Borroka da bide bakarra

Borroka da bide bakarra –

Ponentzian negoziazio kolektiboa alorrean dauzkagun erronkak azaldu behar ditut. Eta euskaraz ari naiz. Euskaraz ari naiz eta naturala eman dezake, baina ez da hala. Gure herrian erdararen ezagutza bermatuta dago, Auzitegi Gorenak Kataluniako eskolei begira kontrakoa inposatu nahi duen arren, baina euskararen ikasteak kasu askotan esfortzu indibidual izugarria eskatzen du. Horren ondorio da gaurkoan zuetako askok Kongresua jarraitzeko itzulpen aparatuak behar izatea, horrek suposatzen duen esfortzu guztiarekin.

Borroka da bide bakarra

Euskara, hegemonia kulturalari aurre egiteko

Kapitalismoa ez da soilik sistema ekonomiko bat, balio zehatz batzuk hedatzen dituen sistema kulturala ere bada. Eta, besteak beste, hizkuntza hegemonikoak inposatzen dituen sistema da, askotan modu oso sotilean egin arren. Gu sinistuta gaude mundu alternatibo bat eraikitzeko hizkuntza alternatibo bat behar dugula, hegemonia kulturalari aurre egiteko hizkuntza kontrahegemoniko bat behar dugula.

Oinarrizko eskubide sozial eta politiko bat ari gara aldarrikatzen, euskaraz bizi ahal izatea. Eta gure kasuan, bereziki, euskaraz lan egiteko eskubidea berma dadila. Ez dugu gehiagorik eskatzen, ezta gutxiagorik ere. Horrek gure negoziazio kolektiboko lehentasun bat izan behar du.

Kontraboterik, mundu berri bat

Ze gu kontraboteretik ari gara mundu berri bat eraiki nahian. Hor kokatzen dugu eredu produktiboaren aldaketa ere. Aldaketa badator, baina guk aldaketa langileon interesetatik gida dadila nahi dugu, eta ez multinazionalen dirugosearean esanetara. Planetaren mugekin bat egingo duen eredu ekonomikoa behar dugu. Herritarren beharrei erantzungo dien eredu produktiboa behar dugu. Bizi baldintza duinak bermatuko dituen enpresa eredua behar dugu. Eta eredu honen eraikuntza demokratikoa izatea behar dugu.

Eraldaketa digitala ere horrela bakarrik ulertzen dugu, ezaugarri horiekin. Ezinbestean badator, baina eraiki dadila burujabetzan oinarrituta. Euskal langileok gidatuta eta langileontzako eraldaketa da behar duguna. Kapitalak bestelako interes batzuei erantzuten dio. Horregatik da onargarria enpresari eta administrazioentzat langileak lanean gaixotzea edo hiltzea. Dirua irabazten duten bitartean gu gaixotzea edo hiltzea albokalte bat besterik ez da. Aurten jadanik 57 hildako daramatzagu lantokietan. Pandemiak inoiz baino argiago erakutsi digu ere langileek ze balio gutxi dugun.

Bidelagun sortu dugu gaixotzen gaituzten enpresek gure osasunaren kontura dirua irabazteari utzi diezaioten, dirua gal dezaten, garesti atera dadin gu gaixotzea. Eta horrela gure lan osasuneko arloak formazioan eta ekintza sindikalean paper aktiboago bat izateko aukera izan dezan.

Borroka da bide bakarra

Ertzetan daudenak, negoziazio kolektiboaren erdigunera

Kontraboterea egitea erabaki dugu. Okerren daudenetatik hasita bakarrik eraiki ahal izango dugu hegemonia berri bat, langile klase guztiarena. Gure negoziazio kolektiboaren erdigunean behar ditugu ertzetan daudenak, baztertuta daudenek sindikatuaren erdigunean beren burua ikusita bakarrik lortuko dugu gehiago izatea, botere gehiago borrokatu ahal izatea.

