Busturialdean duin lan, aske bizi
Busturialdean duin lan, aske bizi –
Gure herriarentzako sintesi bikaina idatzia du Eñaut Elorrieta gernikar abeslariak, “aspalditik gatoz, urrunera goaz” kantatuz. Eta egia da; bilakaera luzeko errealitatea gara eta eskualde honek badu zer esan ibilbide horretan: Gernikako Arbolak itzala ematen jarraitzen du mendeetan zehar egin bezala, eta orain 86 urte suntsitu nahi izan bazuten ere, bere lur-gainean askatasuna eta bakea eraikitzen ari den herri bat dago, zutik.
Berehalakotasunean itota bizi ei garen jendartea da gurea. Dena eta momentuan gura dugunok; ikuspegia zabaldu eta zein lur eremutan bizi garen ohartu behar dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititua izan den jakintza eta aberastasuna esku artean baitugu. Zertarako eta noren mesedetan da gakoa.
Azken hilabete luzeetan Busturialdea notizia da noiznahi, 1984. urteaz geroztik biosfera erreserba den Urdaibain Guggenheim-a eraikitzeko asmoa azaldu dutelako Bizkaiko eta EAEko zenbait instituziok. 130 milioiko kostua izango ei du -lehen aurre-ikuspenetan- mega-proiektuak, eta besteak beste, espainiar gobernu zentralari 40 miloi aterata, antza, ordainduko da dena. Gainerakoa nondik aterako den, ez dakigu.
Ernai gazte antolakundeak ekainean egindako mobilizazioan azaldutakoak gure egin ditugu eta Euskal Herriko beste gune batzuetan egindakoaren antzera, gure eskualdea turismo-industriara soilik bideratu nahi izateak ezinegona sortzen digu.
Daukagun ondare natural eta historikoaren ustiapen ekonomikoa bultzatu nahi dute, gutxi batzuen interesei men egingo diena. Bigarren etxebizitzen zabalpen neurrigabea, alokairuen prezioen igoera, gentrifikazio arriskua, ur-baliabidearen eskaria areagotzea, garraio publikoaren bidezko mugikortasun-erronkak handitzea, ekosistema sentikorrenen gaineko arriskuak ugaritzea, kulturaren merkantilizazioa, lanpostuen prekarizazioa… Eta guztia, gainera, diru publikoz lagunduta.
Ba, ez.
Eztabaidari perspektibarekin heldu beharra dago eta garai honetako erronka eta eraldaketa prozesuek erakusten digutenari gainbegirada bat emanaz, egun ditugun egitekoak lehenetsi: krisi ekosozialak edota zaintzaren krisiak bestelako sistema produktibo eta erreproduktibo baten beharra eta urgentzia azaleratzen dute, eta egitasmo horietan murgiltzen ari diren mugimenduak –baita gure eskualdean ere- ehuntzen ari dira; trantsizio ekosozialerako proposamenak (bertoko basoen berreskurapena, energia-komunitateak, iraunkortasun-indizeak, deshazkunderako pedagogia…) edota azaroaren 30eko greba feminista orokorra, horren lekuko.
Osasuna eta modu duinean bizi eta artatuak izateko eskubidea kolokan dagozan honetan, zonaldeko ospitalean gaixo kroniko eta aringarrientzat oheak egotea urgentziazko inbertsioa da; eta ospitalea oheekin plataformak zein pentsionisten mugimenduek denbora daramate berau aldarrikatzen.
Erabaki politikoek urteetan bultzatutako industria-huste prozesuaren aurrean, balio erantsiko industria iraunkorrean arreta jarri, kooperatibismoaren eraberritzean sakondu (bizitza prekarioa sortzen duen azpikontratazioen gehiegizko erabilerak bere sorrera-filosofiatik urruntzen baititu), elikadura burujabetzan oinarrituriko lehen sektorerako apustu errealak egin, turismo jasangarrian ereduak izan, sostengarritasunaren hezkuntza-proiektuak (arautua eta komunitarioa) landu, euskara eta euskal kulturaren sistemarako arnasberritze estrategiak abiatu, inklusibitate politikak gauzatu…
Hor kokatu beharko genituzke politika publikoaren potentzialitatea eta inpultso komunitarioaren indarra eta baliabideak.
Lan duina, bizitza askea, zaintza publiko-komunitarioa, euskal kulturaren prestigiatze lanak eta naturarekiko orekak erdigunean dituen eskualde eredu baten alde gaudenok gehiengoa gara Busturialdean.
Egiturazko arazo errealei heldu eta eskualdearen erronkei erantzungo dien plana eraikitzeko baliabideak badaude, eta ditugun jakintza eta tresna guztiak bere zerbitzura jartzea dagokigu. Borrokaren bidez eskubideak eskuratu eta gurea dena defendatzeko determinazioa ardatz izan behar dugu.
Gu horretan gaude; eta egongo gara. Elkarlanerako prest, ekintzailetza sustatzeko asmoz, gehiengo sozialen alde. Busturialdean lan eta bizitzeko aldarriaren genealogia jaso dugu, ikasi dugu, transmititu digute. Begirada altxatu eta gaurko eta biharko Busturialdea balore berdinzale, komunitario, herritar eta eraldatzaileen gainean eraikitzeko gogoz gaude.
Inondik inora ez dugu onartuko elite pribilegiatuen eskuetan egotea gure oraina eta etorkizuna.
.
Ibon Meñika Orue-Etxebarria – Irati Omagoieaskoa – Ion Basurko
SORTU – Ernai – LAB Busturialdea
Busturialdean duin lan, aske bizi