Biharamunak eta ajeak (I)
Pasa dira Urriaren 21eko hauteskundeak, eta hemen esan ditudanetatik, eta igandean, atzo eta gaur atera ditudan ondorio batzuekin itxi nahiko nuke blogeko buelta hau. Gaur lehen zatia eta asteon idatziko dudan bigarrenean amaituko dut.
-Itzulerako partida. Itzulerako partidatzat definitu nituen honako hauteskundeok. Nolabait, eta labur azaltzeko, 2011ko azaroan Amaiur eta EAJk Madrilgo Parlamenturako jokatutako partida zen joanekoa eta, urtebete beranduago jokatzen zen, hegemonia politikoaren lehiako bigarrena. Eta norgehiagoka EAJk irabazi du eta ez EHBilduk emaitza txarrak lortu dituelako.
-Demokrazia Berria irabazle. Edo bestela esateko, greziartzeaz nioena aintzat harturik, EAJ garaile. Eta euskal PASOK hondoratuta. Gauza bat EAJk bere programagatik, bere hautagaiatik eta bere izaeragatik irabazi dituen botoak baitira, eta beste batzuk, eredu baten defendatzaile bezala, eta beste alderdi baten igoeraren aurreko dike lortu dituenak (Gipuzkoan, batez ere). Jeltzaleen kanpaina ere, neurtua, PSE eta PPren hautesleak irabaztera zuzendu da Araba eta Bizkaian, eta lortu du.
Ea nola jokatzen duen, (eta ea Greziaren islak gugan jarraitzen duen) joaneko Jaurlaritzak utzi dizkion murrizketak aplikatzeko atakan jartzen denean.
-EHBilduren sabaia. EHBilduk sabaia non zuen galdetzen nuen beste post batean. Bidea izango du oraindik egiteko, baina eremu batzuetan kudeaketaren desgastea nabaritzen hasia da (Gipuzkoan batez ere) eta horietan ilusioaren eta aldaketa aukeraren bandera baino gehiago beharko du botoak erakartzeko. Bere hautesle esparrua ireki nahi badu, hartzaile potentzial horiengana zabaldu beharko ditu estrategia eta mezuak ere, bere oinarrizko baloreei uko egin gabe. Eta horrek gai arantzatsu batzuetan gerri politiko malguagoa eskatuko dio.
-Lidertza morala. Urkulluri dagokio hartzea eta EHBilduk ere hala eskatu dio. Harengan ezarri dituzte herritarrek konfidantza, fedea eta itxaropena. Gutxiengoan dago, eta ikusteko dago gobernu akordiorik bilatuko duen PSE edo EHBildurekin edo bakarrik gobernatzearen aldeko hautua egingo duen, akordio puntualak proposatuz. Lehenak segurtasuna du, baina baita kontrapisu bat izatea ere gobernuaren baitan. Bigarrenak, lidertza aske baina ez hain segurua bermatzen dio, autonomia gehiagoren aferan edota azpiegitura garrantzitsuenean bide egiteko aukera ezberdinak luzatuz, bazkide ezberdinekin. Urkulluk erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu, eta estadista talla eman beharra ere suertatuko zaio. Ea neurria ematen duen, Lopezek ardura horretan, listoia baxu utzi baitzuen.
-Alderdi “txikiak”. Ezker Anitzak testuingurua alde zuela idatzi zuen Ion Ansak, eta ados nengoen, baina kanpaina zaila zuen, zatiketa oso delako, hasteko, traumatikoa, eta jarraitzeko, sigla nahasketak eta komunikabideetan espaziorik gabe, nekeza delako definizio zehatz bat izatea, eskaintza luzatzeko aukera izateko ere. EQUO, Ezker Batua eta Ezker Anitza berez ere hautes eremu laburra denean lehian aritzea ere oztopo da. Emaitzak direnak dira: hiruen artean 45.000 bozka. Mikel Aranak dimisioa emanda, ikusteko dago etorkizun hurbil edo ertainean hautes espazio hori bakar batean artikulatu daitekeen. Dakidana da, eserleku bakarra atera balute ere, urrezko eserlekua izango litzatekeela, ezker usaineko gehiengoa lortzeko ilusio matematikoa behintzat izateko.
-Inkestak. Inkestek efektu asko dituzte, eta gehienak informatzeaz haratagokoak. Gehiago dira sentimendu, itxaropen eta espektatiba sortzaile. Mikel Peruarenak prentsan ateratako inkesta guztiak parekatu zituen. Nor hurbildu zen gehien azken emaitzara? Besterik da ordea, inkesta horiek ze espektatiba sortu zituen hartzaile potentzialengan eta nola elikatu zituen EHBilduren ilusioak (eta nola, kontrara ere, aldi berean, Bildu-ren aurkako boto emailea ere).
Asteon beste ondorio batzuk.