Bizirik direno

Bizirik direno –

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoan.


Ameriketako Estatu Batuetan, Nevadako Reno hirian, bada euskal artzainen omenez egindako eskultura bat. Lehiaketa bat antolatu zuten, hamalau artista aurkeztu ziren eta Nestor Basterretxeak irabazi zuen. Zazpi metro altu den eskulturatzarra garestiegia zen AEBetan egiteko, eta Mexikora jo zuen Basterretxeak. Xanti Agirre Txikuri urrestildar pilotari ohiak lagundu zion galdategia aurkitzen. Aurrekontu bat eskatu eta oso merkea iruditu zitzaion. Merke bezain bikain lan egin zuten lan galdategian, baina denboraz larri samar amaitu zuten. Kamioian zamatzen ari zirela, garabizaleak hanka-sartze bat egin eta pieza bi zati eginda geratu zen. Eskultura konpondu eta beste kamioi batean zamatu zutenean, beste bi arazorekin egin zuten tupust: batetik 3.000 km egin eta AEBetako muga gurutzatu behar zuten, eta ez zuten inolako dokumentaziorik; bestetik, Mexikoko gobernuak kultur ondare izendatu zuen eskultura, bertan egina zela eta. Txikurik etorri eta egokitasun handiz ezerezetik sortutako paper batzuk izan ziren dokumentu; Mexikoko Gobernuaren oztopoei ere nolabait egin zieten ixkin. Eta han dago eskultura handi bezain bikaina, noizbait Euskal Herritik joandako beharginek egindako lanaren oroigarri.

Oraindik ere badira artzainak AEBetan, euskaldunik ez. Munduan gelditzen diren euskal artzainak hemengo mendietan dabiltzanak dira. Ameriketara joan zirenek bakardadeari eta hotzari egin behar izan zieten aurre, hemen dihardutenek ere hala-tsu, beste era bateko bakardadeari eta ho-tzari baina. Eman diezazkiegun baliabideak bizirik direno, eskultura batekin oroitu behar izan ez ditzagun.

Bizirik direno
Arg; Sarah Kapel (euskalkultura.eus)
Bizirik direno

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.