Buztandarren Biltzarra
Buztandarren Biltzarra du izenburu aste honetako idatziak. Ez naiz erratu Baztandarren Biltzarra jarri nahian, eta izenburua horretarako ere egokia den arren, ez naiz bertako “mutil dantzez” mintzatuko. Egia esan ez nago oso ziur. Badakizue, abortuak ez du zerikusirik ETArekin, baina pixka bat bai. Beharbada iskanbila sortzaile diren dantzez mintzatuko naiz ohartu ere egin gabe, ez dakit.
Gizon talde batean hasi nintzen parte hartzen, eta izen ofizialik ez daukan arren, baten batek bota zuen Buztandarren Biltzarraren pitokeria hura (barka erredundantzia), eta nik behintzat horrela izendatzen dut jada. Gure gizontasuna izan ohi dugu eztabaidagai, ze rol ezarri dizkiguten, nola erreproduzitzen ditugun, nola garen aldi berean zapalduak eta zapaltzaileak. Ez daukagu egutegi finkorik, eta ahal denean lagun kuadrilla biltzen gara. Iosuk dauka esperientzia gehien gizon kontu hauetan, gure dinamizatzaile edo sustatzailea dela esango nuke; edo behintzat, gure bilkuretan gai ordena edo eztabaidaren nondik norakoak zehazten dituena.
Nire apaltasun eta ezjakintasunetik, asko ikasteko aukera eman dit Urretxu-Zumarragako marko honek. Gehienbat, aurretik, gai honen inguruan hitz egitera eseri ere egin ez nintzelako. Nabarmendu nahi dut ez naizela inor inori lezioak emateko genero berdintasunaren inguruan. Soilik gizon taldeko lagunekin hizketan nire egin ditudan sentipen eta ideia batzuk konpartitu besterik ez ditut egin nahi, niri eman zidaten bezala, beste gizonen bati zer pentsatua emango diotelakoan.
Nerabezarotik zenbait borroka fronte ezberdin tokatu zaizkigu guztioi, eta asko posizionatu egin gara: hezkuntza, lan mundua, etxebizitza, autodeterminazio eskubidea, euskara, aberatsentzako azpiegitura erraldoiak… Guztien artean, feminismoak berezitasun handi bat dauka niretzat. Beste fronte guztietan ni ari naiz jabeei, erdaldunei edo inperialistei euren pribilegioak ezabatu nahian. Aldiz, feminismoa niri ari zait exijitzen, nire pribilegioei muzin egin behar diedala.
Txikitatik markatzen digute bidea. Gizonok pribilejioak dauzkagula onartu behar dugu, eta ondoren alboratu; botere gehiago dugu, lan bera egiteagatik emakumeak baino gehiago kobratzen dugu zenbait kasutan, eta ez dugu hainbeste beldur izaten espazio publikoan mugitzeko; esaterako.
Xabier Letek abesten zuen, “handitzen zarenean ikusiko duzu, isilik egoteak zenbat balio dun”. Batzuek ez dute sekula ikasi, eta egongo da sekula ikasiko ez duena. Militantziak besteak entzuteko ohitura eman didala esango nuke, baina gizon taldeko berriketetan ere ikasi dut isilik egoten; eta bertatik kanpo, non egon behar naizen isilik. Adibidez, duela pare bat aste, arrazakeria eta klasismoa nahastu eta bereiziz idatzi bat egin nuen. Gizon zuri heterosexual aberats batek ezingo luke idatzi bera egin, ez duelako sekula diskriminazio hori jasan. Emakumeak, jasaten duten zapalkuntzaz hizketan ari direnean, gizonok isilik geratu eta gure artean eztabaidatu behar dugu. Gizonek ez dute ulertzen emakumearen zapalkuntza, heterosexualek homofobia pairatzea zer den ideiarik ere ez, eta zuriek arrazakeriaren diskriminazioa ez dute bizi izan.
Gure bilkuretan ohartzen naiz patriarkatuaz blai nagoela. Larrua jotzea zer zen ere ez nekienean jada “marikoia” iseka bezala erabiltzen nuela, eta ze mina egiten zidan niri esaten zidatenean, zer zen ere ez nekien arren. Ausartak, konpetitiboak, gogorrak izan behar ginela, eta beldurra edo negar egiteko gogoa izanez gero, jada ez nintzela hain gizona. Badakizue, mutilok ez dugu negar egiten. Zenbat aurreiritzi dauzkadan; zenbat kaka buruan sartuta rolez, emozioez, harremanez. Gero eta gizon gehiago dira euren rolak, eta adibidez, aitatasuna, birplanteatzen dutenak, gizontasun eredu tradizionaletik ihesi.
Iraultza pertsonal bat da gizon talde batean sartu, norberaren iritzia zintzoki esan, besteena entzun eta ondoren berriz birkokatzea. Kontraesanak azaleratzen dira, eta barruan dugun iratxo erreakzionario eta kontserbadoreak arreta deitzen dit, esanez, “ei, txo, hementxe nagok“. Ataka horretan norberak hartu behar du bere posizioa: izan kontserbadore, izan iraultzaile, edo izan erreformista.
Euskal Herrian bada sekulako ibilbidea egin duen jendea afera honen inguruan, eta euren ekarpena hona iritsiko balitz ikaragarri aberastuko lukete hasiberri baten gogoeta sinplea besterik ez den hau. Bidean noa; eta munduko bidelagun onenak dauzkat gauzak eztabaidatu, birpentsatu eta deseraikitzeko. Buztandarren Biltzarreko ene adiskideak.
Isilik egoteaz gain, hitz egiten ere erakutsi dit neri espazio honek, herriko beste hainbat kontutan topatu gabeko pertsonak ezagutu eta egonaldi ederrak egiteaz gain. Eskerrik asko bide honetan Zarauzko ArTaldea eta Urretxu-Zumarraga eta inguruetako buztandarroi, eta zorionak Beñat. Segi luma zorrotz!