Bideoa eta probokazioa: noren alde, zertarako?

Bideoa eta probokazioa: noren alde, zertarako?

Publizitate-adituek hobeto azalduko dute kanpainako bideo bihurtu denaren atzean egon daitekeena, baina bitartean ondo legoke horiek irudikatzeko ariketa bat. Azken baten, erdal elebakarren “bazterketa” kanpainako lelo nagusi bihurtua zeukan PSEk bideoa argitaratu aurretik ere. Eta horrek, bistan da, aurretiaz egindako plan bati erantzuten dio. Izan liteke barne-inkestek hondamendia iragartzea, demagun Ahal Dugu-rantz doazkiola boto gehienak, eta horiei heltzeko ezintasuna ikusita, jakobinismoan berea zaion boto-poltsa hori bilatu gura izana.

Bideoa eta probokazioa: noren alde, zertarako?Bilboaldean eta Gasteizen nagusiki -edo ia soilki- dagoen boto-emailea duzu buruan, identitatez espainiar, baina sozialki zentro-ezkerrekoa ere baden hori. Baina honezkero PSEk badaukan botoa da, eta ez dakit Araban Ciudadanos edo Alderdi Popularrari diputatu bat edo bi lehiatzeak merezi ote duen kanpaina oso bat horretan zentratzea. Non eta, hasieran esan bezala, barne-inkestek ere hondamendia ez dioten iragartzen. Baina ezin ahaztu PSEren porrota behin eta berriz iragarri arren, beti eutsi izan diola inkestek esandakoa baino hobeto.

Hain zakarra den bideoak, baina, beste asmorik ere baduela esango nuke. Javier Marotoren populismoarekin alderatu izan da, migrazioa eta gizarte-laguntzak konparatzeko koktel lehergarria erabili eta oso emaitza onak eman baitzizkion. Marotok, baina, pertsonon behe-instintuei eragin zien defendatzerik ez zeukan kolektibo baten aurrean, bozkatzerik ere ez duten kolektibo baten aurrean. PSEren bideoa, ordea, gehiengo handi batentzat iraingarria da, gehiengo horren zati bat sozialista da, Eibarren, Zumarragan, Errenterian… euretako asko euskaldun, eta beste guztiek euskararen aldeko apustua egin dutenak familian, eskolan. Hiru hamarkada baino gehiago igaro ostean euskara bermetzat ere izan dezakete euskara, edonondik -batez ere Espainiatik- oposizio batera aurkez litezkeenen aurrean.

Nafarroan gaiak sortu du arrakalarik Gobernuan azken hilotan, eta polemika honen erdian Izquierda-Ezkerrako kideek -eta alderdiak berak– elebakarren defentsarako posizioa markatu du. Zonifikazioak hiru hamarkadako tartea utzi baitio Nafarroari Bizkai-Gipuzkoa-Arabaren aldean, eta hor daude ezagutza datuak Araban, Gasteizen edo Bilbon eta Ezkerraldean, elebakarrak ehuneko 60 edo 50ean eta beherantz doazela (euskaldun eta ia-euskaldunak 20-20 direla, grosso modo). Euskal Herriko mendebaldean euskararen ezagutza unibertsalizaziorantz doa belaunaldi gazteetan, erabili ez arren, euskañola izan arren, dena delakoa izanda ere, euskara ez jakin eta baztertzearen mezua oso zaharkitua da 2016an erabiltzeko Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban (eta aldiz, Nafarroan oraindik astindu daitekeen argudioa da, tamalez)

Alde horretatik, zein luke helburu bideoak? Ezin ukatu nabarmentzea lortu duela. Eztabaidaren erdigunera etorri da, denak hari buruz berbetan. Kontua ez da, “hitz egin dezatela, txarto izan arren”. Inpresioa dut probokazioaren asmoa dela, ea nork heltzen dion amuari, eta amorruz erantzuten dion. Hau da, euskaraz egin ezinik gabiltzanon amorrua piztea, eta PSEren aurka jo beharrean, erdaldunen aurka bihurtzea. Gordin esanda, euskal talibana piztea duela helburu, hura erdaraz goxo bizi denaren aurrean jarri, eta erdaldunak jazarpena -orain bai- sentitzea. Hala, eztabaida “euskaldunak vs erdaldunak” eremuan kokatzen da. Eta hor, noski, euskara da galtzaile, familia misto mordo bat dira galtzaile, eta herri hau euskalduntzeko proiektuari eragiten dio oro har. Eta abertzaleak euskaldunen ordezkari badira, erdaldunek ere beharko dute euren ordezkaria.

