Bolborategia badago eta lehertzear egon daiteke (baina ez da lehertu) (M15 eta IV)
Batek daki ezkutuko ze arrazoirengatik, baina eszeptizismoz jarraitu dut mugimendu hau. Nondik sortzen zen ondoegi ez nekien jakin eta horretaz gainera mesfidatia naiz “mugimendu espontaneo eta antolatuekin”: nola antolatu daiteke ustez berehalakoa dena? Eta barka zeharka Argala aipatzea, baina antolatu (batez ere, estrategiarik gabe) gabe lortu ote dezake proposatzen den helbururik?
Ez dut Donostian edo Iruñean burutzen ari diren kanpaldiak ikusteko aukerarik izan, baina hauek boteprontoan otu zaizkidanak, Ana Malagonek Pravda Txikian egindako post-etik abiatuta, eta, esan bezala, Bilbon ikusitakotik.
- Espainia/Euskal Herria: Neuk ere Malagonek susmatzen duen desafekzio bera (lehenago aipaturiko eszeptizismoari loturik) dut Espainiarekiko eta Espainiatik datorrenarekiko. M15 eta DYR Plaza del Soletik datorren mugimendu gisara ulertzen bada, eta ez hemengo arazo korapilotsu bati erantzun eta nazkatzeari erantzuteko, haserretu abertzaleak nekez egingo du bat mugimenduarekin. Nekez diot, kanpatuen aldetik ere ez delako ahaleginik egin urtetan eta urtetan beste hainbat motiborengatik mobilizatu izan den eta gizartearekiko kontzientzia kritiko bat jada garatua duen jendea gehitzeko, nahiz bertara batzeko deialdia zabala izan eta arazoa soziala eta globala.
- Espainia/Euskal Herria II: Bilbotik Bilborako eta Donostiatik Donostirako protestak dira ala Madrilen hasitakoen adar bat soilik? Nori erantzun nahi diote: Madrilgo politikariei, autonomikoei, Foru Aldundikoei ala guztiei batera eta inori ez? Espainia baldin bada bere protesta markoa, eta ez Donostia edo Bilbo (eta inguruko demokrazia eta politikariak), oinarri-oinarrian zail du kontzientzia abertzaleko herritarrekin bat egitea, gorago aipatu bezala. Eta leku batzuetan, hauteskundeetan erakutsi denez, sentimendu kolektibo abertzale hori gehiengoa da. Gai honetan arazo identitario-politikoari itzuri egin dakiokeela uste du norbaitek?
- Espainia/Euskal Herria III (identifikazioa): Malagonek dio: “Euskaldunak amorfotasunean gaizki moldatzen gara. Mesfidati egiten gaitu. ?Hauek nire taldekoak dira ala ez??, galdetzen diogu geure buruei. Eta zalantza izpi txikienaren argipean, etxean gelditu. Agian sektarioarena oso fuertea gelditu zait. Jar ezazu ?partidista? horren ordez. ” Alegia, argudio arrazoizkoez gainera, behar dugula identifikazio pertsonal, kolektibo, sentimental, irrazionalago bat mugimendu batekin, haren storytellinga osatzen laguntzeko, indartzeko. Mugimendu honek ez duena, momentuz, Euskal Herrian.
- Gaztelania, beste hizkuntzak eta euskara: Mezu paisaiari erreparatzen hasita, Bilbon bederen, harrigarria euskararen presentzia eskasa. Kartel batzuetan portugesez eta galegoz mezu gehiago zeuden euskaraz baino. Nori zuzendua dago protesta eta nor gehitu nahi dute? Horrek ere nire eszeptizismoan lagundu du.
- Akanpada vs iraultza. Spanish revolution deitu zaio, baina Quim Monzok dioen bezala, momentuz kanpaldia besterik ez da. Alegia protesta da, ez du kritikatzen dutena aldatzea lortu (eta ez dago aldatzeko egutegi edo bide-orririk, ez eta programa sendorik ere). Momentuz haserre erakustaldia da. Sendoa, hori bai.
- Egutegia aurka. Pasatzen den egun bakoitzeko mugimendua ahulagoa izango denaren susmoa dut. Ez mugituko duen jendearengatik soilik, oihartzuna izateko gaitasuna galduko duelako eta paisajearen parte bilakatuko delako baizik, salbuespen beharrean, bere mezu guztia neutralizatuz.
