Biolentzia: gai delikatu baten manipulazioaz

gai delikatu baten manipulazioaz –

Gure gizartean badira oraindik zenbait gai delikatu, eta horietako bat da, dudarik gabe, ETAren biolentziaren balorazioarena. Jende askok sufritu du. Oraindik orain horixe aurpegiratu diote EH Bilduko lehendakarigaiari: ETA talde terrorista izan zela adierazi ez izana edo, bestela esanda, erakunde armatua ez kondenatzea. Gai horren inguruan, etikak bezala ikuspegiak ere, ezberdinak daude noski!

gai delikatu baten manipulazioaz
Arg: matthewpriest

Estatuarentzat, estatuko togadunentzat, Kataluniako tsunami demokratikoa ere terrorismoa izan zen. Beraz, ezin egingo diogu kasu BVE eta GAL eta gisako talde terroristak diru publikoz antolatu izan dituen estatuari (kondenatu gabe eta damurik agertu gabe), eta, era berean, milaka euskal herritar torturatu dituen estatuari (aitortu gabe eta damurik agertu gabe). Nor ziren terroristak frankismo osoan eta haren erreformaren ondoko demokrazia espainolean ere gutako askorentzat? Egun ere, aukera izatera, hemendik kanporatuko genituzkeenak baina demokrazia espainolagatik ezin kanporatu ditugunak.

Emilio Lopez Adanek urteak eman ditu Euskal Herriko borroka armatua aztertzen (ETA eta gainerako talde armatuak) eta hiru liburuki mardul argitaratu ditu (Borroka armatua Euskadin 1967-2011. Maiatz. 2021). Zenbait bereizketa jakingarriz jabetzeko, aski da hitzaurrea irakurtzea. Azterlan hori ere kritikagarria da, noski, baina merezi du aintzat hartzea.

Horren arabera, hemengoa biolentzia iraultzailea izan da. Demokrazia espainola demokraziatzat ez zeukatenek burutua. Gogoratu behar da frankismo eraberritutik zetorren 1978ko Konstituzioan oinarrituriko demokrazia espainolak (monarkiaren inposizioa; botere judizialean TOPetik Auzitegi Nazionalera; amnistia legea frankistentzat; autodeterminazioaren ukoa; EAE eta Nafarroa Garaia banatuak; gaztelania derrigorrezkoa, euskara ez) iragan mendeko 90eko hamarkadara arte, hortxe nonbait, ez zuela euskal gizartearen gehiengoaren oniritzirik izan, horretan gobernu espainiarra eta denok dakizkigun alderdiak eta hedabideak eta bertako beste hainbat eragile franko saiatuagatik; eta, noski, biolentzia iraultzailea praktikatu zutenena ere ez. Honela dio Lopez Adanek iraultzaileen helburuez:

«Iraultzaileek beraiek egindako lanetan, biolentzia iraultzaileari, oro har, hiru baldintza eskatu zaizkio: helburu politiko askatzaileak; helburuak lortzeko estrategia; eta jo-muga ongi ziblatuak [hautatuak], hots, ekintza egokiak. Euskal talde armatuen helburuak tradizio askatzailean ezarri ziren, oso modu esplizituan: askatasun nazionala eta iraultza soziala, ingurune internazionalista batean. Estrategia aldetik, insurrekzioa, herriko gerla luzatua, gerrila edo negoziazioa, … formula ezberdinak entseatu dira. Ibilbide horrek gorabeherak izan ditu, estatuen politikak eta errepresioak baldintzaturik, baina, oro har, erreboltatuen tradizioan kokatu da». (3.or).

Balorazio orokor horretatik, puntu zehatzago batera etorriz, hain zuzen hain garrantzizkoa den hiztegira, esan beharrik ez dago terrorismo hitzak zer-nolako zama emozional astuna duen, eta zenbat politikarik eta estatuk erabiltzen duten ikaragarri arinki, etsaiari aurpegira olio irakina jaurtitzeko edo haren izena lokatzetan galtzeko.

