Bi…rekin

Irudikatzen Errege, Juankar Bourbonekoa, Sanchez Gordillorekin manifestaziotik manifestaziora eta jauntxoen lurrak okupatzen, gaur bai eta bihar ere bai?

Imajinatzen Piqué, Barçako jokalaria, Real Madrilen bazkide eta ahal duen guztietan Bernabeuko harmailetan? Edo Athletic-eko LLorente…?
Ejm… LLorenterena ez da adibiderik onena beharbada, baina, irudika dezakezue Barcina EHBilduren deialdietan erromes?
Edo Arnaldo, Pernando eta Rufi urtero Javieradan parte hartzen UPPNko gazteriekin bat? Nekez ezta?
Bada, euskalgintzan tabu horiek guztiak hautsi genituen aspaldi.
Ez dugu konplexurik batere… erdaraz bizitzeko (euskaraz bizitzea besterik da).

Euskalgintzan adibide aniztasun handia dago, bioaniztasun itzela, nolabait esateko. Hala, (erdaraz bizitzeko) konplexurik eza horri esker, aurkituko duzu euskara hedatu nahi duenik, hedabide erdaldunen bidez.

Ezagutuko duzu euskararen herriaren alde bizitza arriskuan jarri duenik, berea nahiz besterena, baina euskara ikastea burutik pasa ere egin ez zaionik.
Topatuko duzu interneten euskara hedatzeko ardura izanik, lanpostutik kanpo bederen erdara hutsez bizi denik, eta ezagutuko duzu, euskararen normalizazioarentzat erakunderik garrantzitsuenaren buru izanik, bere ardurari lotutako jardueretatik at, erdararen aldeko hautua egiten duenik ere.

Zeren eta “euskaldunok” ez baitugu konplexurik, eta bilbotarrak gogoko duten lekuan jaiotzen direlarik, “euskaldun” askok ere euskararen aldeko aldarria egiten baitute (tokatzen denetan, inor asperrarazi gabe) espainieraz bizi diren arren.

Kondos.