Orain arteko emaitza kuantitatiborik onenak lortu ditu Bularretik Mintzora egitasmoak

Bularretik Mintzora

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkarteak osatu berri du Bularretik Mintzora kanpainako 2013-2014ko ebaluazio txostena. Aurtengoan, Bularretik Mintzora kanpainan parte hartzen ari diren Arrasate, Laudio, Markina-Xemein eta Oñatiko gurasoen galdekizunak aztertu dira. Hala, ebaluazioa herri hauetan 2011-2012 ikasturtetik 2013-2014 ikasturtera egitasmoan parte hartu duten haurren gurasoei egin zaie. Alegia, 2011-2012an 3 urte zituzten eta 2013-2014an 5 urte zituzten haurren gurasoei. Ebaluatu diren 17 aldagaietatik, 12k izan dute hobekuntza, eta aldagai horien datu zehatzak Twitterreko txio bidez emango ditu Galtzagorrik abenduan.

Jakin nahi izan da egitasmoa herri horietan abian jarri zenetik zer nolako aldaketak eman diren gurasoen iritziz, haurren irakurketa ohituretan, hiru esparruetan: eskolan, etxean eta liburutegian. Guztira, 11 ikastetxeetako haurren gurasoen ia 600 galdekizunetan oinarritutako ebaluazioa da, beraz.

Emaitzei buruzko informazio zehatza zabaltzen joango da Galtzagorri abenduaren 11n hasi eta abenduaren 18ra bitartean. Astebetez, egunero emaitza baten berri emango du Galtzagorri elkarteak Twitterreko txioen bidez: @galtzagorri-lit.

Ebaluazioren txosten osoa www.bularretikmintzora.org web gunean egongo da ikusgai abenduaren 18tik aurrera.

 

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.