Bihotza eztabaidaren erdigunean jartzea
Bihotza eztabaidaren erdigunean jartzea –
Alaitz Argandoña Oteizak Bizkaiko Hitzan.
Osasun krisi honetan, murrizketak egin dira hainbat zerbitzutan Bilbon: hala nola pediatrian, Deustuko etengabeko arreta guneko gaueko zerbitzu presentziala ixtean, Samurreko anbulantzien udal zerbitzua kentzean, Olabeagako zentro zibikoko dispentsarioa zarratzean… Azken hilabeteotan, Basurtuko bihotz kirurgiako taldeak jakinarazi digu hango bihotz kirurgiako zerbitzua ixteko asmoa duela Osakidetzak, Gurutzetan zentralizatzeko.
Medikuek, erizainek eta osasun langileek kezka azaldu dute; izan ere, plantilla murrizteaz gain, uste dute ez duela zerbitzuaren asistentzia kalitatea hobetuko, ezta itxaron zerrendak murriztuko ere, kontrakoa baizik. Gainera, bateratze horrek bertan behera utziko du Osakidetzan arlo horretan bigarren iritzi mediko bat izateko aukera. Bestalde, jakinarazi dute zerbitzuak balorazio altua duela erabiltzaileen artean, eta duela gutxi berritu dituztela Basurtuko azpiegiturak. Orduan, zergatik itxi nahi dute zerbitzu hau Gurutzetan bateratzeko? Basurtuko ospitaleko zerbitzuburu gehienek erabaki horren aurkako argudio guztiekin gutun ireki bat bidali zuten Osasun Sailera. Duela gutxi, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ekimen horren berri eman du, eta babestu ere egin du. Ahaztu gabe 54.000 herritarrek baino gehiagok sinatu dutela ekimen horren aldeko babesa Change.org plataforman.
Osasun krisia aurrera doa, eta herritarrak erne daude, beldurtuta, hilabete barrurako hitzordua ematen dietelako, eta telefono bidezko kontsulta medikoetara behartzen dituztelako. Pribatizazioaren espirituak hegan egiten die buruei. Askotan kezkaz entzuten dugu inguruko lurraldeetan osasun publikoa nola ari den desegiten, eta oso kritikoak gara han aplikatzen ari diren politikekin, baina hemen antzeko estropezuak egiten ari dira, eta badirudi inori ez zaiola hain deigarria egiten. Uste dut badela garaia osasunean eta zaintzan inbertitzeko eta zerbitzuen deszentralizazioaren alde egiteko; kasu honetan, osasun zerbitzuen alde, arretaren hurbiltasuna bermatzeko.
Medikuen sindikatua azken mahai sektorialetik altxatu zen ondoren, Basurtuko kardiologiako profesionalen susmoa egia zela agerian geratu da, Osakidetzaren asmoa Basurtuko ospitalea desegin eta eskualdeko bat bihurtzea dela. Medikuek benetako kezka agertu dute gertatzen ari denagatik. Langileek asteak daramatzate mobilizatzen zerbitzuaren “lekualdaketa” geldiarazteko, eta ekainaren 3an, hurrengo ostiralean, 19:00etan Bilboko Jesusen Bihotzaren plazatik aterako den mobilizazioan parte hartzera dei egin dute.
Gogoratu behar dugu osasun krisia ez dela amaitu, eta ezin dugula utzi zerbitzu, azpiegitura, bitarteko eta langileei dagokienez ahulago irtetea hasi zenean baino. Osasun publikoa, hurbila, presentziala eta kalitatezkoa bultzatu eta indartu dezagun!
Bihotza eztabaidaren erdigunean jartzea