Eztabaidaren erdian, Aztikerren lan ezin interesgarriagoa daukagu, euskararen ezagutza eta botoa erkatzen. Euskaldun eta ia euskaldunen % 84k botoa emateko asmoa du, aldiz, 10 erdal elebakarretatik lauk ez dute bozkatuko. Beraz, PSEtik begiratzen baduzu, erdaldun abstentzionista hori mobilizatzeko asmoa ulergarria da. Aspaldi sumatzen zen beste datu bat ere badakar: kolektibo leialik bada, euskaldunek osatzen dute, % 42ko datua hor baino ez dago, eta EH Bildurentzat da. Abstentzioak ere ez du hainbesteko leialtasunik erdaldunen artean. Leialtasun horri beste aldetik begiratuta, oztopo ere bazaio independentismoari, EH Bilduri kasu honetan, beren boto-emaileen % 64 euskal hiztunak badira -eta gizartea ez denez hala oraindik – euskaraz ez dakitenak erakartzeko zailtasuna agerian uzten baitu. Koherentzia deituko dio norbaitek -nahiz eta “koherentzia osoa” nahi dutenentzat inoiz ez den aski izango– eta hori posible da Flandrian edo Katalunian, baina ez biztanleen erdiek baino gutxiagok dakitenean zuk sustatu/salbatu/normalizatu nahi duzun hizkuntza. Hor ezinbestekoa da anbiguotasuna, bi hizkuntzen erabilera, eta horrek ere planifikazio argia beharko luke non/noiz/nori zelan hitz egin.

 


Arrazionalki argudiatuta, eztabaida erraz irabaz daitekeelakoan nago, baina aurkariak esaten duenak, irainaz gain, zein helburu duen argi egon beharko litzateke. Hizkuntzaren ezagutza ia unibertsala den Katalunian ere ulertu dute estrategia berezia behar dela espainolez bizi direnentzat. Eta hori, Bartzelonako aldirietako espainiera hiztun horiek katalanez ere badakitela, gutxi erabili arren.

Gurean, eztabaida independentista diskurtso horretarantz bideratzen hasi da neurri baten, euskal estatua denok hobe bizitzeko eta hartarako behar ditugun tresnak izateko dela nabarmentzean, bestelako argudio batzuen gainean. Hasiera da, bada zerbait. Baina konplexu gutxiagorekin ere aritu beharko da, argi izan diskurtso independentista ezin dela planifikatu honezkero euskaldun eta independentista diren eskualdeetatik, erdaldun elebakarrak gehiengo diren lekuetan pentsatzen baizik. Inork zalantzarik bazuen, eskertzekoa baita kanpaina honetako bideoa. Independentzia-erreferendum baten aurrean egongo litzatekeen diskurtso unionista argitzen du (eta lehen ere erabili zuten “maletak” kontzeptua): “independentzia nagusitzen bada, estatu berria sortzen bada, dena izango da euskaraz, eta euskaraz ez dakizuenoi lana kendu eta kanporatu egingo zaituztete”. Zabarkeria hori hartu, desitxuratu, errepikatu, eta emango du fruiturik. “Independentzia = erdaldunak kanporatu”.

Azken baten, prozesu independentista guztiek jotzen dute polarizaziorantz, eta nola ez baliatu beldurraren diskurtsoa hizkuntzaren aldetik, gehienez ere herritarren herenak baino ez badaki euskaraz? Edozein unionistak gau eta egun baliatuko lukeen mezua da, bere hedabideek etengabe haizatuta, independentziaren aurkako botoa izateko. Eskozian hala egin zuten, hizkuntzaren ordez ekonomia erabiliz. Katalunian saiatu dira hizkuntzarekin, baina absurdua da, Espainiatik etorritakoek eurek egin baitute askotan katalanaren aldeko apustua.

Eta Euskal Herrian nola egin aurre mezu horri? Brotxa gogorreko mezuari ñabardurarekin erantzunez batetik, baina era berean erdaldunekiko mezu propioa ere garatzen. Hipokresiarik gabe, gezurrik gabe, ezkutatu gabe zure estatu-proiektua, herri hau euskalduntzeko egitasmoa, baina era berean, eta ezeren aurretik, bermatuz herri hau denona dela, euskal errepublikak bere herritar guztiak babestuko dituela, dakiten hizkuntzak dakizkitela. Esate baterako, Idoia Mendiak esaten duenean “gaztelera hiztunek eskuzabaltasun handia erakutsi dute”, independentismoak ez luke euskaltzaletasunaren diskurtso defentsiboa hartu behar. Askok egin dio amu horri haginka, “erdaldunak eskuzabal?, etengabe hizkuntzaz aldarazi, ahalegin txikiena egin ez eta eskuzabal?”, instintiboki ulergarria izanda ere, Mendiaren esaldiak bilatzen duen bi komunitateen gezurra agerian uzten du. Nik ezin dut auzoko tabernariarekin euskaraz egin, baina osabarekin ere ez, eta askok gurasoekin edo bikotearekin duten kontraesan horretan sakontzetik ez dugu irabaziko. Aldiz, Katalunian behin eta berriz esan dutena geureganatzea dagokigu: bistan da milaka elebakarrek euskara ikasteko apustua egin ez balute, oztopo guztien gainetik euren seme-alabek euskaraz eskolatzeko ahaleginik gabe, Araba edo Bilbo edo Enkarterri euskalduntzeko herritarren borondaterik ez balego, euskarak ez zukeela aurrera egingo egin duen bezala. Orain, herritarren apustu horrek estatu baten babes instituzionala eta ekonomikoa behar ditu”.

Zeresana eman zuen duela urte pare bat ETB2ko saio baten Hasier Arraizi herritarrek egindako galderen artean, 32 urteko emakume batek galdetu zionean ea euskaraz ikasten ez bazuen Euskal Herritik alde egin beharko zuen.

Egia da bat-batean diskurtso osoa garatzeak baduela zailtasunik, planteamendua amorruz egina zegoela, ukaziotik (“ez dugu ikasi nahi ez eta gure umeek ikasterik ere”), baina hala ere, beste ezeren aurretik, galderari erantzun behar zaiola iruditzen zait: “ez, inork ez zaitu hemendik kanporatuko, errepublika hau denona izango da eta denon ekarpena beharko du…” eta hortik ekin mezu positiboari, sinpleenetik, gaztelania hiztun bezala dituen eskubideak bermatuko zaizkiola bere hizkuntzan bizitzeko, eta euskaldunok dagozkigun eskubideak izateko inork ez duela atzera egin beharko, aurrera baizik, elebakartasuna analfabetismoa bezala erradikatuz eta eleaniztasunerantz eginez. Horrekin batera sartu elebitasunaren aldeko mezuak, hizkuntza ikasteko doakotasuna, bizikidetzarako berbak, baina beti, beti, bermea: zer gerta ere, hau zure herria ere bada, zure errepublika ere izango da, elebakartasun hori gainditzeko tresnak jarri beharko ditu, baina horri eusteko erabaki okerra hartzen baduzu ere, zure herria izaten segituko du, babes eta berme guztiekin.

Euskaraz bizitzen saiatzen garenok, saiatu gabe ere espainol hutsez bizi direnen mundua eurek bezain ondo ezagutzen dugu, euren erreferentzia kultural guztiak ditugu. Eta baliatzen jakin behar dugu. Beti egongo da nukleo elebakar integrista bat, eta okerra litzateke euskaraz bizi nahi eta ezin dugunok beste talde bat bagina bezala kokatzea horien aurrean . Gugandik eurenganaino doazen gris horiek guztiak gure aldean behar baititugu, eta inolaz ere ez euskaldun/erdaldun bi komunitate zatituren irudiarekin. Alperkeriaz/ezintasunez/kontraesanez euskaldundu ez diren, erabat euskaldundu ez diren, inoiz euskaldundu eta gero galdu duten eta beste milaka gris partzial galduko baititugu, eta denak dira ezinbesteko. Denak behar dira errepublika-proiektua babesten.

Probokatzen jarrita, euskaldunak dira orain bertan independentismoak bermatuta dituen ia bakarrak. Ondorioztatu liteke, beraz, oraindik lortzeko dituen pertsona horien hizkuntzan sakondu behar duela gehiago independentismoak, espainolez, bere zakuan dituenen hizkuntzan koherentzian ibiltzen tematu gabe. Batek esango du, “aizue, euskaraz ez baduzue egiten ni gurditik jaitsiko naiz”. Baina ez da egia. Euskaldunek masiboki baietz esaten eta baietz esango diote independentziari, kontraesanak kontraesan. Badakitelako hori duela euskarak bide bakar.

Hobe genuke, beraz, euskarak beharrezko duen estatu hori lortzeko espainol hiztunen oniritzia falta zaigula onartzea, eta beraz, target horren neurrira -eta hizkuntzara- egindako mezua behar dugula barneratzea. Eta are konplikatuagoa den ariketa egitea: hizkuntzaren mehatxua eta beldurra lehen unetik helaraziko dioten mezuen aurrean konbentzitu eta erakarriko dituen diskurtsoa sortu,  bermatu euskal errepublikaren alde egin dezaten, erdaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuko direla sinetsarazi, eta errepublika euskaldun bat diseinatu halaber. Hiztunek eskubideak bai, baina espainierak ofizialtasunik izan behar ez duen errepublika bat, euskara normaltzea helburu baldin badu. Bigarren urrats horri beste une baten helduko diogu.

Bideoa Bideoa Bideoa Bideoa Bideoa Bideoa Bideoa eta probokazioa: noren alde, zertarako?

6 pentsamendu “Bideoa eta probokazioa: noren alde, zertarako?”-ri buruz

  • Egun independentista den koalizio bakarrak, EHBilduk, ez dauka euskaldunoi zuzendutako diskurtso argirik. gazteleradunak oso aintzat dauzka ostera, besteak beste, koalizioaren ohiko jarduna españolez delako nagusiki. Eta Otegi, Goirizelaia, Inarritu eta beste ordezkari asko, españolez bizi direlako nagusiki.
    Koalizio independentistarentzat euskara eta euskaldunak arazo bat gara. Ez dakite oso ondo gurekin zer egin. Areago, badira euskara eremu sinbolikora mugatu behar dela proposatzen duten agintariak.
    Euskararekin gertatzen zaie independentziarekin bezala. Nahi luketela, baina ez dakitela nondik jo, nola formulatu, egitarau jakinik ez daukatela, gogoaz gaindi.
    Independentziarekin hobeto biziko garela bezain balekoa da esatea Espainia eta Frantzia barruan hobeto biziko garela. Hori ez da inondik inora nahikoa. Gurpila aspaldi samar asmatuta dago. Eta horrekin batera euskara eta euskal nortasuna zokoratzen baditugu, ederra kakatza!
    Hain da nabaria noraeza ze, Otegik berak “herri perspektiba batetik” frantsesa ikasteko gonbitea luzatu baitigu. Ergelkeria handiagorik…

  • Peru Dulantz 2016-09-19 13:36

    Azterketa bikaina, komentzitu nauzu: ez dugu tranpan erori behar, baina ezta utzikerian eta zabarkerian ere.

  • Martin Rezola 2016-09-20 08:55

    Ea ondo ulertu dizudan, Urtzi.

    Euskarak aurrera egingo badu, independentzia ezinbestekoa dugu.

