Bilbo Hiria irratiak, aitortza aldarri
Bilbo Hiria irratiak, aitortza aldarri –
Aurreko milurteko bukaeran sortutako irratia da Bilbo Hiria, jada bere tokia ondo egina duena bilbotar euskaldunen belarrietan. Udaberrian, 22 urte bete dira uhineratu zenetik, eta datorren larunbatean ospatuko dute urtemuga.
Zenbat Gara elkarteko parte den hedabideak borrokan ere badihardu, irrati lizentzia bat dagokiola iritzita, entzuleen artean jada lortua duen tokia Eusko Jaurlaritzak ere aitor diezaion.
.
“Hogei urtez euskal taupada” leloa erabili zuen irratiak 20. urteurrenean. Bilboko euskal taupada izatearen adieran, bilbainada bat lirudike, baina kasu, gaur-gaurkoz Bilbo Handirako euskara hutsez emititzen duen irrati bakarra baita Bilbo Hiria. Datorren larunbatean, ekainak 8, bertako kazetari eta laguntzaileek aldarrikapena eta festa uztartuko dituzte kalean, Albia lorategian, 22. urtemuga ospatu eta irrati lizentzia bat dagokiela aldarrikatzeko. Hauexek izan ditugu berbagai Ane Zabala eta Jabi Zabalarekin izandako elkarrizketa banatan.
Jabi Zabala kazetariak urteak daramatza Zenbat Gara elkartearen komunikazio lanetan (Gabriel Aresti Euskaltegia, Kafe Antzokia, Bilbo Hiria Irratia, Algara Konpartsa…), eta lotura estua du Bilbo Hiriarekin. Irrati lizentzien afera korapilatsua azaltzeko eskatu, eta argi eman dizkigu azalpenak: “iruzur bat jazo da”.
Bilbo Hiria 1997an sortu zen (San Vicente kalean du egoitza, Kafe Antzokiko ganbaran), “eta nagusiki kultura eta gizarte gaiak jorratzen dituen irabazi asmorik gabeko irratia da”, diosku Zabalak, testuinguruan jar gaitezen lizentzien kontua jorratu baino lehen. “Ez da irrati komertzial bat, eta bai komunitarioa, kontzeptu horretan sartzen baita bete betean. Gure aburuz, zerbitzu bat ematen dio Bilboko euskaldun komunitateari, kontutan hartzeko moduko ekarpen positiboa”.
Kontua da 2012an, ordura arte urteak eta urteak geldirik egoniko irrati lizentzien banaketa berri bat iragarri zuela Eusko Jaurlaritzak, PSE gobernuan zela. 2006an eman zion Espainiako Gobernuak horretarako bidea, EAEn 34 lizentzia ematekoa -Bilbori dagokionean, 6 lizentzia-. Eta esan bezala, sei urtez ezer egin gabe egon ostean, 2012an Patxi Lopezen gobernuari bururatu zitzaion lizentzia horiek esleitzea; eta osatu zituzten lehiaketarako oinarriak. “Horiei erreparatuta, guk eta Ramon Zallo bezalako adituek zein irrati libre eta komunitario askok salatu genuen oinarriak ez zirela inondik inora irrati komunitario eta txikien neurrikoak -dio Zabalak-, ezpada irrati handi eta hantusteen neurrirako eginak, maleruski eta maltzurki irrati komertzialak hobetsita”.
Zergatik hantuste? “Sekulako gezurrak esan zenitzakeelako zure aldeko puntuak lortzeko helburuarekin (x lanpostu sortuko zenituela, milioiak fakturatu…), nahiz eta printzipioz ez dagoen horiek benetan gauzatuko direla frogatzeko modurik. Lehiaketaren beste ajeetako bat da, ibilbide kreditatuak baino egitasmo hutsak baloratu zirela, eta hauek hobetsi zirela itxura onekoak baziren eta gauza asko agintzen bazituzten, gero inolako funtsik izan ez arren; zentzugabekeria bat”. Hain zuzen ere hauxe da, geroxeago ikusiko dugun moduan, Bilbo Hiriak salatzen duena; beraiei zegokien lizentzia eskuratu zuela irrati batek, euskarazko egitasmoa garatuko zuela adierazi zuelako.
