Bizikidetza sendotzeko proposamen eta konpromiso partekatuak
Bizikidetza sendotzeko proposamen eta konpromiso partekatuak –
Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Presidentearen eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren Adierazpen bateratua: Bizikidetza sendotzeko proposamen eta konpromiso partekatuak, ETAk behin betiko desagertu dela iragarri ondoren.
Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Presidentearen Adierazpena
…
ETAk atzo jakinarazitako hondar adierazpenak amaiera eman dio indarkeriaz eta oinazez beteriko garai ilun bati. Garai horretan, indarkeriara jo zutenek eta terrorismoan aritu direnek bizikidetza baketsua hautsi zuten gure gizartean. Horrexegatik, eta bereziki horrexegatik, erakundeok lan egin behar dugu gaur garai berri bat has dadin.
Gure erakundeak eta gure gizarteak aspaldi ari ziren galdatzen ETAren desagerpena, hau da, ETAren desegite alde bakarrekoa, egiazkoa eta behin betikoa. ETAren ekintza terroristak oinazea eta galera konponezinak eragin dizkio milaka jenderi; guztiak izan dira indarkeria bidegabe eta zuritu ezinaren biktimak. ETAk ez zuen inoiz existitu behar, inork inoiz uste behar izan ez zuelako, halako ideia edo proiektu baten ustezko defentsan, armak hartzen ahal zituenik beste pertsona batzuei eraso egiteko, lekua harturik herriarengandik etorritako subiranotasun bidezkoari.
ETAk indarkeria bertan behera utzita, duela urte bat inguru armagabetu eta orain desegin ondoren, unea iritsi da iraganaren memoria kritikoan aurrera egiteko eta indarkeria bidegabekoa eta ezin zurituzkoa izan zela aitortzeko. Memoriak gertatuaren kontakizuna berreskuratzen du iraganetik, gogoan izan dezagun eta ahanzturan eror ez gaitezen, historiaren ispiluaren aitzinean paratzeko eta ez erortzeko ahanzturaren eta oroimenaren galeraren bidegabekerian. Memoriak, gainera, balio digu iraganean gertaturikoa ez dadin itxuragabetu edo, are okerrago, zuritu.
Memoriak, hain zuzen ere, lor dezake orainaldian, gure iragana eta gure etorkizuna eskutik joatea. Memoria ez baita soilik iraganeko kontua, aitzitik, batez ere etorkizuneko kontua da. Memoriak zerikusia du etorkizuneko belaunaldiekin eta gure seme-alabei, gure ilobei, bakearen kultura transmititzearekin, ez dezaten ahantz gertaturikoa, biktimak ez daitezen ahanzturan erori eta, azkenik, indarkeriarik gabeko gizarte batean biziko direnek etorkizun hobea eraiki ahal izan dezaten.
Memoria gizarte etikoagoan, bidezkoagoan eta demokratikoagoan bizikidetza baketsua eraikitzeko oinarria da, erreparazio osoa lortzeko oinarria da; biktimek eskubidea dute horretarako. Eta, plurala eta askotarikoa bada ere, memoriak oinarri finko bat partekatu behar du. Oinarri hori izan behar dira Giza Eskubideak eta giza duintasuna, sendoak eta eztabaidaezinak baitira, eta barne hartu behar dute espetxe politika salbuespenekoak gainditzea. Damurik, ETAren amaierako adierazpenak ez du begiratu etiko eta kritikorik adierazi bere jardunaren ondorioei, ez baitu onartu biktima guztiei –guzti-guztiei gero– eragindako minaren bidegabekeria.
Baina, halere, ezin dugu alboratu komunikatuak garai berri baten norabidea ezartzen duela; eta ezin dugu alboratu, gizarteak hala izatea merezi duelako. ETAren behin betiko desagerpena helarazten du eta agertoki berri batean kokatzen gaitu, zeinean gure erantzukizuna baita iraganeko tragedia etorkizunerako itxaropen bihurtzea, oroimen bidezko eta egiazko batetik abiaturik.
Nire aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria naizen aldetik, berretsi egiten dut nire eta neure gobernuaren konpromisoa bizikidetzaren alde. Orain arte bezala hemendik goiti ere, tinko, ilusioz eta itxaropenez sustatuko ditugun politika publikoen ardatzak hauek izanen dira: terrorismoak eta indarkeriak eragindako minaren aitortza eta erreparazioa; biktimek egia eta justiziarako duten eskubidea; eta bakearen kultura, bizikidetzaren balioak eta Giza Eskubideen errespetua etorkizuneko belaunaldiei transmititzen asmatzea. Inoiz ez zen gertatu behar hain kontu lazgarririk, baina orain oinarriak sendotu behar ditugu sekula ere berriz gerta ez dadin.
