Bukatzen ari?

Bukatzen ari?

Guraso ikaragarri txintxoak ditut. Pandemia hasi zenetik ez dute lagunekin harreman presentzialik izan. Hau da, 2020ko martxotik. Denek txertoa jarrita izan arte itxaron nahi izan dute, arduraren arduraz. Gurasoek dagoeneko jaso dituzte txertoaren bi dosiak, baita beren lagunek ere, eta, beraz, laster ikusiko dute berriz elkar.

Eta, niretako, horrek erran nahi du hau bukatzen ari dela. Eta badakizue zer den “hau”.

Gero eta gertuago dugu 0 kutsatuko ametsa. Gero eta hurbilago dugu ospitaleak gutxi beteak egonen diren eguna. Iragan astelehenean zabaldu zituzten berriz ostatuen barnealdeak. Hurbilen ortziralean zabalduko dituzte azkenean peñak (220 egun geroago!). Eta dagoeneko agintariak hasi dira erraten laster bukatuko dela kanpoaldean maskara eramatearen zentzugabekeria.

Eta karrikan sumatzen da, sumatzen denez, gure artean gaurgero hasi dela pandemiaren makurrena bukatzen ari den sentsazioa. Zaila baitirudi borzgarren olatu bat sortzea.

Jakina, ezin gara erlaxatu (erlaxatzen garelarik oso txarrak baikara), eta adi egon beharko dugu, baina niretako, erran bezala, gurasoak berriz lagunekin egoteak adierazi nahi du hau bukatzen ari dela.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 19koa]

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.