Bolivarren egiazko ametsen bila
Bolivarren egiazko ametsen bila –
Amatiñok bere blogean.
“Besterik sinestarazi nahi izan diguten arren, Bolivarren irudia ez da jarri bolivarismoaren mesedetan, chavismoaren eta beste hainbat egitasmo populisten zerbitzutan baizik” (El sueño de Bolivar y la manipulación bolivariana. Carlos Malamud. Alianza Editorial, 2021).
Carlos Malamud historialariak Hego Amerikaren independentziaren nondik norakoa nahiz Simon Bolivarren garaia, pentsamendua eta xedeak aztertu ditu, azken hogeita bost urteotan hartaz propio zabaldu diren aldarri eta mezu politikoekin gurutzatu, eta, ondore adierazgarri nabarmenik laburbiltzekotan, zera: Bolivar sozialismoaren aitzindari gisa aurkeztea eta, hartara, Che Guevara eta Hugo Chavez politikarien kate berean kokatzea, zail onar daitekeen pasadizo antihistorikorik handienetakoa dela.
Malamuden ustez, Bolivar militar pragmatikoa izan zen eta, funtsean, lehen eta behingoz nahi izan zuen Venezuelaren zein inguruko herrialdeen independentzia lortu eta Inperio espainiarraren hondamendiak hankaz gora utzi zituen lurraldeak bildu, haratagoko integraziotara iristeke. Areago, ezin omen zaio Bolivarri garaiak eman ez lezakeena eskatu, Europar Batasuna Napoleoni leporatzerik ez legokeen bezalaxe.
Historialariak ez du inondik ere zilegi jotzen duela berrehun urteko aldarrikapen eta pentsamoldeak egungo irizpide politikoez baliatu nahi izatea. Datu berriak azaltzen diren heinean, historia beti “berrirakurri” omen daiteke, baina honek ez omen du esangura onargarri denik komeni diren esaldiak garai bakoitzeko testuingurutik ateratzea, historian zehar langaz langa jauzi egin eta, egungo ikuspegitik, unean uneko interes politikoen araberako zentzuan irakurtzea. Malamuden aburuz, Bolivar ez da zuria ala gorria, aida eta isoko gizona da. Bolivarren gomutak osorik gogoratzea eskatzen du.
Katedradunaren iritzitan, historiak gainditu ezinezko marra gorriak dira Bolivarren izenaz jabetzea eta jakineko mugimendu politikoa haren patronimikoaz bataiatzea; are XXI. mendeko sozialismoaren eta Estatu Batuen kontrako antiinperialismoaren igarletzat Bolivar bera proposatzea ere.
Beste modu batez esanda, XIX. mendearen hasieran ezagutu ere ezagutzen ez ziren pentsamoldeak nekez izan omen daitezke Bolivarri nahieran ezar dakizkiokeen ezaugarriak. Hau da, eztabaidan dagokeena ez omen da Bolivarren aldeko zein aurkako balioespen bat edo beste haren onerako ala txarrerako gerta ote liratekeen, era batez nahiz bestez faltsukeria soila baino ez direla baizik. Jakinean eta apropos egindako faltsukeria interesatuak. Eta ez, oro har, Bolivar izan zenaren faboretan.
Bolivarren egiazko ametsen bila