Bi jarrera

Bi jarrera –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

.

Orain dela aste batzuk alemaniar asko zegoen tokian, atzerrian, egotea suertatu zitzaidan eta zinez harritu nintzen ikustean zenbat denbora ematen zuten klima aldaketaz mintzatzen: batek pasa den udan baratzean meloiak izan zituela aipatu zuen, Alemaniako bere eskualdean inoiz ikusi gabeko fenomenoa; besteak azken hilabeteetako lehortea atera zuen; hirugarren batek bere eskualdean basogintzaren inguruan zeuden kezkez hitz egin zuen, espezie aldaketaz, landatu beharreko zuhaitzez; azkenak udalak ibaia eta errekak kontrolatzeko hartu beharreko neurriez, ubide eta dike berriez; plastikoaz, automobilez, garraioaz… Inork ez zuen zalan-tzan jarri klima aldaketa hementxe dagoela, buru gainean dugula oraintxe, eta ez dela, alferrikako leloak dioen moduan, “gure seme-alabek bizi izango duten” zerbait lauso hori. Gasteizera iritsi, etxera, telebista piztu eta Madrileko eta Bilboko kateak albiste berberarekin pozak zoraturik ikusi nituen: hurrengo astebururako eguraldi ona, tenperaturak gora, biba, hondartzak beterik, biba, terrazak beterik, biba, negua aspergarria dela, txo. Bi jarreren arteko kontrastea izugarria iruditu zitzaidan.

Kasualitatea izan daiteke, Madrilen eta Bilbon, Alemanian bezala, klima aldaketarekin oso kezkaturik dabilen jendea badago, ziur, baina giro orokorra bestelakoa dela iruditzen zait. Jorge Reichmann poeta eta saiogileari katastrofista deitzen diote askok klima aldaketaz eta ekologismoaz aritzen denean, ez dela hainbesterako esaten diote, edo teknologia berriek laster den-dena konponduko eta gure zibilizazioa salbatuko digutela (planeta berri batera joango gara bizitzera bestela, lasai). Reichmannen arabera apokalipsia ez da etorriko hementxe bertan dugulako jadanik, apokalipsi isil eta atzeraezina sistema, turbokapitalismoa, errotik aldatzen ez badugu, eta, egia esan, ez dirudi hemen jendeak ezer aldatzeko gogo handirik duenik.

Ahazteko bidean nuen alemaniar horiena, etxera iristean izan nuen pertzepzio ezeroso hura, baina egunotan Gladys del Estalen hilketa gogoratzen dugula konturatu naiz, eta gure kezka ekologikoen benetakotasunari buruzko galderak arrapaldan etorri zaizkit.

Bi jarrera

Bi jarrera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.