Biziola

Biziola –

GOIERRIKO BIZITZAREN FABRIKA

Testua: Andoni Mikelarena

Argazkiak: BiziOla

Biziola deitu diote, goierritik eta goierrirako sorturiko irabazi asmorik gabeko eta gizarte ekimeneko kooperatibari. Bizitzarako funtsezkoak diren ahalik eta eremu gehienetan, burujabeago izateko prozesu eta proietuak garatzea du xede. Hain justu, Biziola izenaren definizioari erreparatzen badiogu proiektuaren zantzu batzuk topa ditzakegu, bizitzaren fabrika adieraren laburdura baita.

500 bazkide erabiltzaile fisikok, 45 bazkide erabiltzaile juridikok (horietatik 30 eskualdeko elikagai ekoizleak eta 15 ESEko elkarte edo kooperatibak), 6 bazkide langilek eta 10 bazkide laguntzailek osatzen dute. Duela 2 urte sortu zuten kooperatiba, 3 urte lehenago abiatutako prozesu baten ondorioz. Ordutik, elikadura burujabetzaren lan lerroa egonkortu eta lan lerro berriak irekitzeko oinarriak eraiki dituzte. Kooperatiba forma hartu duen mugimendu honek, erronkez beterik ditu eskuak, pozez begiratzen diote dagoeneko egindako bideari eta ilusioz aurrera begira egiteke dutenari.

Biziola

 

Goierri, Valleytik haragoko eskualde bat

50.000 biztanle inguru ditu Gipuzkoan kokatuta dagoen Goierri eskualdeak. Herrialdeko industriaren motore garrantzitsuetako bat da Goierri, eta industriak bertako ekonomiaren %40-45 arteko pisua du (bai behintzat adierazle ekonomikoak ekonomia kapitalistaren ohiko markoetatik zenbatzen baditugu) azken urteetan beheraznko joera apala izan badu ere. Debagoiena eskualdearen mugakide da Goierri eta ez da kasualiatea hemen ere industriaren baitan kooperaitibismoak pisu garrantzitsua izatea. Duela zenbait hamarkada Arrasateko Kooperatiba esperientziaren baitan abiatutako olatu kooperatiboak zipriztindu baitzituen inguruan zituen lurraldeak ere, tartean Goierri, Irizar, Ampo edo Orkliren gisako kooperatibak sortuz.

Orduko olatu kooperatiboaren baitan sortutako egiturek gaur arte iraun badute ere, olatu horren jatorrian zeuden balio eta ideiak merkatu globalaren itsaso zabalean urtzen joan dira. Hala ere, aurreko belaunaldiek eginiko lanak eta izandako bisioak, Goierri eskualdea gaurko zibilizazioak etorkizunera begira dituen erronka kolosalei erantzun itxaropentsu bat emateko atalaian kokatu dute.

Aukeraren irakurketa horretatik eta etorkizuna behar bezain ondo prestatzen ari ez denaren ustetik sortu zen Biziola. Eskualdeko herritar, ESEko eragile eta hainbat mugimendu sozialen bultzadatik. Eskualdean etorkizunari modu itxaropentsuan heltzeko, garapenerako paradigma berri bat mahai gainean kokatzeko asmotan. Eskualde burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean, askotariko pertsona eta eragileen arteko lankidetzaren bidez, proiektu zein prozesu eraldatzaile berriak martxan jartzeko asmoarekin.

Elikadura burujabetzatik (burujabetzarantz) abiatu

Eskualde burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean, lehen lan esparrua elikadurarena izan da Biziolarentzat. Eskualdeko elikadura kateko 60 bat pertsonekin (ekoizleak, kontsumitzaileak, jangela kolektiboetako ordezkariak, landa garapen elkartea…) elikadura burujabetzaren bidean pausoak emateko estrategia partekatu bat landu zen. Erronka argi bat mahaigaineratu zelarik, elikadura kateko puntu guztietan kolektiboki eragitea, horrela, ekoizle berriak instalatu ahal izateko baldintza egokiagoak sortzeko elkarrekin.

