Burlatako Udala eta euskara

Burlatako Udala eta euskara –

BURLATAKO UDALA ETA EUSKARA

Burlatako Udala eta euskaraBurlatako Udalak azaroaren 14an argitaratu zuen lan deialdi bat: Lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikarien zerrenda osatzeko.

Euskaraz jakitea eskatu zuen, Plantilla Organikoak halaxe agintzen baitzuen, eta lanpostua lehenbailehen betetzeko beharra zegoelako.

Hala ere, PSNk errieta bota zion Navarra Sumari horregatik. Alderdi honek dauka orain alkatetza eta PSNrekin batera gehiengo osoa dauka.

2019ko abenduaren 23an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu du Oinarrien errebokazioa.

“Ikusirik gobernu taldeak deialdi hori errebokatzeko agindua eman duela, berak egindako txosten batean oinarrituta. Izan ere, txosten horretan jasotakoaren arabera, deialdiak kalte egiten die zenbait laguni, euskara jakitea eskatzen duelako, nahiz eta lanpostuan ez zaion arretarik emango herritarrei eta nahiz eta Burlatan euskara gutxi hitz egin (herritarren % 72,9k ez du erabiltzen). Kontuan hartuta epaitegiek adierazitakoa, besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1982ko uztailaren 16ko sententzian. Haren arabera, ondoriozta daiteke administrazioek eskumena dutela hautaketa deialdiak errebokatzeko baldin eta bidezko kausarik badago eta hautagaiek oraindik ez badute inolako eskubiderik gauzatu esparru juridikoan. Ildo horretan, prozesuan parte hartze hutsa eskubide-itxaropena baino ez da, harik eta onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda onartzen den arte. Egintza hori –zerrenda argitaratzea, alegia– ez da egin”.

Lehen lauko gobernu taldearekin euskararen inguruko oro ez zen urre. Orain, ordea, euskararen inguruko orori ustel usaina. Administrazio elebiduna eratzeak kalte egiten die euskaraz ez dakitenei. Horixe argudio nagusia. Burlatako Udala, beraz, administrazio elebakarraren alde (gaztelaniaz, jakina).

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako emaitzen ondorioak euskaldunok jasan behar… Bizitza da. Petrala.

Burlatako Udala, bitartean, Plantilla Organikoa aldatu arte, lan-harremanetako eta arriskuen prebentzioko teknikaririk gabe.

Burlatako Udala eta euskara

Administrazioan Euskaraz Taldea