Zer da terrorismoa? Nola definitzen du Lopez Adanek?:

«Guretzat, eta tradizio zabal baten barnean, herri xehearen aurkako ekintzak dira terrorismoa, eta horretan sartzen dira errepresioan inplikatugabekoen kontra[ko] eginak (…) Zapalkuntzaren agente errealen aurkako atentatuak ‘ekintzak’ izendatu dira gure lanean; jende xehearen heriotza ekarri dutenean, ‘atentatu’ hitza ere ageriko da».

Zehazki, ETAk praktikaturiko borroka armatuari dagokionez, honela dio: «Berriz, arazo handia izan da ekintzen selektibitatean, eta jende anitzek sentitu du etika askatzailetik baztertu direla. Sentimendu horiek garrantzia handia izan dute molde militarraren krisian».

Horrenbestez, Lopez Adanek bere ikerlanean, garrantzia handia eman dio ekintzen selektibitatearen gaiari; izan ere, «ekintzaren selektibitatea lotzen baita borroka armatuan sartzeko askatasunaren alde borrokatu nahi dutenek dituzten oinarri moralekin, errepresentazio ideologikoekin eta etika aplikatuari buruzko jarrerekin».

Gai hori oso esanguratsutzat jorik, eta bereizteko irizpide bezala ekintzetan hildakoak errepresioan inplikatuak ziren ala ez kontuan izanik, egindako ikerketek ondorio hau eman diote:

«Inplikatuak 497 (errepresioan inplikatuak, zentzu estuan); Dudazkoak 102 (Salatariak, droga eta trapitxeoa/Traidoreak, barneko etsaiak; Arerio ‘demokratikoak’ (politikoak, kargudunak, funtzionarioak, kazetariak…; Inplikazio zuzenik gabeko poliziak edo militarrak (jubilatuak etab.); Zerga iraultzaileen arazoak; Inplikatu zuzenen aurkako ekintzetan, ‘albokoak’; Hutsak; Helburu zibil zuzenak) Inplikatugabeak 243».

Laburbildurik: Inplikatuak: %59; Dudazkoak: %13; Inplikatugabeak: %28.

Analisia oraindik gehiago zehazten ahalegindurik: «Biktimen konportaera indibidualean ziblatu atentatuak: %26,8; Biktimen funtzio generikoetan (polizia, militar, etab.) finkatuak: %54,9; Saihets ondorioak eta istripuak: %13,5; Guztiz indiskriminatuak: %4,8».

Azken datu horri heldurik, «guztiz indiskriminatuak: %4,8», eta datu hori talde gogor batzuen datuekin konparaturik (IRA: ekintza indiskriminatuak %15,6, eta islamistak, bereziki), ondorio honetara heltzen da Lopez Adan: «Argi gelditzen da euskal talde armatuek indar bat egin zutela diskriminazioa begiratzeko».

Horretaraz gero, etakideak IRAko kide eta islamistak baino begiratuagoak izan direlako, zurituak gelditzen dira? Ez.

Neure iritzira etorrita, lehenago amaitu behar zuen borroka armatuak, gehiegi luzatu zen eta sufrimendu gehiegi ekarri zigun; baina hori esanda, esan behar da nazkagarria dela eta batere etikoa ez, gaur egun ere, gai honetaz espainiar eta euskal politikariek ere egiten duten erabilera alderdikoia, eta, azken buruan, horrela jokaturik, hamazazpi autonomi erkidegoen demokrazia espainola defendatzen eta zuritzen eta bedeinkatzen dutela.

gai delikatu baten manipulazioaz  gai delikatu baten manipulazioaz  gai delikatu baten manipulazioaz  gai delikatu baten manipulazioaz

Saiakera-idazlea

Zer duzu buruan “Biolentzia: gai delikatu baten manipulazioaz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude