CCOO, euskara(fobia) eta klase-arrakalak

CCOO, euskara(fobia) eta klase-arrakalak –

Zigor Olabarriaga Oleaga, ARGIAn.


Postaria erratu, eta etxeko buzoian jaso dut 2023ko abenduko Biltzar, Euskadiko CCOOren hilabetekaria. Kuxkuxeatzen hasi, eta hor muturrekoa bi orritako albistearekin: “Abenduaren 3ko Euskararen Eguna dela eta” antolatutako jardunaldien laburpena da, “hizkuntza politikaren eta hizkuntz profilen zirriborroaren” inguruko bere proposamenak aztertzeko xedez egin zituenak sindikatuak. Egun berean kontzentrazioa egin zuten kalean, Euskarari bai, klase-arrakalarik gabe lelopean. Lelo berak ematen dio titularra erreportajeari. Hasiera batean pentsatu nuen “klase-arrakala” adierak aipamena egiten ziola klaseen arteko gatazkari, eta jakin-mina piztu zidan nola eramango zuen CCOOk euskararen auzia burgesen eta langileen arteko gatazkara. Baina ez, “langile klasearen barnean” sortzen omen du arrakala euskarak, ez klase artean: “Euskara enpleabilitate faktore bat da, zeinaren inguruan arrakala sortzen ari den langile klasearen barnean”.

CCOO, euskara(fobia) eta klase-arrakalak

Langile klase barnean arrakalak eta zatiketak sortu edo sortzen dituzten balore eta aldarrikapen gehiago etorri zaizkit gogora. “Nazionalismoak ezkerra banatzen du”, esan zidan Buenos Airesko bere etxean hartu ninduen emakumeak nire abertzaletasunaz –nahiz ez zion zentzurik ikusten batasunaren hobe beharrez Argentina Espainiako Ama Aberriaren hegopera bueltatzeari–. “[Gizonezko] Langileen pobretzearen errua emakumeena da, enpleguaren merkatura sartzean soldatak jaitsarazi zituztelako”, bota zidan kontinente berean euskaldun batek. Arrakala eragileen zerrendarekin jarraitu genezake luzaz: lan-baldintzak okertzearen errudun diren migratzaile pobretuak, langile klasean banaketa sortzen duten feministak… Ze ondo letorkigukeen herri honetan Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea gogoangarriaren irakurketa kolektiboa; are hobekiago Emakumeak, arraza, klasea eta hizkuntza liburu berria, esku euskaldunek idatzia.

“A eredua ez da desagertuko, beti beharko dira obretarako langileak”. Tori, klase-arrakala

A, eta akordura etorri zait ere Gasteizko Alde Zaharreko eskolako gurasoen elkarteko aita batek harriduraz kontatu zidana duela urte batzuk. Ghettifikatutako eskola A eredutik Dra aldatzeko prozesua bultzatzen ari ziren gurasoek antolatutako jardunaldietan CCOOko ordezkari batek bota zuena, hain zuzen ere: “A eredua ez da desagertuko, beti beharko dira obretarako langileak”. Tori, klase-arrakala.

“Alde batetik, ezinbestekoa da errespetatzea herritar guztiek duten eskubidea administrazio publikoarekin aukeratzen duten hizkuntzan erlazionatzeko. Bestetik, hori ezin da kontraesanean egon lanbide publikoarekiko sarbidean edo bere mantenuan”. Oso ondo, baina oximoronaren sintesia erdietsi bitartean, CCOOk lanbideetarako euskara eskakizunen aurkako helegiteak aurkezten jarraitzen du. “Sindikatuak ez du partekatzen euskararen aurkako oldarraldi judizial bat dagoen ideia”: agian bere paperaren aitortza nahi du CCOOk, eta oldarraldi sindikalaz hitz egitea ari zaigu eskatzen.

Marko tranpati hori bere egiten badu, edonola dela, egin dezala langile batzuk kanpoan uzten dituzten eskakizun mota guztiekin: lizentziaturak, masterrak eta doktoretzak irakasle izateko; gaitasun eta neurri fisiko jakinak suhiltzaile edo polizia izateko; Espainiako Konstituzioaren ezagutza funtzionario izateko; espainiar nazionalitatea edozein lanposturako… Horiek denak, aldi berean, ahal ekonomikoari eta beste pribilegio batzuei zuzenki lotuta daude: nork du denbora eta dirua unibertsitate tituluak pilatzeko, eta nork ez? Nork pasa ditzake hilabeteak oposizio batzuen prestaketan zentratuta eszedentzia hartuta edo ingurukoen zaintza baztertuta, eta nork ez? Nork proba fisiko batzuetarako entrenatzen eta osasuntsu jaten, eta nork ez? Nor da legala, eta nor ez? Kanpaina biderkatzea proposatzen dut, hortaz: Suhiltzaileak bai, klase-arrakalarik gabe; Irakasleak bai, klase-arrakalarik gabe; Langile publikoak bai, klase-arrakalarik gabe; Ingeniariak bai, klase-arrakalarik gabe; Polizia bai, klase-arrakalarik gabe…

Zentzu berean baina kontrara; imajinatzen al du inork CCOO Feminismoa bai, klase-arrakalarik gabe kanpaina bat egiten parekidetasun legeek lanpostu batzuetan gizonak baztertzen dituztela salatzeko? Ez, ez gaur egun. Feminismoa ezkerraren eta sindikalismoaren betiereko balore berezkoa delako? Ez, feminismoak borrokaz eraldatutako indar-harremanen ondorioz, baita ezkerraren barnean ere, pedagogiaz beste konfrontazioz. Badugu nondik ikasi euskaltzaleok.

Eta CCOOko arduradun eta soldatapeko langile izateko, ba al da klase-arrakalarik sortzen duen eskakizunik?

Eta, sindikatu batez ari garela, sortzen al du sindikalgintzak klase-arrakalarik langileen artean? Langile sindikatuen eta sindikatu gabeen artekoak? Langabetuen eta lana dutenen artekoak? Kontratua dutenen eta ez dutenen artekoak? Sindikatu batzuen eta besteen artekoak? (finko egitea nahi izanez gero CCOOren lagun-min UGTra sindikatzea gomendatu diete urtetan Gasteizko Mercedeseko aldi baterako langileei, esaterako). Aldarrikatu beharko al genuke Sindikatuak bai, klase-arrakalarik gabe?

Eta CCOOko arduradun eta soldatapeko langile izateko, ba al da klase-arrakalarik sortzen duen eskakizunik? Agian, zuritasun fisiko edo mental jakin bat? Apika, paperak izatea? Akaso, espainolismo poxi bat? Beharbada, klase gatazkarik ez sortzeko konpromisoa? Seguru, euskaltzalea ez izatea. CCOO bai, klase-arrakalarik gabe.

CCOO, euskara(fobia) eta klase-arrakalak CCOO, euskara(fobia) eta klase-arrakalak CCOO, euskara(fobia) eta klase-arrakalak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude