Bihotza airean
Bihotza airean –
Mikel Iturriak Harrikadak blogean.
Asteleheneko Faktorian, Euskadi Irratiko goizeko magazinean, erreportaje bat egin zuten COVID-19 gaitzak Osakidetzako Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (izan) duen eragina ezagutzera emateko.
Alde batetik, Gurutzetako Ospitaleko ZIUko burua, Fermin Labaien, eta Gaixotasun Infekziosoetako plantako arduraduna, Josune Goikoetxea.
Bestetik, Donostia Ospitaleko ZIUn martxoa eta apirila bitartean 21 egun pasa zituen gaixoa, Jesus Mari Gabilondo, 70 urteko zarauztarra. Ondo dago Gabilondo orain, bere hitzetan %90a errekuperatuta. Entzumen, ahots eta memoria arazo batzuk baditu ere.
Malkoak eutsi ezinik sumatuko duzu berarekin batera ospitalean egondako 43 urteko Pakoren izena aipatzen denean. Denbora pasa bada ere, oraindik etxetik atera ezinik dabil Pako: enbolia, iktusa… arazo mordoxka.
Gurutzetako buruak dio oraintxe bertan ZIUn 23 urteko mutil bat dela larrienen artean gazteena. Zaharrenak 60 urte pasatxo.
Gasteizen gaixo batek sei hilabete egin ditu jada ospitaleratuta.
Labaien medikuak dio beti alde positiboa erakusten dutela prentsaren aurrean agertzen direnean, baina era berean zehazten du jendeak jakin beharko lukeela zer den senide bat horrelako egoera batean egoteak.
Hitz horiek, baita Gabilondo berak esandako antzeko beste batzuk ere, eraman naute 1990eko otsailera. 21 urte ditut eta Zuzenbide karrerako 4. kurtsoko azterketak egiten ari naiz. Aitak 57 urte ditu eta gaixo dago. Ustez gripeaz jota dago, baina burua altxatu ezinik daramatza hainbat egun. Bidasoako Ospitaletik Donostikora eramango dute oso egoera larrian. Han zuzenean ZIUn sartu. Neumonia atipikoa.
12-13 bat egun pasa zituen zainketa gelan, horietako asko intubatuta. Oso gogoan dut ze gogorra izan zen, kristalaren beste aldean, lehen aldiz aita tuboz eta makinaz inguratuta ikusi genuenean.
Zorionez onik atera zen, nahiz eta aste batzuk pasa ospitalean.
Covid-19 gaitza garatzen denean ez da neumonia soil bat, hori baino askoz gehiago da. Gehienek sintomarik gabe edo oso modu arinean pasako dugu, baina badugu ere oso gaizki pasatzeko aukeraren bat.
Bihotza airean ibili beharrean joka dezagun zentzuz.
Hona hemen saioa entzuteko aukera. Merezi du eta.