- Mezua. Atzo karteletan eta eskupaperetan irakur zitekeenagatik (asanbladan ez nintzen izan), lehen aipatu moduan programa garbirik ez dago. Dena da lausoa, kontraesankorra, anbiguoa eta anitzegia, kohesioa ezinezko eginez eta artikulazio eraginkor bat ezinezko bilakatuz. Momentuz haserrea slogan batzuetara laburtua dago eta norbait adierazpenak egitera atera izan den bakoitzean, gainera, mugimenduak kontrakotasun handiagoa sortu du sare sozialetan, bere kontraesanak bistaratzen direlako (apolitiko izaera, hauteskundeetan jarrera garbi bat hartu ez izana…)
- Komunikabideak: Espainiako komunikabidetan Madrilgo protestak hartu du nagusiki garrantzia, eta Bartzelonakoak ere bai, apur bat. Gainerakoek tokian tokiko komunikabideetan izan dute eragina, eta Euskal Herrian Donostia, Bilbo, Iruñakoek gero eta gutxiago dute. Berriketan-en bidez jarraitzen dut nik Madrilgoa.
Amaitzeko, erabat bat egiten dut Ana Malagonek dioenarekin, puntu honetan:
“Badu puntu naïf bat. Badu ?ea noiz etorriko den hau dena hondatzera? puntu bat ere. Badu ?honen guztiaren atzean esku zitalen bat egongo da? puntua. Eta noski beti dago hor ?honekin ez goaz inora? puntua. Baina denbora daramat erantzun baten eske, niretzat erabat suntsituta dagoen sistema baten aurrean. Eta hau zuzena, okerra, espainolena, gaztetxo inuxente batzuena, edo nahi duzuenena, baina erantzun bat da. Pataletaren eskubidea bermatu beharko luke Giza Eskubideen deklarazio orok.”
Nire eszeptizismoak eszeptismo, poztu naiz mugimenduarengatik: demokrazia eta klase politiko jakin batenganako gizartearen haserrea indartu du, sentimendu kolektibo gisara egituratuz eta asperdura hau jendartearen zati handi batena ere badela (babes handia lortu du plazetatik kanpora ere, hitzez bada ere) erakutsiz.
Baina kritikatzen duena irauliko al du? Ba al da haserreaz harantzagoko proposamenik?
Behin haserretuta, akaso egongo dira Stéphane Hesselek idatzi behar omen duen bigarren liburuaren zain. ‘Indignez-vous’idatzi ostean, haserrea nola bideratu azalduko duen bigarren bat idaztekotan omen da eta… Guztiz ados kontu identitario-politikoak identifikazioan ez duela laguntzen. Edonola ere, hasarretzea bera zerbait bada gaur egun, nahiz eta nahikoa ez izan. Hasarretzekoa soilik ez, harritzeko gaitasuna ere galdua genuelakoan nintzen, eta harritu ezean…
Gaur Euskadi Irratian ere nabarmendu da nola egin zaion saihets euskarari; bereziki, Donostian. Bertan egondako baten arabera, euskararen ingurukoa eztabaida beroenetakoa izan zen, autodeterminazio-eskubidearen ingurukoa bezalaxe. Zer dago, bada, euskararen inguruan eztabaidatzeko? Euskara “ez-erabiltzeko eskubidea” da aldarrikapenetako bat, ala? Bitartean, adi-adi “Sol”-en zer esango…
Ba guztiz ados nago zuk ekarritako iritziekin. Ni neu bilbotarra naiz eta hiru aldiz edo egon naiz arratsaldeko 8retako asanbladetan/batzarretan/dena delako horietan. Eta gehienez jota 30 minutu aguantatu dut bertan. Arrazoiak:
– Euskal Herria/Espainia: ados zuk esandakorekin. Uste dut mugimendu hau guztiz espainola dela, eta beraz ez duela eragin berbera izango EHan. Gainera uste dut egoera ez dela berdina EHan eta Españan. Hemen ere badago korrupzioa (leku guztietan legez), baina ez españako mailan. Gure ekonomia ezberdina da, dibertsifikatuta dago eta langabezia %10ean dago. Hezkuntzan eta gizarte mailan zerikusirik ez Espainarekin. Gure politikariak ustelak izango dira, baina Españako klase politikoa…. zeresanik ez. Utse dut mugimendu honek Euskal Herriaren eta beste nazioen existentzia bera ere ukatzen duela, erreferentziarik ez du egiten gure arazoari buruz eta eskatzen dutn proposamenen artean hauteskunde legea bera ere aldatzea dago. Hori gure eta Kataluniaren kalterako da.
– Euskara: kartel pare bat izan ezik, eta noizean behin baten batek botatzen duen diskurtsoa izan ezik, ez dago euskararik batzar hauetan. Penagarria nire ustez, eta penagarriagoa Donostian gertatutakoa.
– Eta azkenik, ondo deritzot kexatzeari eta norberak indignatzen duena azalarazteari, baina ibilbide konkreturik ez badago eta proposamen zehatzak ez badaude, mugimendua antolatzen ez bada, ezerezean geratuko da. Eta hasi gara ikusten indarra galtzen doala. Denborak argituko.
