Bi drag queen erregina, eta beste bat belztua

Bi drag queen erregina, eta beste bat belztua

.
Errege bezpera ei da gaur, bukatzear dira Gabonak, eta urtero legez makina bat kabalgata izango ditugu Euskal Herrian. Haiekin batera, eta Iruñean batez ere, jada urte batzutako kalapita suspertu da: Gurean makina bat beltz bizi diren honetan, joka dezake zuri batek Baltasarren papera?
.
Hona bi iritzi kontrajarri:.
.

.

Oier Araolazak aspaldi heldu zion gaiari, eta Argia egunkarian “Baltasarren dilema: beltza ala belztua?” idatzi (2009ko abenduaren 24an). Hauxe zioen bertan:

Bi drag queen erregina, eta beste bat belztuaErrege eguna hurbil da eta plaza publikora haserre itxuran agertu dira etorkinen zenbait elkarte. Baltasar erregearen paperean jaiotzez beltzak ez direnak aurpegia baldarki belztuta agertzea burla, gutxiespen keinu eta irain arrazistatzat jotzen dute. Herri guztietan larruazal beltz jatorrizkoak auzokide ditugun garaiotan hobe genukeela “bertsio originalak” egokitzea Baltasarren larruan, eta ez pintura merkez belztutako zurien pantomima sinesgaitzak.

Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”. Badirudi Baltasarren belztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun.

Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.

Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen.

Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe.

.

Ana Isabel Moralesek erantzuna eman zion Oier Araolazaren idatziari iaz, 2014ko urtarrilaren 7an, berau gezur batean oinarritzen dela iritzita:

Bi drag queen erregina, eta beste bat belztuaLanbideak zeozer irakatsi badit, hori da kontestuaren garrantzia: hau da, gauza bakoitzak bere kontestuan hartzen duela esangura, eta ezin dela ekintza bat hartu modu isolatuan eta unibertsalki baloratu. Esplikatuko naiz: mozorrotzea eta “trabestitzea” ez da berez, bere horretan, ez aurrerakoia ez kontserbatzailea, bere testuinguruan interpretatu ezean.

Shakesperearen garaian gizonek egiten zituzten andreen rolak taula gainean, emakumeek debekatuta zutelako. Beraz, ez zen batere apurtzailea edo askatzailea gizon bat Juliettarena egiten ikustea. Ezin da konparatu Yogurinharen lanarekin, hori bada apurtzailea, hori bada arau hauslea eta ahots ugaritzailea. Era berean, zuri batek aurpegia margotzea arraza zurikoa ez den bat antzezteko, kasu honetan, ez da inongo taburen apurketa, maistreaming gogorrena eta betikoena perpetuatzea baino. Eta zein da hori? Ba, ikusgarri izateko eta botereguneetan egoteko hiru baldintza bete bhear dira gure gizartean: white, male and middle aged izatea.

Beraz, margoztutako Baltasar horiek hegemoniarik arruntenari eutsi besterik ez dute egiten: inork baino leku gehiago okupatzea, toki guztiak eurek betetzea. Oier Araolazaren komentarioa falazia batean oinarritzen da: badirudi, hainbeste aurreratu dugula figura folklorikoen dekonstrukzioan, hainbeste etapa erre ditugula non dagoneko eduki ditugun hiru erregina, bi errege Asiatiko eta beste bat beltza, bi drag queen erregina inuit eta errege gotiko zuri bat… Eta nola etapa guztiak erre ditugun eta guztiz dekonstruitua dugun, ba, zergatik ez dira egongo errege beltz pintatuak eta errege beltzak zuriarena egiten? Ya: kontua da ez dugula etaparik erre oraindik, eta egin dugun gauza bakarra dela beti-beti-betikoa. Eta, feministok diogun moduan, emakumeak ikusgarriago izateko, gizonen bat kendu egin beharko da, ezta? Ba hemen berdin.

.

Bukatzeko, Iruñeara itzuli eta atzo bertan dantzan.com atarian argitaratutako iritzi batekin itxiko dugu afera. Gaia saihestu ezinik ei dabilen Aritz Ibañez Lusarretak hiru hari-mutur ikusten dizkio ika-mikari: Fernando Lizaurrena, pertsona beltzen eskubideena eta folklorearen infantilizazioarena. Hiruretatik egin du tira, “Iruñeko Baltasar: korapilatutako mataza” sarreran.

* Argazkiak Pello Argiñarena eta Asier Azpilikuetaren txio banatik hartu ditugu.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.