Bide horretan, hainbat mugarri eta tresna jarri ditu martxan kooperatibak. Kooperatiba beraren bisioa zabalagoa bada ere, lehen fase honetan eskualdeko ekoizleen (30 gaur egun) eta herritarren (500 bazkide) zubigile funtzioa bete du. Biak egitura berean antolatuz. Horrela, duela urte eta erdi Biziola denda martxan jarri zuten Lazkaoko egoitzan. Bertan, eskualdeko produktuez gain Euskal Herriko produktuak eta kanpotik ekarritakoak ere badaude, beti ere proiektuak definitutako irizpide sozial eta ekologikoak betetzen dituztenak. Dendarekin batera, banaketa sistema baten oinarriak ere eraikitzen ari da proiektua, eskualdeko ahalik eta herri gehienei zerbitzua emateko eta egun eskualdeko 8 herritan egiten dute banaketa. Horrez gain, herri bazkariak bertako produktuekin eskaintzeko lerro berria ere martxan jarri berri dute. Eraldaketari dagokionean, Uztaola baserritar elkartearekin lankidetzan Zaldibiko eraldaketa gunea berraktibatzen ari dira. Ekoizleekin ere, dinamika kolektibo ezberdinak jarri dituzte martxan, trantsizio agroekologikorako bide orri partekatu bat diseinatzeraino. Horrela, elikadura kateko puntu ezberdinetan eragiten ari dira kolektiboki. Elikadura eredua bera eraldatuz, burujabeagoa, iraunkorragoa eta orekatuagoa izan dadin. Denda martxan jarri zenetik, hiru ekoizle berri instalatzen lagundu du kooperatibak besteak beste.

Polo kooperatiboa, burujabetzarako ekosistema artikulatzeko

Biziola ordea ez zen jaio elikadura burujabetzaz aritzeko bakarrik, etorkizun bizigarriak elikatzeko baizik. Bide horretan, erronka eta asmo berriak ditu orain esku artean Goierriko Kooperatibak. Alde batetik, gaur egun kooperatibaren egoitza soziala kokatuta dagoen eraikina erosteko prozesuan murgilduta daude. Guztira 1600 m² ko eraikina da, hiru solairutan banatuta dagoena eta gaur egun solairu bakarra erabiltzen du proiektuak. Horregatik, eraikina erosteko erronka, beste erronka bati lotuta ikusten dute. Zehazki bigarren solairuran Goierriko Polo Kooperatiboa garatzearekin. Biziolan bazkidetuta dauden Ekonomia Sozial Eraldatzaileko beste zenbait proiekturentzako lanerako espazioa eta elkargunea izan dadin nahi dute polo kooperatiboa. Baita, eskualdean identifikatzen dituzten erronka zehatzei erantzuteko proiektu berriak sortu eta hazten laguntzeko espazioa ere. Nolabait, burujabetzen bidean proiektu eta prozesu berriak martxan jartzeko ekosistema oso bat artikulatu nahi dute espazioaren bidez.

Horrez gain, badituzte bestelako asmo eta ideiak ere. Azken bi urteetan eginiko bideak agerian utzi du anbiziorik ez zaiela falta. Baina eurek egiten dutenetik haratago estrategikoa dela uste dute eskualdeko gainontzeko eragile kooperatiboekin, komunitarioekin eta udalekin lankidetzarako marko estrategiko bat eratzea. Jakitun baitira, esku artean dituzten erronkek, ezinbestean askotariko eragileen arteko lankidetza eskatzen dutela. Ikusiko da, asmo eta ametsek nola hartzen duten gorputza, bizitza ekoizteko eraberritutako fabrika zaharrean.

Biziola

  Biziola  Biziola

Eraldaketa fabrika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude