Cass Txostenak dena aldatu du

Cass Txostenak dena aldatu du – 

Artikulua abenduaren 23an argitaratu zen, Spiked Britainia Handiko on line agerkarian. Jo Bartosch emakume eta nesken eskubideei buruz diharduen kazetaria da.

Niretzat eguberrietako tradizio berri bat bihurtu da. Abenduko uneren batean, editore batek galdetzen dit: “Idatziko al zenizkidake 800 hitz, datorren urtean Transaren akabera iritsiko dela iragarriz?”.

Azken hamarkadako parte handi bat begi-bistakoak diren gauzen gainean artikuluak idazten pasatu ondoren –alegia, gizonek ezin dutela haurrik munduratu eta lesbianek ez dutela zakilik–, ikasi dut gure buruzagi politikoen zentzunean eta sen onean ez dela federik eduki behar eta haien ekintzei buruz iragarpenik ezin dela egin. Aurten, ordea, diferentea dirudi.

Lehenago ere, kale egindako saio asko ikusi dira: 2015ean, Kellie Maloney boxeo-enpresaria –emazteari eraso ziola aitortu zuen gizon bat–  BBCko Woman ‘s Hour saioan  adeitsuki elkarrizketatu zutenean, neronek tonto-kontentu espero nuen ikus-entzuleak haserretzea. Ez zen hala gertatu.

Urte batzuk geroago, Keira Bellek, transgenero izateari utzi zion emakume batek, auzitegi bati kontatu zionean Osasun Zerbitzu Nazionaleko zirujauek bere bular osasuntsuak ebaki zizkiotela, bazirudien laster genero-medikuntzarenak egingo zuela. Hala ere, eskandaluak aurrera egin zuen.

Kaira Bell

Eta, garai beretsuan, Nancy Kelley Stonewalleko buruak esan zuenean lesbianak “arrazista sexualak” direla, zergatik eta gizonekin ez direlako oheratzen, ematen zuen, ezinbestean, LGBa eta TQ+a dibortziatu egingo zirela. Gaur-gaurkoz, ez da gertatu.

lgb

Hala eta guztiz, urteak igaro ahala, handitu egin da genero-ideologiarekin kritikoak diren feministen kopurua, “TERF” izenez ere ezagutzen direnak. Maya Forstaterrek 2021ean tribunaletan lortutako garaipenari esker lantokietan “genero-kritikoen” iritziak babestea lortu da eta, ondoren, Elon Muskek, 2022an Twitter kontrolatzean, sare sozialetan geneukan mozala kendu digu. Aurten, azkenean, genero-kritikoen masa kritikoa erdietsi dugu.

Aldaketa nabarmenena, noski, aurtengo apirilean izan zen, noiz eta mundu osoan ospe handia daukan pediatra Hilary Cass doktoreak bere txostena [1] argitaratu zuenean, Ingalaterrako Osasun Zerbitzu Nazionalak haurrei eskaintzen zien genero-identitatearen zerbitzuei buruz. Ikerketa hori, neurri batean, Keira Bell kasuak sustatu zuen. Trans koartel generalean bonba bat lehertu izan balitz bezala izan da.

Cassen lana latza izan da. Prozesua oztopatu dioten NHSko fideikomisoekin borrokatu behar izan du datuak argitaratzeko eta, ondoren, Britainiar Mediku Elkartearen, parlamentarien eta sare sozialetan hitz egiten duten ergel perbertituen erasoak jasan behar izan ditu (seguru asko, aipatutako talde horien artean teilakatze bat dago). Jasan dituen gehiegikeriak hain izan dira larriak, bere txostena argitaratu ondoren ezin izan du berriro garraio publikoa erabili.

Beharbada, txostena melenga xamarra, eztiegia da zenbait puntutan. Batzuetan ematen du zuzenean Stonewallen eskuliburu batetik kopiatutako kontzeptuak eta hizkera darabiltzala Cassek. Haur “transgeneroak” existitzen direla dio, inondik ere halakorik ez badago ere. Baita ere, pubertaro-blokeatzaileekin beste esperimentu badaezpadako bat hasteko oinarriak jarri ditu. Hala ere, oro har, Cass Txostena ikerketa-lan indartsua izan da. Argi eta garbi geratu da haurren garapena botiken bitartez eteteak ez duela batere onik egiten, eta generoarekin nahasita dauden umeentzako tratamenduei buruzko ikerketek hutsune handiak dituztela. Halaber, agerian utzi du praktika klinikoan transgenerismoaren aldeko joera ideologikoa infiltratu dela. Talka uhinek estamentu politiko eta medikoak astindu dituzte.

