Bilbo munduko hiriburu
Bilbo munduko hiriburu
Gasteizi buruz, herrialde berezi bateko hiriburu artifiziala zela abesten zuen Potato taldeak. Eta Bilbo munduko hiriburu dela diote txisteek. Duela gutxi gyre lagun batek, Bilbon bisitan zegoela, harriturik bota zuen facebookean: “Bilbo New York da”.
Egunotan, ordea Bilboren estatusa txisteetatik errealitatera pasa da. Azkunak, Bilbo Euskadiko hiriburu dela adierazi baitu. Bilboko alkatearen beste ‘bilbainada’ bat bezala uler zitekeen, baina adierazpenak hautsak harrotu ditu.
Patxi Lazkozek barkamena eskatzeko exijitu zion Azkunari, baina honek ez du halakorik egin. Arabako PPtik ere egin diote kritika, eta baita bere alderdi kideek ere. Malentxo Arruabarrena Gasteizko udaleko EAJko bozeramaileak Azkunaren hitzak ezegokiak eta onartezinak zirela adierazi zuen. Bere alde atera den bakarra Bizkaiko Ahaldun Nagusia izan da, nahiz eta bere hitzek eztabaida areagotu.
Azkuna ezagututa ordea, harridura eragiten duena ez da Bilbo Euskadiko hiriburu dela esan izana, mundukoa dela ez esatea, baizik.
Euzkadikoa baliteke, Bilbo, edota Gasteiz (‘Capital artificial de un pais singular’ kantatzen zuen Potatok), baina Euskal Herrikoa Iruñea da.
Patxi Lazkozek nahi beste esango du, Odon Elorza ere haserretu egingo da, pikatuko da agian, baina den denok, bilbotarrak, bizkaitarrak ala gasteiztarrak izanda ere badakigu Bilbo dela benetako hiriburua. Bilbon dago biztanleria gehiena, zerbitzu gehienak eta gure herriaren etorkizunerako erabaki garrantzitsuenetarikoak ere han hartzen dira. Eta ni ez naiz bilbotarra….