Bigarren Sagardo Azokaren arrakastaz… eta musika egitarauaz

Amaitu da 2013ko Donostiako Aste Nagusia, eta harekin batera, baita GORENAKek antolatutako bigarren Sagardo Azoka ere. Arduradunek adierazi digutenez, Azoka arrakastatsua izan da, eta datorren urtera begira, jarraitzeko hauspoa ematen die horrek.

Abuztuaren 10etik 17ra (12:00-16:00 / 19:00-00:00), Donostiako Katalunia Plazak sagardotegi itxura hartu zuen: Punta-puntako 13 sagardo ezberdin dastatzeko parada egon zen bertan, eta sagardoa txotxetik zein botilatik edateaz gain, bertaratzen zirenek, sagardotegi onenetan bezala bazkaltzeko eta afaltzeko aukera zuten: pintxoak, bakailaoa (tortillan edota saltsa berdean), txuleta, gazta eta sagar dultzea…

GORENAK marka kolektiboaren txapelaren pean dauden 13 sagardogileek elkarrekin egin dute lan; buru-belarri aritu dira zortzi egunez. Indarrak batu dituzte berriz ere, eta gustura agertu dira lortutako emaitzekin: “Donostiak merezi duen tokia eman dio sagardoari. Beharrezko zituen duintasuna eta protagonismoa aitortu zaizkio sagardoari, gure edari nazionalari”, azaldu dute. Eguraldia ere lagun izan dute, gainera. “Hirigunetik atera gabe eta uda garaian -txotx denboralditik kanpo, beraz- sagardoa dastatzen jarraitzeko aukera ematea, sagardoa urte guztian zehar edan daitekeen produktua dela erakustea”, horixe izan da, antolatzaileen aburuz, Sagardo Azoka honen helburu nagusia.

Atzerritar ugari gerturatu da karpara: frantsesak, italiarrak, alemaniarrak, amerikarrak, japoniarrak… eta bertakoek ere bidea ikasi dutela ematen du”, adierazi dute arduradunek. “Badira ia egunero karpan afaldu dutenak ere”, diote. Lehen mailako jeneroa, kalitatezko produktuak, sukaldean ere profesional bikainak… Osagai horiekin, ez da harritzekoa bezeroak asebeteta atera izana. Sagardo Azokan murgildu diren pertsonek, hori guztia topatu dute, eta Katalunia Plazan arnastu duten euskal giroarekin ere pozik agertu dira. Eskaintza gastronomikoaz gain, izan ere, zuzeneko emanaldiak egon dira egunero. Aurten, gainera, musika egitarau hori indartzeko asmoa agertu zuten arduradunek, eta horren erakusle izan dira, 20:00etatik aurrera, Azokako eszenatokira igo diren musikariek eskainitako kontzertuak.

· Abuztuaren 10ean, larunbatean, Iban Nikolai didgeridoo-jotzaileak ireki zuen zuzeneko saioen egitaraua. Oiartzuarrari, 20 urte zituela oparitu zioten bere lehen didgeridooa; harrezkeroztik, Australian zein Europan zehar ibili da, musika-tresna bitxi hau jotzen duten hainbat maisurengandik ikasten, eta baita kontzertuak eta tailerrak eskaintzen ere. Abuztuaren 10eko saioa gogoangarria izan zen: Chill-Out estiloko musika, pieza dantzagarriak, Prodigy-ren bertsio bat… Sagardogileen aurpegiak begiratu baino ez zegoen!

Iban Nikolai t

· Abuztuaren 11ko egitaraua borobila izan zen. Batetik, Simon Goikoetxea, Aritz Goikoetxea eta Agurtzane Irizarrek, txalaparta eta kirikoketa jo zituzten (18:00, Katalunia Plazako belardian), eta horrez gain, sagardogintzaren prozesuan bete-betean murgiltzeko aukera eman ziguten: sagarrak kiskilarekin biltzen jarri gintuzten, lehenik; bildutako sagar haiek pisoiarekin zein matxakarekin zanpatu zituzten, ondoren; dolarean sagarraren patsa estutu… Erakustaldiaren amaieran, ateratako zuku edo muztio hori, bertaratu zirenen artean banatu zuten. Igandean bertan, 20:00etatik aurrera, Arkaitz Miner, Juan Arriola eta Gari Otamendi biolin-jotzaileekin gozatua hartzeko parada izan zuten karpara gerturatu ziren afaltiarrek. Herri-musikaren magalean, eroso aritu zen hirukotea. Gauari txinpartak atera zizkioten, eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea bera dantzan jartzea erdietsi zuten! Ez dago gehiago eskatzerik.

haurra zukua edaten t

Juan, Arkaitz, Gari t OK

· Astelehenean, abuztuaren 12an, Urko Menaia abeslaria gonbidatu genuen gurera. Gitarra astindu eta, folk estiloa jorratuz, kontzertu beroa eta hunkigarria eskaini zuen musikari donostiarrak.

Urko 9 t

· Asteartean, abuztuaren 13an, hirukote bat igo zen, berriz ere, taula gainera: Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarrak, Aitor Antruejo (gitarra akustikoa) eta Jose Urrejola (flauta, frame drum, panderoa…) izan zituen bidelagun. Tradizioa eta modernitatea uztartuz, “Geure” musikan pulunpatzeko aukera paregabea eskaini zieten afaltiarrei.

Xabi h2t

· Ama Birjinaren bezperako gaua berezia izan ohi da. Eta gau bereziek musika berezia eskatzen dutenez, Sagardo Azokara ezin aproposago moldatzen den izena duen taldea –Dasta Musik– izan zen gurean. Paul San Martin aritu zen teklatuan -eta abesten-, Oriol Flores baterian eta David Ruiz baxua jotzen. Jazzaren mundutik datorren hirukote honek, hainbat talde ezagunen bertsioak landu (The Beatles, The Rolling Stones, Van Morrison, Sixto Rodriguez…) eta doinu eklektikoz zipriztindu zituen agertokia eta inguruko mahaiak. Adi egon, irakurle, talde honek zeresana emango baitu aurrerantzean!

Dasta M 1t

· Trikiti bikote batek alaitu zuen abuztuaren 15eko gaua. Trikiti-pieza tradizionalak, herri-kanta ezagunak nahiz eurek konposatutako abestiak; denetik jo eta abestu zuten Maider Labakak (soinu txikia eta ahotsa) eta Ixiar Etxartek (panderoa, gitarra eta ahotsa). Bi musikari handi hauei esker, irrintziren bat edo beste ere entzun ahal izan genuen afaltiarren artean. Dantza-giroa ez zen urruti…

Ixiar eta Maider 3t

· “Artista berrien gaua” izan zen ostiralekoa. Andrea Escribano eta Nerea Collazo abeslari gazteen bisita jaso genuen. Estreinakoz abestu zuten jendaurrean (Ken Zazpiren Ilargia, Maixa eta Ixiarren Iluntzean, The Police taldearen Every Breath You Take, Itoizen Lau Teilatu…), eta ez dut uste azkena izango denik. Txaloak, behintzat, jaso zituzten.

Andrea eta Nerea t

· Simon Goikoetxea, Aritz Goikoetxea, Agurtzane Irizar eta Ismene Tapiaren saioak (txalaparta eta kirikoketa) txundituta utzi zituen, beste behin ere, abuztuaren 17an (18:30) Katalunia Plazako berdegunera hurbildu ziren haur, gazte eta ez hain gazteak. Eta ziur gaude, bertan zirenek, sagardoa beste modu batera ikusiko dutela aurrerantzean. 20:00etatik aitzinera, Iñaki Labakaren ahots ederrak eta gitarra doinuek berotu zuten oholtza gaina. Emanaldi aparta eskaini zuen lezoarrak, edonori oilo-ipurdia jartzeko modukoa. Elkarrekin abesten amaitu genuen gaua… Lepoan hartu ta segi aurrera!

sagarra zanpatzen 2t

Iñaki Labaka t

Argazkiak: Leire Cano

Esker onak, nooooola ez, SEIko Harkaitz eta Mikel soinu-teknikariei, beti bezain fin aritu zirelako.

Bat baino gehiago izan dira II. Sagardo Azokatik ahoa bete hortz atera direnak. Horren preziatua den euskal gastronomiaz eta musikaz gozatu eta, bide batez, sagardoaren kulturan murgiltzeko gune bat topatu baitute, egunotan, Katalunia Plazan, hirigunetik eta festa girotik aldendu beharrik gabe, gainera.