    Independentzia lortzeko, espainol hiztun elebakarren aldekotasuna behar dugunez, egin diezaiegun kontratu-proposamen inteligente bat:

    «Zu lasai, segi aurrera zure elebakartasun espainieradunean, nik ez dizut enbarazurik sortuko, ez duzu inolako inkomodidaderik sufritu beharko, nire eskubide linguistikoak etxeko kajoian gordeko ditut, eroso senti zaitezen. Hori bai, trukean bi gauza eskatu behar dizkizut: bat, independentziari babesa ematea, eta bi, seme-alabak euskarazko eskola-ereduan matrikulatzea.»

    Ba ni, proposamen horrekin, atera nazatela zuk aipatzen duzun “zaku” horretatik.

    «Bigarren urrats horri [euskara normaltzea] beste une baten helduko diogu.» Uf… hau nahigabea.

    • Martin, agian ez dut azken hori behar bezain ondo azaldu. Bigarren urrats horri beste une baten helduko diogula esatean, horri buruz beste artikulu bat idazteko asmoa dudala diot, ez independentismoak baztertu egin behar duela.

      Eta kontratuaren planteamendua ere desegokia iruditzen zait, euskaldunak eta erdaldunak dauden herrialdea planteatzen duzulako. Araban esaterako, eta Bilboaldean, bi eremu horien erdian dagoen jende asko dago, zure zakuan nahi ez badituzu, erdaldunen zakura bidaltzen dituzu. Eta orduan bai, euskaldunez koherente eta kontsekuentez osatutako zakua eratuko duzu, baina biztanleen % 20 soilik izango dituzu.

      Euskaldunak % 60 edo 80 diren herri batetik ezin da planteatu zer egin behar duen hizkuntza duela 200 urte galdu zuen herri baten. Eta ez ahaztu euskararen alde gehien egiten duten eskualdeak horiek izan direla. Ehuneko 0tik 35era iritsi den Arabako lautadari zer lezio emango dio hiztunak eta erabilera etengabe galtzen ari den Bizkai-Gipuzkoako herri euskaldun batek?

      Horregatik diot kontraesan hori ezinbestean aintzat hartu behar dela. Batzuek nahi duten bi komunitateen ideia nagusituko balitz, euskaldun-independentista vs erdaldun-unionista, akabo. Absurdua baita bestelako jarrera bat, errealitatean egingo ez duzun planteamendu bat egitea: espainolek bezala hizkuntza jakin beharra ezarriko duzu konstituzioan (beste inork ez dauka hori horrela jasota)? Eta egiten ez duenari zer, mehatxu? Eskubide zibilak kendu? Estatu berri bat planteatzen bada, Espainia baino askoz hobea den errepublika bat egin dezagun.

      Horrek ez du esan nahi euskalgintzak bere helburuei uko egin behar dienik, are gehiago, Katalunian egin den bezala eztabaida piztu beharko luke zein estatu eredu nahi duen. Han, adibidez, eztabaida interesgarria dago, ez katalanari buruz, espainierak izan beharreko lekuaz baizik, (ko)ofizialtasunik behar ote duen eta abar. Gurean ere disenu hori egin beharko da uneren baten, nola uztartu estatu euskalduna -euskara estatu-hizkuntza duena, euskara lan-hizkuntza duen administrazio bat-, eta euskaraz ez dakitenen hizkuntza-eskubideak. Estatu-hizkuntza bat eta bakarra egotea, adibidez, eta gero errealitate bakoitzaren arabera udal edo eskualdeek arautzea beste hizkuntzen lekua, beti euskara lehendabizikoa dela. Horri buruz ari nintzen “aurrerago” helduko niola esatean.

  • Hipokresiaren erresuma:

    “Erramun Osa, secretario de la Academia de la Lengua Vasca, afirma que el euskera “es irrelevante para que una persona acceda a un puesto si tiene formación suficiente”.

    http://politica.elpais.com/politica/2016/09/16/actualidad/1474056241_080405.html

    • Peru Dulantz 2016-09-21 08:18

      Tira, badakizun Espainiako egunkariek titularrak nola egiten dituzten. Ziur naiz Osa jaunak ez duela horrelakorik esan.