Bizitzaren defentsan, publikoa defenda dezagun

Bizitzaren defentsan, publikoa defenda dezagun –

COVID-19ak agerian utzi ditu beste pandemia batzuk, sistema kapitalista heteropatriarkalari dagozkionak. ESK eta STEILAS sindikatuok ikusten dugu krisia langileen eta gehiengo sozialaren bizkar utzi dela, zerbitzu publikoak sistematikoki desegitearen eta lan-eskubideen etengabeko murrizketaren ondorioz. Murrizketa horiek are gehiago baztertu dute guztien bizitzaren zaintza, eta beste behin ere emakumeen gain gelditu da; izan ere, emakumeek, modu ikusezinean, bizitzari eusten baitiote, beren bizitza prekarizatzearen kontura.

Ez dugu deus ere ikasi bizitako egoera lazgarritik. Ez da inbertitu osasun, hezkuntza, zaintza… publikoak hornitzeko, baliabide gehiago eta hobeak izan ditzaten. Langileek ikusten dute, hainbat lan-erreformaren ondoren eta beren eskubideak murrizturik, enplegua galtzen dutela eta eskubideak urratzen dizkietela. Ez da bultzatzen ekoizpen eta kontsumo eredu berri bat, prekarietateari eta langabeziari funtsezko irtenbidea emateko.

STEILASen eta ESKn uste dugu bizitza eta etorkizuna ditugula jokoan, eta uste osoa dugu borrokak eta mobilizazioak ezinbestekoak direla bizitza eta lan-baldintza duinak lortzeko,eta arlo publikoa indartzeko eta lehenesteko: osasuna, hezkuntza, zaintzak, pentsioak… Beharrezkoa da zainketa, osasuna eta hezkuntza funtsezko zerbitzutzat jotzea, eta horiek publifikatzea exijitzea eta zerbitzua emanen dela bermatzea, premien araberako aurrekontu-euskarri baten bidez. Eta, gogoeta horretan, aitortu behar dugu zainketen balioa, eremu publikoan guztiz gutxietsitako sektore feminizatu baten gutxiespena adierazten baitu eta, arlo pribatuan, berdintasunez ez banatzea funtsezko lanak gizonen eta emakumeen artean.

Bizitzaren defentsan, publikoa defenda dezagunBizi alternatiba bat eraiki behar dugu kapitalak eta gobernuek aplikatzen dituzten inposizio eta murrizketen aurrean, langileriari eta gehiengo sozialari inposatu nahi dizkietenak. Izan ere, osasun-krisia ordainarazten saiatuko dira, baita krisi ekonomikoa ere, aurreko finantza-krisian bezala. Enpresa handiek banatzen ari diren Europako laguntza-funtsak ere odolez ordainaraziko dizkigute, bankuei oparitutako dirua zerbitzu publikoen eta gizarte-eskubideen murrizketekin ordaintzen jarraitzen dugun bitartean.

STEILAS eta ESK sindikatuok planteatzen dugu, egungo egoerak eskatzen duen erantzukizunarekin, indarrak eta borrokak batzeko eta irizpide eta behar komunak lehenesteko beharra. Hezkuntzan eta osasunean garatu diren eta gauzatzen diren mobilizazio- eta borroka- esperientziek arrazoia ematen digute. Azken asteotan bizitako sindikatuen arteko desadostasunak ez dira ugaritu behar, ez baitute deustan laguntzen arestian aipatutako helburuak lortzeko. Orain, elkarrekin, zerbitzu publikoak defendatzeko eta funtsezko zerbitzuak (zaintzak barne) publifikatzeko kanpainari ekinen diogu. Era berean, gure lankidetza eskaintzen dugu zerbitzu publikoen defentsan espazio komunak eta borroka-dinamika bateratuak sortzeko.

Bizitzaren defentsan, defenda dezagun publikoa dena.

.