Bideak eta Lore Hostoak podcastek irabazi dute Kazetaritza eta Komunikazio saria

Bideak eta Lore Hostoak podcastek irabazi dute Kazetaritza eta Komunikazio saria –

Bideak eta Lore Hostoak podcastek irabazi dute Kazetaritza eta Komunikazio saria, hurrenez hurren.

Bideak eta Lore Hostoak podcastek irabazi dute Kazetaritza eta Komunikazio sariaJoan den asteazken ilunabarrean ospatu da, Andoainen, 2023ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia. Bertan eman dira ezagutzera aurtengo saridunak: kazetaritza sariaren irabazlea Bideak podcasta eta komunikazio sariaren irabazlea Lore Hostoak podcasta.

Bi sari, kazetaritza saria eta komunikazio saria, biak maila berekoak: 9.000 euro eta Xabier Lakak RAKSerako berariaz egindako oroikurra eman dira sari banatan. Jarraian saridunak izendatzeko epaimahaiak ezagutzera eman dituen arrazoiak, hitzez hitz:

KAZETARITZA SARIA

Bideak podcasta, Naiz eta Mediabask

Larritasun bereziko gaia jorratzen da Bideak podcastean, askotan ikusten ez dugun edo ikusi nahi ez dugun errealitatearen berri ematen digu, migrazioarena. Irungo Santiago zubia igarotzean, baina baita egunerokoan zapaltzen ditugun karrika eta espazioetan ere begi bistan ditugun pertsona migratuak eta beren istorioak ikusezin bihurtzen zaizkigu, badirudi “betaurreko beltzekin” ikusten ditugula.

Podcastaren zazpi ataletan lekukotasun anitzak aurkezten dizkigute, hunkigarriak, askotan gure barnea mugiarazten dutenak, pertsonalak baina, aldi berean, guztiz unibertsalak. Egitura berak balio lezake idatzizko erreportajea ekoizteko, baina podcast formatuak ahalbidetzen du elementu biziagoak erabiltzea, euskarazko kazetaritzan egun jorratzen ari den bidetik. Sekuentziak ondo lotzen dira, forma biziz, eta atal bakoitzaren bukaerak bultzatzen zaitu hurrengoa ikustera.

Bukatzeko esan Naiz eta Mediabask hedabideen elkarlan honek emaitza ezin hobea eman duela, beste proiektu batzuentzat ere eredu izan daitekeena, ziurrenik.

KOMUNIKAZIO SARIA

Lore Hostoak podcasta, EITB Podkast

Musika eta kalaka uztartzen ditu Lore Hostoak podcastak, EiTB-ren eskutik. Ekain Perezek gidatzen duen podcastean euskal musikari baten bizitza eta ibilbide profesionalean murgiltzen gaitu musikariak gustukoen eta erreferentziazko dituen musikaren bidez. Denboraren mugarriaren zamarik gabe, 60 saiotik gora daude entzungai une honetan. Ekainen ahotsak eta elkarrizketa eramateko erak komunikazio berezia lortzen dute kazetari eta musikariaren artean, entzulea aparteko unibertso batera eramaten duena. Hasiera batean egitura sinplea dirudiena, konplexua da benetan.

Musikariek dituzten musika erreferentziak aurkezten dira saioak, eta horrek aukera ematen digu, saioz saio, euskal musikaren genealogia hobeto ezagutzeko. Bertan egungo proposamen berrienak garai bateko musikekin gurutzatu egiten dira. Kantutik kantura konpainia onean eramaten gaituzte aurkezleak eta gonbidatuak. Hori guztia, hostoz hosto.

Ekitaldiaren gidaritza Ander Arzak kazetariak egin du, eta hitza hartu dute Andoaingo alkate Andoni Alvarez jaunak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Polikako sailburu Bingen Zupiria jaunak. Irabazleek ere hitza hartu dute eskerrak emateko. Bertan izan dira, aurtengo RAKSeko zortzi finalistak, hainbat erakundetako ordezkariak, Kazetaritza Elkargoaren buruzagiak eta euskalgintzako eragile ugari. Ekitaldiak izan ditu gozamenerako musika eta dantza aukerak ere Ainara eta Joana Ortegaren eskutik.

Epaimahaiak azaro hasieran zortzi finalista izendatu zituen aurtengo sarirako. Kazetaritza Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Zelan sentitzen zara? Geuria komunikabidearen ale berezia; Kinka Berriaren podcasta; Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera, Xabier Itzailak dantza.eus komunikabiderako egindako erreportaje sorta. Komunikazio Sariko finalista izan dira, irabazlearekin batera, Muak ET webseriea; #10garrena podcasta; Harpa Jotzen podcasta; azkeneko biak EiTB Podkast-en saioak.

Finalisten artean sarituak aukeratzeko ardura epaimahaiak izan du, eta Marta Lasa Goñi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi ahalduna izan da mahaiburu. Harekin batera mahaikide izan dira: Eneko Bidegain Aire (idazlea eta MUko HUHEZIko irakaslea), Itxaro Borda (euskaltzaina, idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza Ruiz de Alda (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Miren Gabantxo Uriagereka (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Pantxika Maitia (kazetari eta film egilea), Ion Muñoa Errasti (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea) eta idazkari lanetan, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

2023ko sari banaketa ekitaldian, epaimahaiak ohorezko mugarria eskaini dio Menane Oxandabaratzi, Xabier Lakak diseinatutako lana oparituz. Hauexek epaimahaiak baloratu dituenak sari hauek emateko garaian:

Ohorezko Aipamena: Menane Oxandabaratz

Menane Oxandabaratz (Gamarte, 1962) Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan ziren hango euskaldunengana heltzeko, tokian tokiko eta Euskal Herri osoko berriak emateko, euskal musika eta kultura etxeetako sukaldeetaraino sartzeko eta hedabideen kanala hein batez euskalduntzeko. Dozenaka boluntarioen lan militantea ezinbestekoa zen irrati haiek aitzina eramateko, eta Oxandabaratz gidari erreferentea izan zen: irratiko lehendakari ardura bete zuen zenbait urtez eta, batez ere, kazetari boluntario aritu zen hogei bat urtez. “Ez da musik” saioa izan zen haren lan entzunena: Euskal Herriko ehunka jende ezagunen sakoneko elkarrizketa bereziak egin zituen. Hori guztia, bitartean gasnategi batean lanean ari zela.

Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, Herria astekariaren gidaritza hartu zuenean. Astekaria zaharberritu du, dozenaka kolaboratzaileren sareari eutsi dio eta sare hori zabaldu. Lan orduez gain, militantzia ordu anitz eskaini dio herria josteko funtzioa duen astekariari: herriz herriko berrien bidez, gai sozialak jorratuz, Euskal Herriko eta mundu zabaleko albisteak landuz eta aldizkaria osatzeko baitezpadakoa den herritarren sare militanteari kohesioa emanez.

Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela (edo lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela) frogatzen duen horietakoa da Menane Oxandabaratz.

.

Pablo Gonzalezi eta gerra eremuetan dabiltzan kazetariei aipamena

Ez dira garai hoberenak adierazpen askatasunarentzat. Munduan zehar kazetariak ziren lanaren ondorioz. Zaurituak ehunka; preso sartuak edo, besterik gabe, isilaraziak, beste hainbat. 2023 hau ez da oraindik akitu baina iaz baino are hitsagoa gertatzeko itxura guztia hartu diogu. Lerro hauek idatzi orduko 50 ziren Gazan Israelgo armadaren su gupidagabearen ondorioz bizia galdutako informazioaren profesionalak. 50, Gazako muga hertsietatik atera gabe. Iazko ekitaldian salatu genuen eta gauza bera adierazi beharrean gaude aurten ere: garesti dabil kazetaritza. Merke, berriz, desinformazioa eta sasi kazetaritza.

Aspaldi errana da: gerla urte, gezur urte. Horrek Palestinarako balio du, Ukrainarako eta munduko beste hamaika zokotarako. Boteretsuak beren egia inposatzeko baliabide guztiak erabiltzen ditu eta aldeko ez duena itzaltzen. Euskal Herrian ere badugu horren berri. Urte bat eta zortzi hilabeteren ondotik, Pablo Gonzalez kazetariak preso segitzen du, epaiketarik gabe, Poloniako kartzela batean, gure agintariei, itxura batean, ardura handirik piztu gabe. Harendako eta esetsiak diren kazetari guzti-guztiendako askatasuna eta justizia eskatzeko ere balio dezala ekitaldi honek.

Bideak eta Lore Hostoak podcastek irabazi dute Kazetaritza eta Komunikazio saria