Eta ertzei begira gizartearen erdia dugu, hor zaudete emakumeak: negoziazio kolektibo feminista egitea aldarrikatzen dugu, emakumeen aldarrikapenak eta pairatzen dituzten arrakalak lehen lerroan jarri nahi ditugu. Eta diskriminazio horien artean bereziki soldata arrakala borrokatzea eta zaintzaren publifikazioa ezarri ditugu erronka nagusi bezala.

Adi ez bagabiltza, sindikatua despistatuta harrapatzen badute, ertzetan daudenak langile klasearen gehiengo izan daitezke. Emakumeez gain, ertzetan, zokoratuta, aurki ditzakegu gazteak, migratutako pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak edo disidente sexualak.

Aberatsak arriskutsuak diren gutxiengo bakarra

Orain gutxi Miren Artetxe bertsolariak ondo azaldu duen moduan, Aberatsak dira arriskutsuak diren gutxiengo bakarra. Guk beste gutxiengo guztien erreferente bilakatu nahi dugu. Pertsona hauek denek beren burua sindikatuan ondo ordezkatua ikustea behar dugu, eta horretarako beren aldarrikapen eta kezkak lehen lerroan behar ditugu.

Lan munduaren ezaugarriak gero eta gehiago soldata baxuak, egonkortasun eza edo gaixotasuna badira, ELAk horiei aurre egiteko tresna eraginkorra izan beharko du.

Asko egin dugu. Lan munduan ziurrenik inork baino gehiago, eta, hala ere, gehiago behar dugu. Ezin da prekaritatearen kontrako plangintzarik ez duen enpresarik izan. Eta prekaritateari aurre egin nahi dion langilerik bada ELAk antolatzen lagundu behar dio, eta horrek gure antolakuntza ereduan aldaketarik ekarri behar badu halaxe beharko du izan.

Langile prekarioen etxea

Sindikatu hau prekaritatearen kontrako tresna eraginkorra izango da ala ez da izango. Langile prekarioen etxea izango da ala ez da sindikaturik izango. Hau da gure erronka estrategiko nagusia negoziazio kolektiboan. Helduko diogu eta ondo koipeztatutako makina izango gara enpresari prekarizatzaile eta esplotatzaileen aurrean.

Hau dena egingo dugu gure nortasunaren zeinu nagusiak mantenduta. Euskal herrian bada sindikatu bat gai dena oso erradikala izateko, eta, era berean, pragmatismo osoz langileei irabaz ditzaketen borrokak planteatzeko. Beharrezko dena dugu erronka hauei denei aurre egiteko. Sindikatu autonomo bat, inori men egiteko beharrik ez duena. Erresistentzia kutxa indartsua borrokak eutsi ahal izateko. Prestatutako jendea egoera hauei aurre egiteko, ekonomilariak, abokatuak, lan osasuneko teknikariak edo arduradun politikoak. Eta pertsona ondraduz betetako erakunde bat.

Osagai horiekin bakarrik uler daiteke Tubacexeko garaipena, edo H&Mkoa, edo Bizkaiko zahar-egoitzetakoa, edo Itunpekoko hezkuntzakoa, hainbat polikiroldegietakoa, etxez-etxeko laguntza zerbitzu askotakoa, Ermuko udaletxeko garbikuntzakoa… Eta horregatik irabaziko dugu Novaltian, Vulcanizados Zuloagan eta soldata arrakalaren kontra greban garbikuntzako esparru guztietan.

Grebari eta gatazkei beldurrik ez dion sindikatu bat

Patronala ez da aldatu, soilik grebak deitu ditugunean, gatazkak hazi direnean mugitu dira. Eta hemen grebari eta gatazkei beldurrik ez dion sindikatu bat dugu. Hurrengo lau urteetan ere: Inork gozatu nahi badu enpresari esplotatzaile bat izorratzen, hemen izango du ELA. Inork multinazional bat amore ematen ikusi nahi badu, beste inon ez bezala, hemen izango du ELA. Inori irribarre gaizto bat ateratzen bazaio inposaketan oinarritutako politikariei loa kentzen, hemen izango du ELA. Eta inork amets umelak baditu dirutza irabazten duen enpresa bati greba bat antolatzen dionean, hemen izango du ELA.

