Bidart anaiak: “Arrola dantza taldean bizi izan nuen lehen esku-sartzea, edo zango-sartzea, kulturan”
Puntapioak dantzan.eus atarian.
Dantza izan zen kultura eta herrigintzarako Bidart anaien zubi. Dantza, musika, euskara… izan dira euren bizitzetako ardatz eta kulturatik politikara egin zuten bidearen isla. Filipe, Betti eta Jojo Bidart dira Larrun Argiaren azken aldizkari monografikoaren protagonistak. Dantza kontu ugari ageri dira bertan, baita kabalkada, tobera eta libertimenduei buruzkoak ere.
Kulturan aitaren urratsak jarraitu zituzten Bidartarrek, Jean Batisterenak. Arrola dantza taldeko zuzendaria zen eta semeek bide horri heldu zioten txikitatik, bai dantzan bai musikarekin. “16 urterekin hasi zen euskal dantzak ikasten eta 1966an berriz ere Baigorriko Arrola dantza taldea elkartu zuen. Urte luzetan, kanpoko dantza irakasleak Baigorrira joanarazi zituen eta herriko gazteak Hego Euskal Herrira eraman zituen, dantzak ikasi eta emanaldietan aritzeko. Hamar bat urtez sustatu zuen Arriola dantza taldearen bizia eta garai hartan Euskal Dantzarien Biltzarreko bileretan parte hartu zuen. Egun bere ondorengoek dantza talde herrikoiaren segidari eusten diote”.
Gogoratzen dute 70eko hamarkadaren hasieran kabalkada muntatu zutela. “Aita arduratu zen horretaz, eta jantziak josi zituzten gure amak-eta, eta ni ibili nintzen jantziak etxe guzietan banatzen, zeren garai hartan kabalkadan etxe guziek parte hartzen baitzuten, etxe bakoitzetik bazen norbait kabalkadan parte hartzen zuena, eta molde batean beztitzen zen: galtza xuriak, zinta gorria, bolantak…”.
Kabalkaden indarra eta herri batzeko gaitasuna azpimarratu dute: “Zinez herri guziak parte hartu zuen kabalkadan. Tobera gisan muntatuak izan ziren kabalkada eta toberak, biak lotuak baitira–, eta herrikoak oroitzen ziren aitzinako kabalkadaz, hura izan baitzen Bigarren Gerlaren biharamunean, 1946an! Oroitzen ziren ere etxe bakoitzetik kabalkada hartan nork parte hartu zuen“.
.
Elkarrizketa: Etxe baten istorioa, herri baten kontzientzia hartzea (Argia, Larrun, Miel. A. Elustondo, 2023-06-25).
Bidart anaiak: “Arrola dantza taldean bizi izan nuen lehen esku-sartzea, edo zango-sartzea, kulturan”