Wes Streeting Erresuma Batuko Osasun Idazkaria, garai batean Alderdi Laboristako TERF ustekoak izen-abizenez salatzen eta lotsarazten zituen Facebookeko talde bateko partaidea izan zena, orain Cassen gomendioak aplikatzearen alde agertu da erabat, eta aurreko gobernu kontserbadoreak agindu zuen pubertaroaro-blokeatzaileen behin-behineko debekua luzarazi du. Gainera, sexuen arabera bereizitako aldagelak bermatzeko nahian tribunaletan borrokan ari diren erizain andreekin batzartu da. Orain, onartu du oker zebilela “trans emakumeak emakumeak dira” esaten zuenean.

Haren nagusiari dagokionez, Keir Starmer Lider Maitatua uztailean aukeratua izan zelarik, berak ere aitortu zuen gizonek ez dutela umetoki-leporik. Bien bitartean, Kemi Badenoch lemazain kontserbadoreak, alderdiaren buruzagi izateko bere hautagaitzaren bertuteen artean aipatu zuen, besteak beste, sexuaren errealitate biologikoa defendatuko zuela.

Baina Cass Txostenak ez du soilik Britainia Handiko kontsentsu politikoa puskatu; ondorioak mundu osoan sumatu dira.

Abenduan, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak errekurtso bat entzun zuen Tennesseeko estatuan ezarritako debeku baten aurka, zeinean haurrentzat “genero-baieztatze” izeneko osasun-tratamendua debekatzen baita. Cass Txostenari buruz galdetu ziotenean, Chase Strangiok, Estatu Batuetako Libertate Zibilen Aldeko Batasunaren (ACLU) izenean diharduen abokatu transaktibistak, aitortu behar izan zuen ez dagoela “aski ebidentziarik tratamendu horiek (pubertaro-blokeatzaileek) suizidioak murrizten dituztela esateko”. Strangiok gaineratu zuen trans gisa identifikatzen diren gazteen artean “suizidio burutuak”, zorionez, “arraroak” direla. Jarrera aldaketa txundigarria. Azken hamarkadako puska handi batean, ACLUk behin eta berriz adierazi du, “haur transei” pubertaro-blokeatzaileak eta hormona gurutzatuak eman ezean, beren buruaz beste egingo dutela.

Medikuen kontrako demandak ere pilatzen ari dira. Clementine Breen estatubatuarrak transexuala izateari utzi dio, eta berriki jakitera eman du munduko “medikuntza transgeneroko” profesional garrantzitsuenetako bat, Johanna Olson-Kennedy doktorea, auzitara eramango duela. Olson-Kennedyren klinikara bidali zuten Breen, eta han pubertaro-blokeatzaileak errezetatu zizkioten 12 urterekin, hormonak 13 urterekin eta mastektomia bikoitza 14 urterekin. Orain, 20 urterekin, uste du bere gorputzarengana sentitzen zuen ondoez psikologikoaren benetako jatorria sei urterekin jasan zuen sexu-abusuan dagoela. Terapiara doa, bere sexuarekin adiskidetu da eta testosterona hartzeari utzi dio.

Akatsak eta tarteka dauzkan ezbaiak gorabehera, Cassen lanak bidea erraztu die arestiko kasu horiei guztiei.

Trans korrontea kolpetik geldiarazi egingo litzateke, baldin, finantza kontuak tarteko, arrisku handiegia bihurtuko balitz buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonak hormonatzea eta operatzea, eta Estatu Batuetako aseguru-etxeek tratamendu horiek ez ordaintzea erabakiko balute. Hori iritsi artean, baina, oraindik ere gizon gehiago ikusi beharko dugu kiroletan emakumeei sekulako jipoiak ematen (inkluso literalki), bortxatzaile gehiago emakumeen kartzeletan, eta gezur gehiago trans pertsonen suizidioaz eta “genozidioaz”. Errealitatea benetakoa dela sinesten jarraitzen dugunak hortz-karraska segiko dugu, aktibistek mehatxatzen gaituzten bitartean, izan gaitezela “atseginak” edo bestela… Hala ere, ez gaitezen nahasi, oraingoan irabazten ari gara.

Izan zaitezte atseginak

Transgenerismoaren gezurra hain da handia, azpiegitura oso bat behar du, bere buruari eutsi eta jendea kikilduta edukitzeko, isilik egon dadin eta men egin dezan. Baina azken urteetako lorpenei esker, lehen aldikoz, idatz dezaket baietz, 2025 urtea izango da Transa eroriko den urtea.

[1] Jatorrizkoan Cass Review. Review edo berrikuste bat ebaluazio mota bat da, izan liteke idazlan batena, produktu komertzial batena edo, kasu honetan bezala, osasun zerbitzu batena. Cass Review-an berean, Systematic review bat baino gehiago egitea agindu zien Cassek hainbat ikerketa zentrori, hau da, literatura zientifikoan gaiari buruz jaso den informazio guzti-guztia bildu, datuak interpretatu, aztertu, deskribatu, kritikoki ebaluatu eta, bukatzeko, laburpen orokortzat balioko duten ondorio batzuk eman.

Cass Txostenak dena aldatu du

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude