BIZI mugimenduak erranahi faltsua ematen dio Burujabe hitzari

BIZI mugimenduak erranahi faltsua ematen dio Burujabe hitzari –

BIZIren “BURUJABE Gure bizi baldintzak berreskuratuz” egitasmoaren kritika
(egitasmoa hemendik deskargatzen ahal da)
.

Egitasmo honen ideia askori kritika sakonak egiten dizkiogu, baina BIZI mugimenduko militanteekin elkarrizketatzeko prest gira.

Elhuyarren itzulpenaren arabera, frantsesez burujabek independente, subirano, erran nahi du, eta burujabetasunak independentzia, subiranotasuna, erran nahi du.

BIZI mugimenduak erranahi faltsua ematen dio Burujabe hitzariBIZIrentzat, burujabetza, “gure bizi-baldintzen berjabetzea” da, eta “bizi-baldintzak”, bereziki klima eta elikatzen gaituen lurraldea dira (7. orrialdea). Alta, burujabe edo burujabetzaren ohizko erranahia ezberdina da. Euskaltzaindiaren arabera: Burujabe = Askea, bere buruaren jabe dena, inoren mende ez dagoena. Adibidez: Samoako Estatu Burujabea. Burujabetasun = Burujabetza = Herriez mintzatuz, bere buruaren jabe izatea, beste inongo herriren mende ez izatea. Adibidez: Herriak askatasuna eta burujabetasuna galduak zituen.

Le Petit Robert hiztegiaren arabera, Subirano = Bere eremuan inoren menpe dena. Adibidez: Estatu subiranoa, independentea. Subiranotasun = Beste estatu edo agintaritza baten menpe ez den Estatu edo agintaritzaren izaera. Independentzia. Adibidez: lurralde-subiranotasuna.

BIZI, “lurralde burujabe bati” buruz mintzatzean (3 or), burujabe hitzaren egiazko erranahia desitxuratzen du, zeren subiranotasuna, lurralde baten gaineko subiranotasuna da; hau da, lurralde bateko herria da burujabea edo ez, ez lurraldea. BIZI-k, Euskal Herri Burujabeaz hitz egiten duelarik (3 or), euskal lurraldeaz hitz egiten du, ez euskal populuaz. Ber gisan, BIZIk “Instituzioak burujabetza energetikoaren zerbitzuko ezartzea”-z hitz egiten du (59 or); BIZIk bere energia burujabetza instituzionalaren alde ezartzea nahiago ginuke.

BIZI-k beraz, burujabe kontzeptuari, bereziki erranahi ekologikoa eta ekonomikoa emaiten dio, bere egiazko erranahia politikoa delarik. Euskal Herria Burujabe-ren egiazko erranahia, Euskal Herria independente da, euskal populua subirano da, baina euskal populua eta independentzia kontzeptuak ez dira agertzen BIZIren egitasmoan. Bertan, subiranotasun kontzeptua ez da kasik agertzen bere egiazko erranahi politikoarekin, eta proposamen politikoak agertzen direlarik, ez dute bat egiten subiranotasunaren egiazko erranahiarekin. BIZIk burujabe kontzeptuaz egiten duen erabilpena ez da zuzena. Hurbiletik begira dezagun hori.

BIZIren iritziz, “gure beharrei modu hurbilenean erantzuteko gure ahalmena ttikia da, neurri handi batean guregandik urrun harturiko erabakien mende gaudelako, erabaki horiek askotan gure beharretara egokitzen ez direla” (12 or), “gure erabakiak hartzeko moldeak berriz erdian kokatu behar” dira (29 or), eta “gobernatze sistema demokratikoa” behar da (48 or). Iritzi hauekin bat egiten dugu. BIZIk dio ere, BURUJABE egitasmo honetan, “herritarren beharretatik hurbilen den kudeaketa egiteko zein instituzio?” galderari buruz eta “herrian erabakitzeari” buruz gogoeta abiatzen duela (11 or). “Lurraldearteko asanbladak antolatzea” (8 or) lurraldeen arteko harremanez erabakitzeko BIZIren helburuarekin bat egiten dugu ere. Baina 63 orrialdeko idazki honetan, abiatutako gogoeta hemen gelditzen da, zeren BIZIk dio “gure lurraldea nolako instituzioez hornitu behar den ez gara zehazten saiatzen hemen, nahitara, herriak gai hortaz jabetu behar duelako” (15 or). Ez dugu ulertzen zergatik BIZI gai batzuetaz jabetzen den eta ez beste batzuetaz.

BIZIk ekimen herritarrak bultzatu nahi ditu ekimen instituzionalekin batera (19 or), eta ekimen herritarrak “hiru erakunde erabakitzaileek (Euskal Herriko Elkargoa, Nafarroako Foru Elkargoa eta Euskadiko Autonomia Elkargoa) beren gain hartu behar dituztela” dio (20 or). Gauzak hola, BIZIk ez du salatzen herritarren ordez erabakiak hartzen dituzten instituzio ez-herritarrak direla.

BIZIk “burujabetza berreskuratu” nahi duela dio (60 or), eta horretarako “autonomia gehiago” nahi du, baldin eta “biztanleek senditzen badute erabakietan parte-hartzaile direla”, edo “hautetsien bidez behar bezala ordezkatuak” direla (14 or). Ildo beretik, “energia eraginkortasunaren, energia berriztagarrien… lan ardatz guzietan herritarrek “parte hartu behar dute”-la dio (60 or). Biztanleek erabakitzea ahalbidetzen duen autonomia nahiago izango ginuen irakurri, baita ere herritarrek lan ardatz guzi horietan erabaki behar dute (eta kitto). Baina BIZIk, maila politikoan, “parte hartzearen kultura” (51 or) eta “hiritarren parte hartzea” (61 or) lagundu nahi ditu. “Ordezkatua izaitea” eta “parte hartzea” beraz, demokrazia errepresentatiboaren eta demokrazia parte hartzailearen kontzeptuekin bat datozenak. Kontzeptu engainatzaileak dira hauek, herriak erabakitzen duela sinestarazten dutelako, herria burujabe dela, baina ez da burujabe.

BIZIk, usu, adierazpen kontraerrankorrak ditu. Adibidez, “elite ekonomiko arras murriz batek boterea bereganatzen duela” salatzen du (29 or), baina aldi berean, Euskal Hirigune Elkargoak eskumen gehiago ukan dezala nahi du (24, 33 eta 53 or), Euskal Hirigune Elkargoarentzat “autonomia gehiago”-ren beharra aldarrikatzen du (14 or), Nafarroako Foru Elkargoarentzat ere, Euskadiko Autonomia Elkargoaren autonomia mailara hauek igotzeko, hiru “erakunde erabakitzaile” hauek botere bereganatze horren partaide ez balira bezala.

BIZIk dio “Euskal Herriko borroka sozial, ekologiko eta kulturaletan engaiatua” dela (7 or). Zergatik ez ditu borroka politikoak aipatzen? Hain zuzen, gure ustez, BIZI ez delako egiazko politikan engaiatzen, egiazko subiranotasunaren politikan, Euskal Herri burujabearen politikan.

BIZIk, “ekonomia zirkularraren gisako nozioen edukiz hustea eta berreskuratzea” salatzen du (34 or). BURUJABE egitasmoarekin, BIZIk burujabe nozioa edukiz husten du eta berreskuratzen du.

.

Euskal Herria Burujabe : Independentzia
herriBiltza

BIZI mugimenduak erranahi faltsua ematen dio Burujabe hitzari