Bunkerrekoak
Bunkerrekoak
2016(e)ko urriaren 18an Berrian argitaratutako idatzia, Asier Azpilikuetaren eskutik.
Bunkerrekoak
Ez dakit zuek, baina nik aspaldi onartu nuen badirela nafar batzuk-batzuk nitarrak ez direnak. Badakit eremu geografiko berean bizi behar dugula, karrika berberak zapaldu behar ditugula, futbol talde bera hauspotu behar dugula, eta haiekin igogailuan eguraldiari buruz mintzatu behar dugula. Baina ez dira nitarrak.
Cordovillako egunkaria. Espainiaren batasuna. Mola eta Sanjurjo. Tradizionalismoa. Guardia zibila. Nazional-katolizismoa… Kontzeptu horien aurkakoa nauzue, baina gai naiz jakiteko Nafarroan badirela anitz eta anitz kontzeptu horiek sutsuki defendatzen dituztenak. Eta badakit halakoak ez ditudala sekula nire ideietara erakarriko, ez ditudala limurtuko. Ziur naiz horretaz. Eta uste dut politikoki aurre egin behar zaiela, eta ez zaiela gobernatzen utzi behar, iruditzen baitzait injustiziaz beteriko gizarte eredu mota bat bultzatzen dutela.
Duela urtebeteko Nafarroako aldaketa politikoa jende multzo horren aurka egin zen, bunker horren kontra. Eta bunkerrekoak aztoratuta dabiltza, oldartuta arras, aldaketako gobernuen kontra, botere politikoa berreskuratu nahi dutelako.
Hori guztia hala izanik, nola da posible behin eta berriz bunkerrekoen tranpetan erortzea? Edo zehatzago: zer arraio ari zen Nafarroako Gobernuaren Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen alorreko zuzendari nagusi Alvaro Baraibar bunkerrekoek aldaketaren kontra antolaturiko elkarretaratzean?