Bilbon, bi lizentzia baino ez euskara hutsezko irratientzako
EAErako 34 lizentzietatik 11 erreserba egin zituzten euskara hutsezko irratientzako, “bai, erreserba bat gara, indioak bezala”; euskaldunok lizentzien heren bat eskuratzeko baimena dugu printzipioz, aurkeztutako egitasmoak nahiko puntu lortu ez edo bideragarritasunik ez izatekotan horiek ere erdaldunei esleituko zitzaizkiela ere adierazi zen arren.
“Kontua da, 34 horietatik Bilbori sei lizentzia zegozkiola, eta sei horietatik bi euskara hutsezko irratietarako. Eskariak frekuentziaz frekuentzia egin beharra zegoen, eta gu lautara aurkeztu ginen esfortzu handiarekin (txosten bana, eduki kultural eta programazioarekin, bideragarritasun ekonomikoa, proiektu teknikoa…) eta gainera, milaka eurotako bermearekin frekuentzia bakoitzeko!” -zailtasunak izan zituzten, Hala Bedik eta beste askok bezala-. Edozein modutan, behin-behineko esleipenak atera ziren, eta Bilbo Hiriak ez zuen lau horietatik bat bera ere lortu. Hauexek onartu zituzten, hurrenez hurren: Radio Maria, Radio 7, Cadena Dial eta azkena, Onda Vasca, helegite bat jarri eta punteaketetan egindako zuzenketen ondoren Europa FMri aurrea hartuta. “Erdara hutsezkoak denak”.
Jabi Zabalak dioenez, kexa ugari eragin zituzten esleipenek, irregulartasunak ere salatu ziren, “eta gure harridurarako, 2012ko abenduan, bere azken erabakietako batean, Patxi Lopezen gobernuak lehiaketa bertan behera uzten du, behin-behinean emandako lizentziak barne”. Azken orduko atzera egite honi, eskubide osoz, esleipenak jarri zizkioten lizentzia lortu zuten hedabideek -34 esleipendunetatik 17k-, “eta epaitegietan banan banan irabazten joan dira”. Gauzak horrela, aurtengo urte hasieran Eusko Jaurlaritzak, epai guztiak bertan behera uztearen kontrakoak zirela ikusita, zilegitasuna eman dio garaian egindako lehiaketari, “irregulartasunez eta injustizia guztiekin egindakoari, ganorazko balorapen edo ganorazko lehiaketa berri bat egiteari muzin eginda”. Eta erabaki honek berriro ere Bilbo Hiria jokotik kanpo uzten zuenez, “haserretu egin gara eta salatu egin dugu”.
Orduan, zer gertatzen da euskara hutsezko hedabideek Bilbon zituzten bi lizentziekin? “Bat Naiz irratiak eskuratu du, eta bigarrena… Ser kateak aurkeztutako egitasmo batek”. Nola? “Bai, euskarazko proiektua aurkeztu omen zuen Cadena Dial irratiaren izenean. Eta norbaitek sinesten du Cadena Dialek, zeinaren leloa `toda tu música en español” den, euskara hutsezko emisioa egingo duenik? `Toda tu música en español´… Hau iruzur bat da!”.
Iruzur bat, dio Zabalak, “ez bakarrik guri egiten zaiguna, ezpada euskal entzuleari. Eta orain, kexatu egin gara baina beraiek agindutakoa betetzen ez dutela frogatu arte -euskaraz emititu ez, alegia-, ezin duela ezer egin diosku Eusko Jaurlaritzak”. Bitartean, lizentziarik gabe gelditu da euskara hutsezko emisioarekin hogeita bi urte bete dituen Bilbo Hiria, etorkizuna airean duela.
Jabi Zabala agurtu eta ospakizun kontuetara salto egin aurretik, azken hausnarketa bat ere egin digu kazetariak. “Askotan esaten da jaten duguna garela, eta alde horretatik, irratiei dagokienean dialetik paseo bat ematea nahikoa da kolonizatuta gaudenaz jabetzeko. PSE-k egindako irrati lizentzien banaketa zentzugabekeriatzat hartu dut lehen, baina ondorioei begiratuta, ez dakit bilatutako emaitza izan ez ote den”.
