu zait: Euskaldunek (euskaltzale ezagun bat baino gehiago tartean) abizenak frantses ortografiaz idazteko joerak ere azalpen bera izango luke zure ustez?
Abizenen oraingo ortografiak gutxienez bi mendeko historia du. Etxeberri bat Etcheverry idazten zuen frantses administrazioak eta Echeverri Espainiakoak (anitzez aukera gehiago ere badago). Euskarazko ortografia denborarekin finkatu da, Zigorrek dioen bezala. Baina abizenen ortografia administrazioaren paperetan izozturik gelditu da. Badaude aldatzeko aukerak, baina Euskal Herriko eremu administratiboen arabera, errazagoa edo zailagoa da. Beraz, abizenak erdal grafian jartzeak erakusten du nork administratzen duen herri hau.
Baina behartuta al gaude gure abizenaren erabilera soziala gure nortasun agirian bezala egitera? Zerk debekatzen digu Etcheverry, Echeberri edo Etcheberri beharrean, Etxeberri gisa agertzea? Deusek ere ez. Badago ariketa sozial bat egiteko, horri begira, ordea (zenbatek ez dute erraten “ez, nirea tch-rekin da, ez ch-rekin; edo nirea y-rekin da, ez i-rekin”?). Hain zuzen ere, ez da ortografia bakarrik, ortografia horrek eragin duena da gure abizenak frantsesez ahoskatzen ditugula, euskaraz mintzo garenean ere.
Bestalde, AGOUR gasna markari dagokionez, entzuna dut SAINT-AGUR marka hartuta zegoela beste gazta batentzat (baina Euskal Herritik urrun, eta ez dut uste euskarazko “agur” denik horren erroa), eta beraz Heletako gasna horren marka erregistratzerakoan, ezin izan zutela AGUR erabili. Hain segur, hobe zuten izena aldatzea ortografiaren ordez…
Puntu nagusia, ee ustez, administrazioarena: nik Aramburu nuen jaiotzetik, administraziora jo nuen eta hatxez bazenez, batetik, eta enez ere bai, bestetik (ez jakin bi hautuak elkarrekin emanak diren), Haranburu “onartu” zidaten. Une hartan, etxean baginen hiruzpalau desberdin: Aramburu, Aranburu, Haranburu…, Arambúru…
Bada bazterretan Aramburo idazten -eta ahoskatzen- duenik ere…
Tira, bitxikeria, Iruñerrian sarritan biltzen den batzar batean, bada Echeverria, eta bada Etxeberria; zerrenda ematen dute, present nor den, eta, hots, hurrenkera trakets samar gertatzen da. Lehenik Echarren, demagun, gero Echeverria, Eche… geroago Etxauri, eta azkenik berriro Etxeberria…
Haramboure idaztea Haramburu deithuraren ordez francestea da.
Aguirre idaztea, ordea, euscal graphia classicoan bethe bethean idaztea da. Bicain.
Adeitsuqui
Hau babukeria izugarria. Eneko, aipatzen dituzun horiek guziek ez dute sekula ere zure liburua leituko, eta bost zerorren hizkuntza kezka, eta leitu genezakeen zenbait ez dugu eginen. Geronen babukeria hauek hemen bakarrik gertatzen dira. Aspaldi hurbil batean bada euskaraz idazteko eta mintzatzeko ERE molde bat. Kito.