Guretzat lana eta nekea ez dira zorionaren alaba (Arestiren hitzak hartuta), gure zoriona grebak dakar, gatazkak, mobilizazio batek- Gatazka ez da problema bat, gozamen iturri da, esplotazio eta prekaritatean oinarritzen diren enpresari eta politikarien aurrean.

Ez dugu barkamenik eskatuko, harro gaude Europan greba gehien egiten den lurraldea Euskal Herria delako. Nola ez gara harro egongo prekaritatea hedatzen ari diren enpresariei erantzuteko prest dauden langileak antolatzen ditugulako? Errekor hori da ELAren ekarpen behinena, hori delako ELAren militantziak gizarte justuago baten alde egiten duen ekarpen nagusia.

Eta hurrengo lau urteetan are ozenago aldarrikatzen jarraituko dugu borroka dela bide bakarra. Gora ELA!

Borroka da bide bakarra Borroka da bide bakarra Borroka da bide bakarra Borroka da bide bakarra Borroka da bide bakarra Borroka da bide bakarra Borroka da bide bakarra

ELAko euskara arduraduna

4 pentsamendu “Borroka da bide bakarra”-ri buruz

  • Beñat Castorene 2022-01-22 18:16

    Peio,
    Zure ponentzia ideiaeta xede onez betea da, adi bidez, prekarioei, lan baldintzei eta enpresan euskara erabiltzeari buruz. Izan ere:
    Prekarioak beti ahantzixeak izan dira langile untsa kokatuen aldean.
    Lan baldintzak ( batez ere erabakigarria den lanaren antolaketa tekknikoa) pasatzen dira kontsumitzaileen eta akziodunen onuraren ondotik baita soldaten emendakete ondotik.
    Lanean euskara erabiltzearen arazoa da ( besteen artean) erabakigarria bezain zaila.
    Zure borroka justua da baina arazoa da patronalak daukala produkzioaren eta lanaren kudeaketa finantziario eta teknikoaren gaitasun eta ardura.
    Horregatik zuen jarduera sindikala garrantzizko izan arren, mugatua izango da bere izaitez berez.
    Zergatik zuen ideia eta xede on horiek oro ez aplikatu zuehaurrek asmatu eta kudeatutako esperientzia berritan?
    adeitasunez

  • Lasaitu hadi motel!

  • Kaixo Beñat!

    Lehenbizi, kontuan izan testu honetan azaltzen dena sindikatuaren Kongresuko mitin bat dela, eta ez ponentzia idatzi bat.

    Eta egiten duzun iruzkinari buruz: Gu sindikatua gara, eta eraginkorrak izan behar dugu langileak esplotatzen dituzten guneetan, lantokietan. Horretaz gain, alternatibak eraiki nahi ditugu, badakigulako gure erantzun dinamikak mugak dauzkala, langileen artean aipatutako alternatibak eraikitze aldera erantzun mugatu horiek ezinbestekoak badira ere, besteak beste gai zehatzetan (berriz ere diot, era mugatuan) konponbide zehatzak eskaintzen dizkielako (eta egoera horiek pairatzen dituzten langileentzat hori oso garrantzitsua da) eta sindikatuari sinisgarritasuna ematen diotelako langileekin proiektu sakonagoak sortzeko. Aipatutako alternatiba horiek beste eragile batzuekin landu nahi ditugu, eta gustatuko litzaiguke, baita, krisian dauden enpresa batzuk langileek esku uzteko izan dugun esperientzia garatzea eta hobetzea.

    Eskerrik asko iruzkinarengatik!

  • Benat Castorene 2022-01-24 14:28

    Eskerrik asko zuri Pello;
    Argi nuen kongresuaz ari zinela eta zuk erabili lehen hitza erabili nuen, “ponentzia” alegia. Beharbada “txosten” hitza hobeago izan zen.
    Zure erantzuan nahikoa zait. Urrengo arte.