Busturialdean duin lan, aske bizi (II)
Busturialdean duin lan, aske bizi –
Josu Unanueren oroimenez
Udazkena amaitu berri, neguburuan murgilduak gaude jada. Intentsitatez bizi izan ditugu azken hilabeteak Euskal Herrian oro-har, eta, Busturialdean ere, nabaritu izan dugu haren isla.
Kalea, espresio ugariren ispilu, borborka egon da aldarrikapen eta problematika ezberdinei erantzun asmoz: Gernikako urriko azken astelehenaren bezperatan 4500 lagun mobilizatu ginen Guggenheim Urdaibai STOP plataformak deitutako manifestazioan.
Azaroaren 30ean historiako lehen greba feminista orokorra antolatu genuen gure herrian, zaintzaren problematika agendan jarri, eta sistema publiko komunitario bateranzko atzera bueltarik ez duen oinarria finkatuz. Erasoen aurrean, argi eta garbi, eskolan, kirolean, kalean eta non-nahi guk bai sinisten zaitugula, eta konplizitaterik ez dugula onartzen haserre biziz adierazteko 3000 lagun mobilizatu gara Gernika-Lumoko kaleetan, oraintsu.
Palestinako herriari beti berarekin egon garela eta izango garela adierazi genion: genozidioaren aurkako sirena aktibatu, eta munduko kontzientziak piztu genituen 3000 pertsonek Pasealekutik (1937ko apirilean merkatu plaza zenetik), elkartasun deiadarrez betetako irudi potentea helaraziz. Gernikatik Palestinara, haritzetik olibondora: Gora Palestina askatuta!
Arduraz, elkarlanerako bokazioz, herri sektore ugarirekin batera, hor izan gara, lanean.
Alta, ez dira izan gurean albiste bakarrak. Eskualde bizi honen argazkia elite pribatu eta interes alderdikoiaren postal prefabrikatuarekin talkan dago, komunikabideetan bereziki denon ahotan jartzen gaituen afera presente egon baita: Urdaibaiko biosferan Guggenheim berri bat ezarri nahi digute.
Baina larriena biosferaren garapen sozio-ekonomikoa hipotekatu, eta kostaldeko araua denon mutur aurrean aldatu izana da; 100 metroko babesgunetik, 20 metrora murriztuz. Kezkagarriena eredu neoliberala ordezkatzen duen entitate pribatu baten interesak berton lan eta bizi garenon gainetik jartzeko asmoa gardenki azaldu izana da; eta diru publikoa horretarako bideratu nahi izatea, gainera. Alarmanteena ekosistema babestuaren gainetik sentitzea, eta gaurko gazteontzat prekarietatera eta etxebizitza bat eskuratzeko ezintasunera kondenatzea da. Arduragabekeria galanta da Busturialdeko herritarroi marketing kanpaina baten bidez iruzur egin nahi izatea. Bada, ez.
Bataila aurkeztuko dugu, noski baietz. Ez dugu Guggenheim Urdaibairik nahi; ez Sukarrietan bere garaian, ezta Muruetan eta Gernika-Lumon ere orain. Eta borroka hori irabazteko instituzioak, kaleak, lantegiak, ikastetxeak, epaitegiak baliatzea dagokigu. Zentzu horretan, Guggenheim Urdaibai STOP plataformak bide judiziala ordaintzeko ireki duen crowdfunding kanpaina babestu, eta herritarrak, ahal duten neurrian, ekarpen ekonomikoa egitera animatzen ditugu.
Busturialdeko egiturazko arazo errealei heldu eta eskualdearen erronkei erantzungo dien plana eraikitzeko baliabideak badaude, eta ditugun jakintza eta tresna guztiak bere zerbitzura jartzea dagokigu. Borrokaren bidez eskubideak eskuratu eta gurea dena defendatzeko determinazioa ardatz izan behar dugu.
Eta berriz esango dugu: lan duina, bizitza askea, zaintza publiko-komunitarioa, euskal kulturaren indartze lanak eta naturarekiko orekak erdigunean dituen eskualde eredu baten alde gaudenok gehiengoa gara Busturialdean.
Erronka horretan bidaide izango gara.
Ibon Meñika Orue-Etxebarria, Irati Omagoieaskoa, Ion Basurko (SORTU, Ernai, LAB Busturialdearen izenean)