Bilboko auzoetan jai dugu
Bilboko auzoetan jai dugu –
Joan den larunbatean @Erreharria txiolari ezagunari hausnarketa interesgarri bat irakurri nion Twitterren Bilboko auzoetako jaien harira: Bilboko Udalak Jai Batzordeei apenas laguntzarik ematen dien bitartean, zenbat diru publiko bideratzen diu ekitaldi pribatuetara, esaterako BBKLive batera?
Nik bere gogoetari zifrak besterik ez nizkion jarri, eta konturatu naiz bilbotar askorentzat harrigarria dela zelako desorekak dauden Bilboko Udalak finantzatzen dituen ekitaldi pribatu eta herrikoien artean. Horregatik, gaurkoan Uriola-k eskaintzen didan tartetxoa erabiliko dut gaiaren inguruan zertxobait gehiago sakondu eta auzoetako jai batzorde guztiei merezi duten esker onak emateko, txalotzekoa baita egiten duten lan izugarria; are gehiago, PNV eta PSEren udal gobernuaren utzikeria kontuan izanda.
Goazen ba datuak aztertzera. Bilboko Udalak BBK Live jaialdira, hau da, hiru egun irauten duen egitasmo pribatu batera, 1.400.000 euro bideratzen ditu. Hori bai, Aburto alkateak beti gogoratzen duen bezala, ekitaldiaren izena “BILBAO-BBK Live da” Bilbao hitza eransteagatik dirutza publikoaren xahutzea zilegi balitz bezala.
Txanponaren bestaldean, zein da herritarrengandik gertuen omen dagoen instituzioak, Udalak alegia, auzoetako jai herrikoiekin duen konpromisoa? 40.000€ bideratzen ditu Bilboko 28 auzoetako jaietarako, festen tamainan edota beharretan erreparatu gabe, jai-batzorde bakoitzak 1.500€ jasotzen ditu gehienez. Non eta 560 milioi euroko aurrekontua duen hiri batean. Ehunekoetan adierazita, Bilboko Udalak auzoetako jaiei ematen dien dirua aurrekontuaren %0,007 baino ez da.
Jarrai dezagun kalkulagailuari eragiten. Kontuan izanda jai-batzorde bakoitzaren gastuen batez bestekoa 22.000€ ingurukoa dela eta, laurdena, Udalak berak derrigortutako azpiegituretara doala (tarimak, eszenatokiak, komunak, segurtasun hesiak…), jai-batzorde batek auzoko jaiak antolatzeko gastuaren %93a bere gain hartu behar du.
Datu hauek guztiak aztertuta, askoren galdera hurrengoa da: “Benetan Bilboko Udalak ezin duela ahalegin handiagorik egin?”. EH Bildutik argi dugu baietz, dirua badagoela eta borondate politikoa besterik ez dela behar auzoetako jai batzordeei merezi duten hauspo ekonomikoa emateko. Horregatik, aurrekontu eztabaidetan urtero aurkezten dugu zuzenketa bat, partida hau igo dadin eta esleipen sistema aldatzeko; baina urtero erantzun bera jasotzen dugu: ezezko biribila PNV, PSE eta PPren aldetik.
Ez hori bakarrik, Udal gobernuak gutxienez azpiegitura kostu batzuk bere gain hartzea proposatu izan dugu ere, eta argi utzi digu ez duela asmorik ezta komunak ordaintzeko. Hori da Aburtoren gobernuak urtean ia 600 jarduera antolatzen dituzten auzoetako jai-batzordeei egiten dien ekarpena. Gogora dezagun doako jarduerak direla, herritar guztiei irekiak, auzoetako bizitza sortzen dutenak, komunitate sareak biziberritzen dituztenak eta auzokideek eurek era boluntarioan antolatzen dituztenak, musu-truk.
Beraz, asmorik ez aurrekontuan konpromiso bakar bat hartzeko eta asmorik ez herritar hauei kudeaketa lana errazteko. Izan ere, ez da diru kontua bakarrik. Izapideak burokraziaz beteta daude. Pentsa, auzo bateko jaiak antolatzeko zortzi leihatila ezberdinetatik pasa behar direla jai batzordeetako kideak: Parte-hartzea, Obrak eta Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasuna, Garraioa, Segurtasuna, Kultura, Osasuna eta Kontsumoa, eta Jaiak. Leihatila bakarra osatzea ere eskatu izan du aspalditik Auzotarrok Kultur Koordinakundeak. Seguru nago Udalaren erantzuna asmatuko duzuela… Beste ezezko bat.
Baliteke Udalaren ametsa izatea jaietako auzoak berez desagertuko direla. Azken finean, honen guztiaren atzean dagoena eredu talka handia da: Jai parte hartzaileen, herrikoien eta parekideen alde daudenak vs ikuskizun huts eta pribatuen aldekoak. Tamalez, bigarrenak daude agintean, eta gutxienez beste lau urtez pairatu beharko ditugu.