Borroka da bide bakarra

(Euskadi Irratiko arratsean saiorako idatzitako testua)

Ebola adituek hala eskatuta Madrilen izan naiz pasa den astean, eta burukomin arinaz gain, beste sintoma kezkagarririk gabe, trenaren taka-taka-taka iradokitzaileak lagunduta egin nuen asteburuan itzulerako bidaia. Gauzak zer diren, trena martxan hasi orduko nire alboko eserlekuan eseri zen, lehenengo Twitterren ezagutu eta geroago kontzertu batean desbirtualizatu nuen erdi-lagun horietako bat -bat diot, ez baita kasu bakarra-, laupabost esaldi soilik trukatu ditugun arren komeni baino gauza gehiago dakizkiena. Bost minutu nahikoa izan zituen Loreak filmaren sari falta eta Atxagaren sari zalantzagarria salatu ostean, irratsaio hau bera aipatzeko:  “Aizu, Euskadi Irratian egia berdaderoak esan behar omen dituzue Kepa eta biok. Datorren astean zure txanda izango da, ezta? Ea zerekin harritzen gaituzun”. 

“Bai bai, egiak besterik ez. Behinola Roberto Bolañok esan zuen moduan: fikzioak errealitatearen korapiloak erakusten dizkigu, baina egiak du soilik gu harritzeko gaitasuna”. Halaxe erantzun nion, Bolañoren ahotan jarritako aipu faltsu horrek nire ziurgabetasuna ezkutatuko zuelakoan. Segidan, barkamena eskatuz baina telebistan ematen ari ziren film amerikar ezin kaskarragoa ikusi nahi nuela argudiatuta, aurikularrak belarriei itsatsi eta eten egin nuen Urko Aristiren aurreikuspenen arabera bide txarretik zioan hitz-aspertua.

ojo

Zorionez, hizketarako adinako abilezia erakutsi zuen lo hartzeko ere, eta beste bost minutu igarotzerako, zurrunka kontzertuan murgildu zen bidaide okasionala. Orduantxe, taka-taka-taka onomatopeia bihurtzen jakingo ez nukeen beste giza zarata horrekin nahasten zen bitartean, albokoari esandako gezurraz hausnartzen hasita, zera bururatu zitzaidan: 

Gehiegitxo izango dela egiak asmatzen hastea, eta akaso, nahikoa gai, lan eta meritu izango dugula parrandatara moleskinea eraman eta batak eta besteek esan eta egindakoak hona ekartzen baditugu.

Euskal kultur-jendea deritzogun tribu urbano zorionez gero eta orokortezinagoan, tabernazulotan eta goizeko ordu txikitan soilik esaten baitira egia berdaderoak. Gauza jakina da: behinola bloga ireki zuenetik kritikari denak Berriako zutabean txalotutako musikaria egurtzen du Gasteszena itxi eta, beste aterperen baten bila abiatzen denean; Palentinoko gintonik artean, idazle eta idazkurle kuadrilaren iruzkinek negar malkotan jartzen dute, behea jota, Durangoko Azokan ale gehien saldu dituen idazlea; eta bertsolariak bera baino bertsolari laudatuagoaren azpijoko, afizio eta adikzio ilunak kantatzen ditu, nahi duen doinu eta neurrian, ostegun usaineko ostiral goiz gasteiztarretan. 

Tarteka blog eta microblogetara heltzen diren eztabaidak ere ez dira elektro-latinoak estalitako borroka epiko horien ohiartzun urardotua besterik. Solasaldi moderatuak tenkatu eta pozointzen hasi orduko tabernazulotan nola zitatzen diren egiaztatu besterik ez dago. Bertan, erdi-folkloriko erdi-kosmopolita diren tabernatan, lehenengo zurruta egin orduko hasten da herri xeheari ukatzen zaion dardo eta ukabil festa. Halakoen testigu izan denak badaki, ez dago espektakulu fisiko eta intelektual horrekin aldera litekeen ezer, ez San Mameseko derbiak, ez Jon Juaristiren hitzaldiak, ez poesia errezitaldi musikatuak eta ezta, sikira, Sortuko Dira Besteak gisako ekimenak ere.

Akaso, fikzioa, autofikzioa, ironia eta new sincerity-a bera ere alboan utzita, bada meritudun eta meriturik gabeko orotariko zutabegileok euskal kulturaren aurpegi ilun eta entretenigarriena argitara ateratzeko garaia. Horixe baita populuak jakin nahi duena: Noiz salatuko ditu norbaitek elkar bono eta txartela beltzen azpikeriak? Zeintzuk ote dira Garoaren sotoko negozio ilunak? Egia ote da Joseba Baleztena izendatzen dugun hori txandakatzen diren bi anaia biki direla? Norenak dira Etxepare Instituko komunetan maizegi entzuten diren plazer oihuak?

Alegia, biziraungo badu, zortzi abizen euskalduneko euskal kulturak behar duela bere Garcia Marquezen begi ubeldu propioa, behar dituela bere Zizek eta bere Chomsky, eta behar duela, ezinbestean, Klaudio Landak gidatutako saioetako hizketagai izan. Horixe izango dela, izatekotan, gure erronka berdaderoa.

Sasi-gogoeta horietan murgilduta nintzen, jada Gasteizera ailegatzen ari ginela, zurrunkak eten eta alboko twitter-laguna iratzarri zenean. Ordurako amaitua zen film kaskarregia ere, eta sahiestezinki, elkarrizketa berrekin behar izan nuen.

Ordu eta erdiz jasan nuen jasan beharrekoa ahalik eta aurpegi txukunenarekin. Gero, Donostian trenetik jetsi aurretik, eta belarriak odoletan, gaur egia eta ez besterik esateko asmotan etorriko nintzela agindu nion. Hori bai, urriaren 25ean Jazzpana festen zitatu gara, badaezpada ere, halakoak tabernazulotan eta ordu txikitan esaten baitira soilik.

NIRE KONTRA ESANAK