Bozkatu basoa, ez monolaborantza
Bozkatu basoa, ez monolaborantza –
Edu Zabala, Baso Biziak plataforma, NAIZen.
Bozkak hemen daude eta hainbat dira paper bat edo bestea kutxan sartzera eramango gaituzten argudioak; guk geure hariari tiraka basora begira jarri nahi zaituztegu.
Baina zer da basoa? Forestalistek «baso-landaketa» bezalako hitz bihurriak erabiltzen dituzte, bere monolaborantza justifikatzeko garai «berde» hauetan, baina errealitatea tematia da. Balkoira edota kalera atera bezain laster pinuen eta eukaliptoen landaketa izugarriek inguratzen gaituzte, baina hori besterik ezagutu ez dugu gutako gehienok eta normaltzat hartzen dugu.
Berde guztiak ez dira basoak, lagun, findu begirada eta erraz ohartuko zara hori guztia basamortu berdea dela, bioaniztasuna aspaldi lur horietatik kanporatu baitzuen. Gainontzeko ondorioak ere ez dira makalak: gehiegizko ur xurgaketa, lurraren higadura, suteentzako erregai aparta, osasun psikikoaren zein fisikoaren kalteak, zerbitzu ekosistemikoen ukazioa, eta hori guztia batuta kalte ekonomikoak sistema publikoan. Denon artean ordaindu behar ditugu monolaborantzak eta ezinbestekoa duen sistema guztiak (makinaria astuna, arraseko mozketa, pisten mantenua, etab) sortutako kalte ekonomikoak, irabazi handienak sektoreko enpresetan geratzen diren bitartean.
Norbaitek esan ahal digu: eta bozkatzeko papera eta propaganda zerez egina dago, nondik atera dela uste duzue, «iluminatu» halakoak?
Baso Biziak Plataformak onartzen du EAEko egur eta eratorrietarako monolaborantza mugatuaren beharra eta horregatik, jakiteko zenbat hektarea beharko genituzkeen gaurko kontsumoa ziurtatzeko, birziklaketarekin batera, azterketa bat egin genuen eta emaitza oso argia izan zen: gaur egungo monolaborantzaren azalera hiru lurraldetan %52a da (Araban %20,Bizkaian %78 eta Gipuzkoan %60) bertakoen %48aren aurrean. Gure azterketak dio aski litzatekeela monolaborantza azalera %14ra jeistea gure beharrak asetzeko. Hortik aurrera landatzen dena sektoreko enpresen irabazien mesederako da, ez gizartearen onurarako, argi gera bedi.
Hauteskunde kanpainan monolaborantzaren defendatzaileak perla batzuk errepikatzen ari dira behin eta berriro, komunikabideen laguntza apartarekin. Hona hemen batzuk:
Gipuzkoako Baso Elkarteak zera dio: «esta inminente ruptura de equilibrio en el monte guipuzcoano podría causar dentro de varios años un importante daño al conjunto de la sociedad guipuzcoana y parece que no somos conscientes de ello».
Nortzuk izan dira oreka hori 60 urtetan zehar hautsi dutenak? beraiek, Foru Aldundien oniritziarekin. Eta orain pinudien gaixotasuna dela eta Natura berreskuratzen ari denean, zer eta «Inminente peligro» etiketa jartzen diote. Larrua behar da horratio.
Eta Foru Aldundiez ari garenez hona hemen Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaia den Eider Mendozak dioena: Gipuzkoako %62a basoa da; ez, ez da basoa zoritxarrez, baina adierazpen horien atzetik dagoena zera da: Diputazio honek sortutako fundazio berri baten filosofia, beraiek «Basotik» deitzen diotena nahiz eta erregistroan ez den esistitzen izen horrekin, BSTK bezala baizik. Horren asmoa da makroenpresa bat sortzea sektorea kudeatzeko eta monolaborantzari laguntzeko hainbat argudio sasi-ekologistekin: CO2 xurgaketa, biomasa ekologikoa, beti ere laguntza europearrak eskuratzeko asmoz.
Baina asmo guztiak ez dira bihurriak izan Jaurlaritza aldetik, horregatik 1994-2030 Baso plangintza neurri batean defendatzen dugu geuk ere. Hor, 1989an sua hartu zuten 20.000 Ha. pinu zekarren arriskuetan oinarrituta, higadura handiko lurrak bereziki, garai hartako Jaurlaritzak plan hori diseinatu zuen 112.000 Ha. Baso Babesle moduan izendatzeko. Gaur da eguna Ha. bat bere ere ez dutela martxan jarri. Zeren zain zaude Jaurlaritza? aldaketa klimatikoa gainean dugu eta ez digu barkatuko.
Bukatzeko, gure ikuspuntutik ondorengo proposamen hauek kontuan hartu beharko genituzke M28an (bozkatzera bazoazte, behintzat): Espazio berdeak eta korridore ekologikoak handitzea, kontserbazio basoak errespetatzea( azterketa hau Gipuzkoako Foru aldundiak plazaratu du jada), gure iturriak eta akuiferoak ziurtatzea, baso jangarriak lehen sektorearekin batera garatzea, hurbileko baso ekoizpen jasangarria ziurtatzea. Beraz, basoa ala monolaborantza bozkatuko duzu? Guk oso garbi daukagu.