brigadak10: “elkarlotuz”
Iazko udazkenean Pakito Arriaran hil zutela 25 urte pasa direla, euskal mugimendu internazionalistari begiratzean, harrotasunez esaten dugu bidea egiten ari garela eta azken urteetan aurrera pausuak ematen goazela nabari dela. Orain brigaden bidez, gure ildo internazionalistak, gure joan eta etorriko elkartasuna, elkarlotu nahi dugu, hara nola:
- Aurten Europara 3 brigada antolatuko ditugu. Europan, gugandik gertu, badira herriak beren independentzia eta aldaketa sozialen alde borrokan ari direnak, gainera, Euskal Herriak elkartasun gehien Europako herrietatik jasotzen du (berriki EHrekin IV nazioarteko elkartasun astean erakusti diguten bezala). Bi ildo horiek elkarlotu nahi ditugu. Euskal brigadistak Europako herri lagunekin, Italia, Sardinia, Grezia, Eskozia, Bretania… eta Euskal Herriarena Lagunak taldeekin harremanetan jarriz.
- Urtean zehar egiten dugun borroka/lan internazionalistaren zutabe nagusietako bat Palestinarekin elkartasuna jorratzea da, horretarako Palestinarrek eman diguten tresna BDS (Israeli boikota, desinbertsioa eta isunak) kanpaina da, eta horren barruan PACBI (Irakaskuntza, kultura eta kirol arloetan boikota). Euskal Herrian elkartasunez manifestuaren bidez landu dugu eta horren isla elkartasunez tourra izan zen. Bueltako bidea behar zuen tourrak, eta aurten Palestinara kultur brigada bidaliko dugu, nolabait pacbi eta elkartasunez elkarlotzeko.
- Gure brigaden 3. zutabea Abya-Yalan izango da. Bertan bi ildo nagusi jorratzen ditugu: prozesu bolibariarra eta jatorrizko herrien borroka. Bietan subirotasuna dago auzian: batean sozialismoaren bidean aurrera pausuak emateko eta bestean jatorrizko herrien subirotasuna berreskuratzeko. Bietatik daukagu zer ikasia eta bietan bilatuko dugu gure herriarentzat elkartasuna. Aurten gainera Abya-Yalako herri askoren (Kolonbia, Mexiko, Venezuela…) espaniar erreinuarekiko independentziaren 200 urte egingo dira eta hor ere beraien eta gure prozesuak elkarlotu nahi ditugu eta beraiekin batera oihukatu herriok independentzia!!!
Animatu eta idatzi zure izena eta herria Apirilaren 15a baino lehen: brigadak@askapena.org Hamaika herri, borroka bakarra!!!
Irudia | brigadak | Askapena | Creative Commons By SA