Iñigo Urkullu Lehendakariaren Adierazpena
…
Poza. Hamarkadetan zehar, ETAren desagertze baldintzagabea exijitu izan dugu eta hori itxaroten egon gara. Gaur gure kezka eta ardura izateari utzi dio ETAk. Ez du jada parte hartuko gure bizitzetan mehatxu gisa, ez du jada indarkeria legez kontra erabiliko Euskal Herriaren izenean. Erabaki hau aldebakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa izan zedin lan egin dugu. Gertakari historiko baten aurrean gaude, erabat positiboa. Denbora asko kosta izan da, gehiegi; baina, azkenik, bakea indar keriaren gainetik ezarri da. Une honetan gizartearen gehiengoaren lasaitasun eta poztasun sentimendu sakonak partekatzen ditut.
Memoria. ETA mehatxu gisa desagertuko da; baina ez oroitzapen triste gisa. Eragindako min bidegabe guztiaren memoria geratzen da. Bere azken komunikatuan, ETA ez da gai izan biktima guztiei zuzendutako zuzenketako hitzik adierazteko. Baina gizarteak eta erakundeek hori egin dezakegu: indarkeria eta giza eskubideen urraketa arma politiko gisa erabiltzea erabateko akats etikoa izan zen. Inoiz gehiago ez. ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zen inoiz gertatu behar. Gizartearen, erakundeen, politikaren eta giza eskubideen lorpen demokratiko honen subjektu eta partaide nagusiak dira gaur biktimak.
Itxaropena. Une txarrenetan itxaropenak mugitu gintuen, eta bizikidetza integratu eta integratzailea, bidezkoa eta memoria duen itxaropenak mugitzen gaitu orain. Une honetan, beharrezkoa da bakearen alde lanean jardun diren hainbat eta hainbat pertsonen, gizarte entitateen, alderdi politikoen eta erakundeen ahalegina gogoratzea. Denbora luzez baldintzarik kontrakoenetan egin behar izan zuten lan eta, zenbaitetan ere, itxaropenari eutsiz itxaropen ororen kontra. Gaur errekonozimendu berezia merezi dute. Horien itxaropenak eta pertseberantziak ekarri gaituzte honaino. Memoriaren parte dira. Mila esker.
Ilusioa. Gaur bereziki hunkitzen gaitu geure nagusiek luzaro irrikatu eta behar izan duten helburua geure gazteekin partekatu ahal izatea: bakean bizitzea. Geure nagusien amets hau errealitate bihurtzen ari da. Belaunaldi berriek gizarte ireki eta giza eskubideekiko tinko konprometitutakoan hazi ahal izango direla sinestearen ilusioa partekatzeak hunkitzen gaitu gaur.
Konpromisoa. Egitasmo bat izan dugu: bakea. Lanean jarraitzeko helmuga bat dugu: bizikidetza. Konpromiso eta proposamen multzo bat aurkeztu dugu gaur modu partekatuan. Etorkizunerako eta itxaropenerako egitasmo bat dugu helburu nagusi batekin: Gizartea elkartea. Konpromiso etikoak jarraitu egiten du. Gaur oso garrantzitsua den zerbait amaitu da. Ez gelditzeko erabaki tinkoa dugu. Biziikidetza normalizatu baten alde lanean jarraitzen dugu, orain eszenategi hobeago batean. Bideak jarraitzen du.
.
Proposamenak eta konpromisoak, ETAk behin betiko desagertu dela iragarri ondoren:
«Geure gizartean bizikidetzarako aldi berria sendotuko duten urratsak adosteko baldintzak daude»
Azken urteotan, eta 2011ean ETAk bere jarduera armatua eta indarkeria-adierazpen oro amaitutzat eman ondoren, behin eta berriz adierazi dugu bakea eta bizikidetza sendotzeak hiru gai nagusi eta egiteke zeuzkala: ETAren armagabetzea eta desegitea, iraganari buruzko memoria kritikoa eta espetxe-politika.
Hiru gai hauetako bat argitu da. Atzo ETAk bere behin betiko amaiera iragarri zuen. Bere izarea aldebakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa dela berretsi dezakegu daukagun informazioaren arabera. Oso berandu baldin badator ere, gertaera historiko baten aurrean gaude geure historiaren garai beltza behin betiko ixten hasteko bidea eskaintzen duelako.
Terrorismoa behin betiko utziko zuela iragarri ostean 2011ean, ETAk irautea, soilik sinbolikoa baldin bazen ere, blokeo-faktorea bihurtu zen. 2017ko armagabetzeak eta 2018ko behin betiko amaieraren iragarpenak oztopo hau gainditu dute.
Une honetan, geure gizartean behin betiko bizikidetzarako aldi berria zabalduko duten urratsak adosteko eta emateko baldintzak daude, erakundeetatik eta gizarte antolatutik hainbeste lan egiten jardun dugunaren alde. Bizikidetzarako aldi berria non biktimen erreparazio integrala lehentasunezko zeregina izango den.
Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ondorengoa onartzen eta bultzatzen dute: “Bizikidetza sendotzeko proposamen eta konpromiso partekatuak, ETAk behin betiko desagertu dela iragarri ondoren”.
