Beste oztopo bat baserritarrontzat: Ticketbai
Beste oztopo bat baserritarrontzat: Ticketbai –
Gutxi omen gara baserrian bizimodua topatu dugunok –populazioaren %1–, eta susmoa dugu gero eta gutxiago izango garela. Garai zailak –hauek ere– baserritarrontzat; are zailagoak, txikitik lan egitea erabaki dugunontzat.
Txikitasunetik lan egiteak gaitz askotatik libratu gaitu. Zorpetze handietatik, adibidez. Merkatu globalizatuaren putre espekulatzaileen atzaparretatik –neurri batean edo bestean, zeri buruz ari garen–.
Txikitasunetik lan egiteak aukera eman digu gurdibideetan aurrera-bidea topatzeko. Baserrietan behar dugunaren zati handi bat inguruan eskuratzeko, esate baterako. Gertuko erosleekin sareak josteko. Herrietako dendari txikiekin lan egiteko. Edota herritarrekiko zuzeneko harremanari eusteko azoketan, izan asterokoak ala noizbehinkakoak.
Halere, txikitasunaren gurdibidean, badira oztopoak, eta ez dira guk jarritakoak. Ezta herritarrek jarritakoak ere. Oztopo nagusiak administrazioak berak jartzen dizkigu, bere bertsio guztietan –izan Osasun Saila, izan Ogasuna…–; eta horiek tartean, zailtasun handiak ditugu orga osorik –eta zama galdu gabe– aurrera egiteko.
Hektarea eta buru kopuru gutxi ditugulako dirulaguntzetan besteek baino dezente gutxiago kobratzen dugu. Ezer kobratu gabe geratzen dira maiz baserriaren etorkizuna dibertsifikazioan aurkitu dutenak. Inork ez ditu aintzat hartzen komunitateari etxe horiek eta dituzten lan-moldeek dakarzkiguten onurak, horiek hartzen dituzten lanaren tamainakoak izanik ere. Normalean, lursail aldapatsuak eta pobreak izaten dira –asko pinudiak izandakoak–, eta zailtasun horiek ere edozein neurgailutatik kanpo geratzen dira, baserritarrarentzat lan handiagoa suposatu arren.
Exijentziak, ordea, handien parekoak dira kasu askotan eta, gehienetan, itogarriak. Horietako bat ekarri nahi dizuegu, azkena: Ticketbai. Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean horrela deskribatzen dute: hiru foru aldundiek eta Jaurlaritzak batera abiatutako proiektua da, eta bere helburua lege eta teknika arloko betebehar batzuk ezartzea da. TBAI indarrean jartzen denetik aurrera, jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek erabili beharko baitute argitaratzen diren beharkizun teknikoak betetzen dituen fakturazio software bat.
Handi ala txiki, azoka asko ala gutxi, zuzeneko salmentan oinarritzen den baserria izan ala ez. Denok egin beharko dugu, kasu askotan, gure neurritik kanpo dagoen inbertsio bat. Ulertzen dugu iruzur fiskala saihestu behar dela, baina gure susmoa da ez garela baserritarrok iruzur handiena egiten dugunok, eta gure egoera prekarioa ikusita, are gutxiago aberasten ari garenok.
Era berean, ulertzen dugu administrazioak, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun Sailak, bere baliabideak garatu behar dituela helburu horiek betetzeko; ez, ordea, baserritarrok behartu gure gain hartzera berak egin beharko lituzkeen inbertsioak eta lanak. Osterantzean ere, nahiko lan ditugu bizkar gainean.
Ulergaitza egiten zaigu, aldiz, nolatan Ogasun Sailak ez dituen aintzat hartzen sektore honen ezaugarriak eta egoera eta bizi duen egoera gero eta prekarizatuagoa; ohiko martxak eskatzen dituen gastu arrunten prezioen gorakada etengabeak, besteak beste. Ez, ez da nahikoa gailuak eskuratzeak eta horiek atzetik dakartzaten inbertsioak diruz laguntzea. Horregatik, besteak beste, justiziagatik, eskatzen dugu Ticketbai sistema doakoa izatea, oso-osorik, edozein dela sektorea –merkatari txikien kasua, adibidez–, betiere, gu bezala, txikitik ari denean.
Ulergaitza, halaber, lehen sektoreari buruzko hainbeste ikerketa eginda, hainbeste datu jasota, nolatan inork ez duen antzeman Gipuzkoan –beste lurraldeetan bezala– baserri mundua oso anitza dela. Gerturatuz gero, erraz ikusten da bi muturrak daudela. Baserri batekoak egon daitezke, aldi berean, azokan, kontsumo-taldean eta dendaz dendako banaketan –eta horrek ez du esan nahi dirua erruz irabazten dutela, baizik eta behar-beharrezkoak dituztela aurrera egingo badute–. Zenbateko inbertsioa egin beharko du etxe horrek egun horretako salmenta guztietan tiketa emango duen gailu bat izateko? Aurrekontuak askotarikoak dira; alde batetik, aurretik baserritarrak zer inbertsio egin duen gailu informatikoetan –eta horiek eskatzen duten softwareetan–, eta, bestetik, inbertsio horri emango dion erabilera. Izan ere, badira azokak oso tarteka egiten dituztenak, eta horiek ere gailua izan behar, agian, urtean lauzpabost aldiz erabiltzeko.
Egoera guztietan, halere, indarrean sartu baino hilabete lehenago egiten diren inbertsioek jaso ahalko dute, errentaren arabera, asko jota, gastuaren %60ko kenkaria. Digitalizaziorako dirulaguntzak ere badira. Ez da erraza, ordea, baldintzak azaltzen dituen testua ulertzea –ezta horretan ari direnentzat–. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza horiek, estaltzekotan, estaliko lukete gastuaren %40 asko jota. Edozein kasutan, zaila baserriko produktuekin zor horri aurre egitea eta hemendik aurrera Ticketbaik suposatuko duen gastu finkoa.
Gurdibideak ez direla errazak jakin badakigu; pauso bakoitzak bere estrategia duela, aurrera egingo badugu; zama ongi zabaldu eta atonduta behar dugula, oreka mantenduko badugu; idi-parea behar bezala zainduta egon ezean, adarrak jasoko dituela –eta harekin batera, guk–; bideak egoera onean mantendu ezean, aurreko guztia zalantzan geratzen dela.
Beste askotan bezala, administrazioaren lana –besteak beste– bideak mantentzea da, ez bakarrik handi eta azkarrentzako autobideak; baita bidezidorrak eta gurdibideak ere, motelago eta seguruago ibili nahi dugunontzat, lana herrian bertan eta herriarentzat egiten dugunontzat. Horretarako, funtsezkoa da egin beharreko inbertsioak egin eta jarri behar dituen baliabideak jartzea –pertsonalak eta teknikoak–; hau da, ezin da zamatu lehenik ere pisu handia duena. Bestela, berandu baino lehen azalduko dira putreak zeruan, bidean tripaz gora geratu diren gurdikada eta idi-pareari noiz helduko zain.
Akaso, jada, hasiak dira bueltaka.
…
Txanpon askearen erabileraz erantzun behar genioke Ticket BAI ri : https://moneda-libre.org/