Azken aldian duda bat sartu zait egungo hauteskunde legearen inguruan. Egungo sistemak PNV eta CIU bezalako partidoek Madrilen tokia izatea bermatzen du eta IU bezalako alderdi espainiarrei, aldiz, talde parlamentario propioa izatea eragozten die. Benetan hau gure mesedetan al da? Ez zaizue iruditzen PNVk Euskal Herriaren eraikuntzan izan (ohi) duen jarrera epela hein handi batean Madrilen duen boterearen ondorio dela? Iruditzen zait hasiera batean abertzaleen alde jokatzen duela dirudien hauteskunde lege horrek funtsean kalte egiten digula, haurrak negarrik ez egiteko gurasoak ematen dion txupetea dela. Ez duzue uste hauteskunde legea aldatuz gero PNVk Madrilen pisua galdu eta Gasteizen Euskal Herriari soilik begira egingo zuela politika?
Badakit offtopic bat dela baina neu-ren iruzkinaren harira gaia ateratzea pentsatu dut.
Kaixo Iras.
Egungo hauteskunde sistemak alderdi abertzale periferikoei mesede egiten diela Espainiako ultraeskuinak zabaldutako gezur bat besterik ez da. Neurri batean diot, alderdi espaiar nagusiak izaten baitira etekin gehiago ateratzen dituztenak. begira datu hauek
alderdia bozkak bozkak diputatuko
PSOE ………….11.289.335 …………………..66.801
PP ……………10.278.010 …………………..66.740
IU …………….969.946 ……………………484.973
CiU ……………779.425 …………………….77.942
PNV ……………306.128 …………………….51.021
UPyD ……………..306.079 ………………….306.079
ERC ……………..298.139 …………………..99.379
BNG ……………….212.543 …………………106.272
CC …………………..174.629 ………………87.315
NA-BAI ……………62.398 …………………..62.398
Argi dago EAJ eta NABAIK gehiegizko errepresentazioa dutela, baina desbideraketarik nagusiena PSOE eta PP alderdien bozetan dago, dagokiena baino askoz ere errepresentazio gehiago daukate.
Taula honetan argi ta garbi ikusten da sistema PSOE eta PPren alde dagoela:.
Alderdia Botoak botoen % Diput. Diput% Aldea
PSOE 11.288.698 44,36% 169 48,29% +3,93%
PP 10.277.809 40,39% 154 44% +3,61%
CIU 779.425 3,06% 10 2,86% -0,21%
EAJ-PNV 306.128 1,20% 6 1,71% +0,51%
ERC 291.532 1,15% 3 0,86% -0,29%
IU 969.871 3,81% 2 0,57% -3,24%
BNG 212.543 0,84% 2 0,57% -0,26%
CC-PNC 174.629 0,69% 2 0,57% -0,11%
UPyD 306.078 1,20% 1 0,29% -0,92%
NA-BAI 62.398 0,25% 1 0,29% +0,04%
CA 68.679 0,27% 0 0,00% -0,27%
EA 50.371 0,20% 0 0,00% -0,20%
C’s 46.313 0,18% 0 0,00% -0,18%
PACMA 44.795 0,18% 0 0,00% -0,18%
VERDES 41.523 0,16% 0 0,00% -0,16%
PAR 40.054 0,16% 0 0,00% -0,16%
CHA 38.202 0,15% 0 0,00% -0,15%
NC-CCN 38.024 0,15% 0 0,00% -0,15%
LV-GV 30.840 0,12% 0 0,00% -0,12%
aralar 29.989 0,12% 0 0,00% -0,12%
Info gehiago erdarazko blog honetan ( http://www.readyfortomorrow.com/son-las-elecciones-la-fiesta-de-la-democracia/#simulacion-elecciones2008es )
Barkatu, oso gaizki atera da taula
Kontsultatu eman dudan blogean, hemen es da ezer ikusten eta
Ez dut ukatzen sistemak PPSOE bipartidismoaren alde ere egiten duenik eta halako hauteskunde sistema ezartzearen arrazoi nagusia hori denik (abertzaleei gozoki gustagarri bat eskaintzeren gainetik). Hala ere, berriz diot, nire ustez PNVk Madrilen indarra galtzeak partidua EHra begira jarriko luke eta hori mesedegarria litzateke euskaldunok EHn, eta ez beste inon, ditugun interesak egongo baitziren jokoan.
Zalantzan jartzekotan (eta ni ados naiz), hasteko, gureari erreparatzea komeni zaigu. Lurralde bakoitzeko 25 parlamentari, duten populazioa kontutan hartu gabe. Eta hala ere abertzaleak nagusi. PP eta PSOEkoek ez dute sinistu ere egiten lege horrekin duten pagotxa. Senatua dugu, eta gainera iruzurrezkoa.