Bidekide

Bidekide –

Inaxio Oiarzabal, Sarekidea, NAIZen.


Urte hauetan guztietan esperientzia berriak bizi izan ditut, proiektu desberdinak abiatu eta pertsona asko ezagutu ditut. Irakaspen asko izan dira. Zazpi urte eta erdi hauetan bide oparoa bizi ahal izan dut Saren egindako ibilbidean.

Bidekide

Ibilbide honetan denetarik izan dugu. Une zailak hasieran, ez baitzegoen ia aukerarik presoen egoeran eta baldintzetan aldaketarik emateko. PPk zuzendutako Gobernu itxi baten aurrean ginen, eta gure herrian aldaketarako urratsak egiten ari ginen arren, Madrilen ez zegoen afera honekin ezer egiteko asmorik.

Egoera hori izanda ere, ordea, aurrerapausoak ematen jarraitu genuen; ekiteko modu ezberdinen alde apustu eginez, gure bidetik gure mezu eta iruditegian moldaketekin aproba eginez, ordura arte elkartu ez ginenekin elkartzen eta adostasunak erdiesten. Ez zen bide erraza, konfiantza gutxi zegoen, proiektuan sinetsi eta berau babesten zuen jende gutxi genuen inguruan. Zailtasun eta kritika asko. Oraindik ere, mesfidantza gehiegi.

Desberdinekin, bai ideiez, ibilbidez, bizipenez… bildu, hitz egin, elkar entzun, elkar-ulertzen saiatu, enpatiak eta adostasunak lortzeko jarrerek… zenbat irakaspen…

Urteak pasatu ahala ohartzen naiz zenbat kostatzen den aldaketa bakoitza, zenbat kostatzen den tradizio edo egiteko moduak moldatzea, inertziak eta joerak albo batera uztea. Ezinaren aurrean ekina zein garrantzitsua den ikusi dut, baina, batez ere, ekiteko jarrera, konpromisoa eta konfiantza zein ezinbestekoak diren.

Horretan asmatu dela deritzot, eta kritikak kritika, ezinak ezina, eta lan askori esker presoen alorrean ere aldaketak ematen hasiak dira. Eta ez nolanahikoak gainera, 2015-2016 urteetan genuen argazkia kontuan hartuz gero. Orain Euskal Herrian daude, elkarrekin, isolamendu eta lehen gradurik gabe.

Baina ez ditut soilik lorpenak hor ikusten: bide honetan izan ditugun ezagutza berri eta kide guztiez ari naiz, denek eman digute beretik, guk hortik edan eta hazteko. Egindako bidea irakaspenez beteta egon da. Oso oparoa izan da komunitate osoarentzat, zalantzarik gabe, eta baita, noski, niretzat ere.

Bidean jarraitzen dugu, orain gehiago gara gainera. Bertan gaudenon arteko keinu konplizeak eta elkarren arteko konfiantza azpimarratuko nituzke. Bide hau egin izanaz pozik eta bide honetan jarraitzeko konpromisoz, taldea gidatzetik, Sare osatzen dugun itsaso zabalean bat gehiago izateko gogoz begiratzen diot etorkizunari.

Lagun, taldekide, bidekideok elkarrekin jarraituz helmugaraino, etxeraino.

Bidekide

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.