Bizkaiko esku-hartze sozialean hitzarmena #LortuDugu
Bizkaiko esku-hartze sozialean hitzarmena –
Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, 32 negoziazio-mahai eta 8 greba egun nahiz hainbat eta hainbat batzar, mobilizazio eta ekimen aurrera eraman ostean, sektoreak merezi duen hitzarmena erdietsi du. Argi geratu da borrokak merezi izan duela.
Sektoreko beharginak zoriondu nahi ditugu egindako lan kolektiboagatik, eta berriro ere azpimarratzen dugu esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak direla, zerbitzu publikoa ematen dutenez gero. Bada, hitzarmen honek, lan-baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak ekartzeaz gain, sektorearen aitortzan aurrerapausoa ekarriko du, orain arte ikusezintzat hartu izan bada ere. Izan ere, sektore feminizatua izateaz gain, gizarteak erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin lan egiten dute. Ondorioz, administrazio publikoen abandonua pairatu izan dute behin eta berriro: gero eta dirulaguntza gutxiago, neurriz kanpoko eskakizunak eta baldintza onartzeinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioa…
Gaur, ordea, fruituez hitz egin dezakete sektoreko beharginek. Izan ere, honakoak dira akordioak biltzen dituen hobekuntza nagusiak:
- Indarraldia: 2022-2025
- 2026ra arte guztira %24ko soldata-igoera finkoa, KPIaren bermea gainditzen duena.
- Erreformen aurkako klausulak. Besteak beste, subrogazioarekin lotutako hobekuntzak, ultraaktibitatea indartzea edota hitzarmen kolektiboa aplikatzeko lehentasuna Estatuko hitzarmenen aurrean.
- Arrisku psikosozialei buruzko hobekuntzak. Beste neurri batzuen artean, lanpostuen arrisku-ebaluazioak egingo dira lau urtean behin, mediku-azterketetan arrisku psikosozialen ebaluzioa eta burn out adierazleak sartzea eta bikote edukatiboa ezartzea unitate estandar gisa zenbait zerbitzutan. Bestalde, haurdunaldiengatiko baimenei lotutako arrisku ebaluazioak ere ezarriko dira, eta horien emaitzen araberako hainbat neurri aurreikusten ditu testuak.
- Urtean 1564 orduko lanaldia (13 orduko murrizketa)
- Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, kontingentzia arruntengatiko ezintasunen osagarria %100ean ordainduko da lehen egunetik.
- Ordezkapenak lehen egunetik, administrazioekin adostutako langile-ratioak bermatzeko.
- 60 urtetik gorakoen urteko gehienezko lanaldia 7 ordu murriztea
- Berdintasun planak negoziatzeko betebeharra
- Eszedentzien baldintzetan hobekuntzak
Hala, LABek nabarmendu du hitzarmen hau sinatzea urrats historikoa dela, eta guztien artean aktibatu ahal izan dutela erdigunean egotea merezi duen sektorea.
LAB sindikatua Lortu Dugu