Bost apunte U21 eta pronostiko intuitibo bat

1.Non du EHBilduk sabaia? Lehen indarra izan ala ez, historikoak izango dira koalizio soberanistaren emaitzak. Bildurekin hasi, Amaiurrekin jarraitu eta EHBildurekin orain, koalizioaren apustuak herritarren babesa baduela erakutsiko dute, euskal politikaren erreferente eta ardatz ezinbesteko izateraino. Lourdes Perez, Diario Vascoko zuzendariorde eta analista politikoak ere horrela berresten du. (@ionansa medio)

Baina harrigarriagoa da garapena, duela bost urte Ezker Abertzalea ze egoeratan zegoen gogoratzen bada: ilegalizazioak, jazarpena, atxiloketak, hautagai kutsatuak, izen ezberdinekin birsortzeko hainbat saiakera… Azken hiru urtetako garapena abiapuntu horretatik ikusita, bere balorean jartzekoa da. Egun Bilduk 1.000 zinegotzi baino gehiago ditu, Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzen du eta Amaiurrekin 7 parlamentari lortu zituen Madrilen.
Baina garapen hori ez ezik, goia jo ez duenaren sentipena du jendarteak, eta ukitu gabe dago EHBilduren sabaia. Dena dela, inork pentsatu bazuen Bilduren emaitzak salbuespenezkoak zirela, Amaiurrekin eta EHBildurekin norma bihurtzeko bidean dira.


2.PSE eta PPren itxiera ekitaldiak. Hauteskunde kanpainaren zentzua berpentsatu behar denaren zalantzarik ez dut. Mitin eta bestelako ekitaldi ororen zentzua garai hauetan zein den zalantzan dago. Zentzu horretan kokatuko nituzke kanpaina itxierako ekitaldiak ere. Baina harrigarria egin zait, PSE eta PPren kasuetan, euren alderdietako ordezkari “nazionalik” ez izatea euren ekitaldietan. Galizian zeuden guztiak. Zergatik?
3.Nork gidatu du PPren estrategia?“Zu ez bazoaz beraiek irabazten dute”leloan oinarrituta egin dute kanpaina. Alde onik izan du eurentzat, aurkakotasunean oinarritutako kanpaina egin dute, independentziaren aukera errealaren “mehatxua”ri loturik, eta horrek Raxoiren murrizketa eta kudeaketaren defentsa zaila egin behar izatetik salbuetsi ditu. Baina EAJri ere kanpaina egitea ekarri du, mehatxuari (EHBildu) erantzuteko aukera politiko errealean EAJ bati. Ez du zaindu bere mezuaren jarraipen logikoa, PP ez baita alternatiba “erreala”. Halere, boto emaile fidela du eta eutsiko dio, baina ez mezuagatik.

4.EAJ zentralitatea ikusaraziz.Zentralitatearen bidetik jokatu du, Urkullu kudeaketaren diskurtsuan eroso kokatuz. PSE eta PPren boto poltsak arakatzera bideratutako diskurtsua egin du, eta EHBilduri begira, ahalik eta gutxien galdu nahian, autonomia gehiagoren diskurtsoa elikatu du modu anbiguoan. PSErekiko kritikak ere ez dira espero bezain gogorrak izan, jeltzale eta sozialisten artean iragartzen den akordioa begipuntuan. Ikustekoa izango da EAJk jarrera horri eusten dion igande gauean lehen indarra ez bada.
5.Genero faktorea. Lehen emakume lehendakaria izateko aukera du Laura Mintegik. Lehena izango litzateke historian. Ez nuen ikusi, baina badakit horren aipamena egin zuela EiTBko tertuliaren batean. Ez da detaile ezdeusa.

  • Pronostiko bat, beste edozein bezalakoa. Nire #hautesporra: EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, EHBildu bigarren EAJk 2 eserlekuko aldea aterako diolarik. PSE 15-13 eta PP 10-9. Ezker Anitza eta UPyDren artean hiru eserleku. Argi parte hartzearekin, euria iragarri dute. Ea nor kaltetzen duen horrek.

 

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

Zer duzu buruan “Bost apunte U21 eta pronostiko intuitibo bat”-ri buruz

  • Zure pronostikoa ikusita, ez dakit zergatik, kantu bat etortzen zait gogora: “Urruti nire menditik, joan nintzen dirutu nahirik…”, tralalalalalai!