Bizkaiko Foru Aldundiak 140.000 euro banatuko ditu nekazaritza sektoreko ekoizleen artean

nekazaritza
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak nekazaritza sektoreko ekoizleen sei elkarteren artean 140.000 euro banatuko ditu. Elkarteak Gernikako Indaba, Ekolur, Bialtxa, Bizkaiko Sagardogileen Elkartea, Bihoel eta Bialka dira. Babes horren oinarrian hainbat jarduera finantzatzen laguntzeko xedea duen dekretua dago, horien artean sektore horietan baldintza sozioekonomikoak eta jarduerak betetzeko baldintzak hobetu eta sustatzeko izaera esperimentaleko ekintzak eta azterlanak eta ekoizpen azpisektoreak sustatzea, lotutako ustiapenak eratzea, laguntza teknikoa eta zerbitzuak ematea.

Gernikako Indaba, Ekolur, Bialtxa,
Bizkaiko Sagardogileen Elkartea, Bihoel
eta Bialka dira dirua jasoko duten elkarteak.

Sektoreko elkarte onuradun horiek guztiek orientazio gisa dituzte baratze ekoizpenak, fruitu hazkuntza, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea eta nekazaritza ekologikoaren arloko hainbat ekoizpen. Horrez gain, kalitate aipamenak jaso dituzten hainbat nekazaritza produktu sustatu nahi dira, tartean Bizkaiko Txakolina jatorri deitura, Bizkaiko Sagardoa, labelak, esaterako Gernikako indaba, edota fruitu hazkuntza eta nekazaritza ekologikoa… Horretarako, sustapen ekitaldiak, jardunaldiak, azokak eta merkatuak antolatuko dira.

Babes horrek, halaber, sektorea egituratzen eta antolatzen lagunduko du, baita ustiapenak profesionalizatu eta nekazaritza sektorea hobetzen ere. Dekretua onartu ondoren, batzorde tekniko batek aurkeztutako proiektuak ebaluatu eta, hala izanez gero, onetsi egingo ditu, eta irizpide objektibo horien arabera diru-laguntza banatuko da; dagokionean, entitate onuradunak diru-laguntza justifikatu beharko du.