I. Proposamenak
Dagokien eramu instituzionaletan garatu beharko diren proposamenak bi denbora-esparrutan banatzen dira: urratsak epe laburrera, eta urratsak epe ertainera begira.
.
Urratsak epe laburrera
ETA behin betiko amaitzearekin harreman zuzena dute, eta bi helburu autonomotan irudikatzen dira:
– Gogoeta kritikoa. Iraganari buruzko gogoeta kritiko globala, ETAren indarkeria esplizituki barne hartuz, indar politiko guztiek, lehen aldiz, partekatuko dutena.
– Espetxe-politika. Espetxe-politika testuinguru berrira egokitzeari buruzko adostasuna, behin betiko indar politiko guztiak hartuko dituena.
Epe laburreko bi adostasun hauek lortzeak oztopoak ezabatzen ditu eta baldintza aldekoak eta egokiak sortzen ditu epe ertainera helburu estrategikoetan aurrera egiteko.
.
Urratsak epe ertainera begira
Harreman zuzena dute bizikidetzaren normalizazio estrategikoarekin eta Gizartea Elkartzearen helburuarekin hiru xede nagusi lortzera begira:
– Memoria. Giza eskubideen urraketen inguruan gertatutakoa argitzean oinarritutako memoria anitza eta partekatua sendotzea.
– Biktimak. Terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko politika publikoak bultzatzea.
– Hezkuntza. Bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko hezkuntza eta kultura sustatzea, prebentzio moduan, erronka berrien eta etorkizunaren aurrean.
.
II. Konpromisoak
Urrats estrategikoak bultzatzea epe laburrera
– Iraganari buruzko adierazpen kritikoa eta globala bultzatzea, ETAren indarkeria barne hartuz, indar politiko guztiek, lehen aldiz, partekatuko dutena.
Gogoeta kritiko eta partekatuari begirako abiapuntuak hurrengo kontsiderazioak ditu:
ETA amaitzeak ezin du izan, gertatutakoaren balorazio kritikorik eta espliziturik egin gabe, orrialdea pasatzea.
Etorkizuna eraikitzea terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiei eragindako min bidegabearen errekonozimenduan oinarritzen da.
Memoria anitz eta partekatua edozein terrorismo edo indarkeria motari eta bere legitimazioari edo justifikazioari uko egite publikoan oinarritu behar da.
Bizikidetzaren normalizazioak erakunde terrorista guztien, eta bereziki ETAren, indarkeria bidegabeari buruzko balorazio argia eta partekatua eskatzen du.
Biktima guztien aurrean, beharrezkoa da aitortzea inongo kausarik ez zuela eduki inoiz bakoitzaren bizitza, duintasuna edo osotasuna baino balio handiagorik.
Biktimen memoria eta ohorea iragana ahaztuko duen etorkizunerako begirada bategatik baztertuak ez uzteko konpromisoa hartzen dugu.
Arrazoi etikoengatik eta legedia betez, biktima guztiei erreparazioa emateko konpromisoa hartzen dugu, bere biktimizazioaren arrazoia bat edo bestea bada ere, giza eskubideen urraketa batzuen eta besteen artean edozein alderatze orekatzailea baztertuz.
-Eusko Jaurkaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren artean Espetxe Politikari buruzko Lan taldea sustatzea.
Nafarroan eta Euskadin lortuko diren adostasun parlamentarioak garatuko dituen Espetxe Politikari buruzko Lan taldea proposatzea eta sustatzea Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurkaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean. Adostasun hori lortzeko abiapuntuak ondorengo proposamenak ditu:
Presoei espetxe-bide legalak garatzera dei egitea indibiduazioaren, egindako minaren aitortzearen eta gizarteratzearen printzipioak oinarritzat hartuz.
Presoak beren bizilekutik gertuen dauden espetxeetara hurbiltze-prozesua bultzatzea, espetxe-legediak agintzen duenaren arabera (Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1. artikulua).
Gaixo dauden edo adin txikikoak beren ardurapean dituzten zein hirurogeita hamar urte beteak dituzten presoentzat ordenamendu juridikoak eskaintzen dituen aukerak irizpide humanitarioarekin aplikatzea.
Bere definizio konstituzionalaren araberako gizarteratze-politika bultzatzea, eta ibilbide bideragarriekin berriro erortzeko arriskua behin betiko modu sinesgarrian desagertu denean.
.
Urrats estrategikoak bultzatzea epe ertainera
Bizikidetzarako estrategia integrala garatzea, ondorengo akordio-esparruei lehentasunezko izaera emanez:
-Terrorismoaren biktima guztientzako egia, justizia, erreparazioa eta elkartasunaren aldeko politika publikoak, eta baita memoriaren eta iragana argitzearen aldekoak ere.
-Bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko hezkuntza etakultura politika publikoak.
-Motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen eskubideen errrekonozimendu legalaren politikak.
.
(Bertiz, 2018ko maiatzaren 4a)
.