.
Bost orduko irrati maratoia, Albia lorategian
Jabi Zabala agurtu eta Ane Zabala kazetariarengana jo dugu -ez, ez dira familiartekoak, ezta Josu Zabala irratiko teknikaria ere-, lizentziak gorabehera Bilbo Hiria irratia ezagutzera eman eta larunbateko ospakizunaz berba egiteko. Piperpolis kultur saioko gidaria da egun Bilbo Hiria irratiko koordinatzailea.
“Euskara da gure irratian protagonista, eta euskal kultura. Hainbat saio ditugu ildo horretatik, baita gizarte gaiak jorratzen dituzten saio monografikoak ere”. Adibide batzuk jartzearren, `Hauxe gure lurra´ izenekoak ekologia lantzen du, eta sexologia `Plazera zure eskuetan´ izenekoak.
“Azken urteetan ahalegin handia egin izan dugu Bilbo Hiria bilbotarrentzako garrantzitsua izan dadin, eta auzoz-auzo joan gara, udal hauteskundeen jarraipen berezia egin dugu… eta abar luzea”.
Irratiak 40 lagun inguruko kolaboratzaile sarea du egun, “irratigintzarekin lotura estuagoa dutenak eta beste alor batzuetatik datozenak”, eta sei orduko programazioa ekoizten du, “egunero-egunero berritzen dena”. Bilbori lotua dagoen Ibaizabal magazina -bi orduz goizean, Zabalak berak gidatua-; Zebrabidea, Arrosa sareko irratiek egiten duten magazina -astean bitan hartzen du parte bertan Bilbo Hiriak-; eta kolaboratzaileen makina bat saio gau partean, asterokoak. Lagin modura gutxi batzuk aipatuko ditugu: `Potto´ (Erlantz Ibargurengoitiak, bertsolaritzaz), `Eremuz kanpo´ (Eneko Olazabalek eta Xabier Landabideak, zinemaz), `Berbaz´ (Eleder Aurtenetxearen elkarrizketak), `Xerezaderen artxiboa´ (Jasone Larrinagak eta Ana I. Moralesen ipuin irakurketak), eta `Soinugela´ (Pedro Elias Igartuak, musikaz).
Eta gainera, azken urteotan beste hizkuntza gutxitu batzuei ere eman die ahotsa irratiak: `Ireki gaiola´(galegoz), eta `De mica en mica s´omple la pica´ (katalanez).
Zerrenda luzea da eta urte luzez egindako lana handia. “Argi dago 22 urtez FM-an jardun ostean lizentzia beharrezkoa dugula, berezkoa izan beharko genuke, eta hortxe dugu erronka”.
Eta larunbateko ospakizunari dagokionez, zer? “Urteurrena kalean ospatuko dugu, Albia lorategietan. Entzule, kolaboratzaile eta lagunekin bost orduko irrati maratoia prestatu dugu, irratia zuzenean bizi dezaten. Berez gorputza eta ahotsa banatzen dituen gailua da irratia, baina larunbatean elkarrekin egongo dira, gorputza eta ahotsa”.
Maratoia irratiaren urtemugaz berba egiteko probestuko dute, “gogorarazi nahi diegu entzuleei hogeita bi urte direla Bilbon euskara hutsezko irrati bat sortu zela”, baina izango dira gai gehiago ere. “Bilbo bera ere izango da protagonista, makina bat bilbotarren bidez; eta `Auzoz-auzo´ saioa hilean behin, auzoetatik bertatik egiten badugu, periferiara joanda (Otxarkoagan, Errekalden, Abusun, Zazpi Kaleetan, Deustuko Erriberan, Arangoitin egon gara… eta falta zaizkigu!), larunbatean erdigunera ekarriko ditugu. Bestetik, eta tartetxo batean, euskarazko hedabideen inguruan ere egingo dugu berba, bizi ditugun gabeziak, arazo eta erronkak…”. Aparte, maratoian, hainbat kolaboratzailek beraien saioetako laginak eskainiko dituzte zuzenean.
Festa Kafe Antzokian itxiko da, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus kantari direla, bertso bazkariarekin.