Bertsozale elitistak (edo “oso ondo ibili da hain gaztea izateko”)

  Bertsozale elitistak (edo “oso ondo ibili da hain gaztea izateko”)  —   

Begirada atzera botako bagenu, argi da bertsolaritza asko aldatu dela azken hamarkadetan. Lehenengo tabernatik oholtzara egin zuen salto. Gero bertsolariak karrera unibertsitarioak egiten hasi ziren. Ostean errelebo generazionala delakoa heldu zen. 2010eko hamarkadan edo heldu ziren saio postinpresionistak. Janzkeran ere izan da aldaketarik: txapelak orain bakarrak jantzi ohi ditu, txandalak bide eman dio pitilloari, beltzaz gain fosforito apur bat ere azaldu da…

Ordea, zerbait aldatu bada bertsogintzan entzulea da. Orain badira bi bertsozale mota: bertsozale-bertsozaleak eta txapelketako bertsozaleak. Eta, zoritxarrez, azken hauek geroz eta pisu handiagoa dute plazan. 

Bertsozale-bertsozaleak bertso-eskoletan sortutako horiek dira gehienbat (horrek ez du esan nahi bertso-eskoletatik kanpo halakorik ez dagoenik). Normalean gaztetan zaletu ziren hitzaren kirol nazionalera. Bertsolaritza modernizatzeko gogoa badute, baina, aldi berean, nolabaiteko tristura nostalgikoa sortzen die kartzelako ariketa ganbarako ariketa bilakatzeak. Lazkao Txikiren, Pernando Amezketarraren eta Txirritaren marrazki bizidunen ale guztiak ikusi dituzte honakoek. Eurentzat edozein plaza izan daiteke ona. Gehien bertso-eskolako zein bertso-udalekutako adiskideen saioak aditzen gozatzen dute eta eskolartekoa Txapelketa Nagusia bezala bizi dute. Frikiak dira, bai, baina harro daude hortaz.

Bestalde, txapelketako bertsozaleak ahal duten guztietan 2009ko, 2013ko, 2017ko ala 2022ko finalean egon zirela gogorarazten dizute. Lagun batzuekin joan omen ziren finala ikustera eta ikaragarri gustatu omen zitzaien. Hori dela eta, lau urtean behin bertsozaletzen dira. Ez dituzte ezagutzen gutxienez Euskal Herrikora sailkatu ez diren bertsolariak eta puntako bertsolariek osatutako saioak soilik ikusten dituzte. “Eske niri Maialen Lujanbio me encanta! Ez du bertso txarrik botatzen. 2017ko finalean abestu zuen hori… nola zen… Miribillako rotondan… uf!”. Gazte-saiorik ez dute ikusi sekula, baina gazte batek puntako saio batean parte-hartzen duenean “ze graziosoa gazte hori, oso ondo ibili da hain gaztea izateko” eta “nabari zen maila baxuagoa zuela, baina bere adinerako ez da gaizki ibili” dira euren esaldi unibertsalak.

Zoritxarrez, puntako bertsolaritza modernoan azken hauek dira nagusi. Egun Euskal Herrikora sailkatu ez diren bertsolariek ez dute lekurik plazan. Finalisten saioek betetzen dute edozein txapelketaren osteko agenda. Herriko bertsolariaren arau ez idatzia desagertu egiten da halako saioetan eta Gipuzkoako Txapelketan 56. geratu zen bertsolariaren izena ezabatu egiten da. Tira, eta hori Gipuzkoa delako. Arabako 6 finalisten izenak zenbatek dakizkite?

Artean, plaza postpandemikoak txapelketa itxura hartzen du egunez egun. Bertso-bazkariak, balkoitik balkoirako saioak ala barra ertzeko librekoak desagertu egin dira, badakizu, COVIDa dela eta… Orain dena da JAIALDIA. Eta, badakizu, hor plazako bertsolariak… Gehiago saltzen du Arzallusek Aizpuruak baino.

Zer esanik ez gazteen egoerari buruz. 15 urterekin plazaratzen dira ala, hobeki esanda, txapelketaratzen dira. Lehen oholtza: lurraldeko eskolartekoaren kanporaketa saioa. Publikoa: gurasoak, bertso-eskolako kideak eta eskolartekoan abesten duten ala duela gutxira arte abesten zuten gazteak. Nerbioek zure ahotsa behar bezala proiektatzen uzten badizute eta arraunlariek bezala “neguan lanak ondo egin badituzu”, lurraldeko finalera sailkatzen zara. 

Gipuzkoar kasura joko dut berriz ere, hobekien ezagutzen dudana delako: Lasturgo taberna, ostirala (eskola eguna) gaueko hamaikak pasata, 15 gradu, bertso afaria. Publikoa kanporaketetako antzekoa baina bider hamar. Lehen biak Euskal Herriko Eskolartekora. Txapelaren lehia 7 bertso puntuagarriren baitan, horietako 4 zortziko txikian, 2 zortziko handian, 1 gehienez ere hamar puntuko neurrian. Nekea, nerbioak, antsietatea, pixagura eta amaitu da saioa.

Bi, esan bezala, Euskal Herrikora. Beste laurak jostailu hautsien kutxara. Makro-bertso-eskola bateko kidea bazara, apika, bertso-eskolak antolatutako saioetan tokia izango duzu. Bestela, akaso, urte bete saiorik gabe, hurrengo urteko kanporaketara arte. 

Euskal Herrikoan ziurrenik izen apur bat irabaziko duzu, bereziki hanka gehiegi sartzen ez baduzu. Lehen seirei urte horretan gazte-sariketetara deituko diete. Horietan seitik hiruk nahiko maila altua erakutsiko dute (“oso ondo ibili da hain gaztea izateko”) eta saio kopurua esponentzialki haziko zaie. Gainerakoek baliteke publiko artean begirada konplizeren bat aurkitzea eta saioren batean izen ezagunagoen artean tokia aurkitzea. Sebastian Lizasok behin esan zuen bezala, txapelketa batean irabazi batek egiten du, baina galdu askok egiten dute.

Hala, elite batek hartzen ditu plazak. Eta ez pentsa “elite” horren errua denik, eurek merezita dute lortutako guztia. Arazoa entzule elitistarena da. Entzule elitista hori (txapelketako bertsozale bezala ezagunagoa), zeina “izen handirik” gabeko saioetara ez den hurbiltzen, zeina ez den gai bizirik dauden Ipar Euskal Herriko hamar bertsolari aipatzeko, zeina ez den gai txapelketa batean finalista izan ez den bertsolari bat irudikatzeko.

Bertsolaritza elitearen kirol bat bilakatu da, non oholtza gainean ez duten lekurik plazako bertsolariek. Ez da posible 2023an oraindik udalekin borrokan ibili behar izatea herrian antolatutako saioetan gutxienez herriko bertsolari bat izateko, zeinarentzat “igogailu sozial” bakarra herriko festetako bertso-saioa den maiz. 

Itzul gaitezen, arren, bertsozaletasun osasuntsuago batera, non bertsolaria ez duten bertsolari egiten buru gaineko txapelek. Aitor Mendiluzek 2008an Oñatin abestu zuen bertso bat ekarri nahi nuke gogora, non txapela final ostean janzten zela baina plazaz plaza irabazten zela zioen. Eman diezaiegun aukera bertsolari guztiei plazetan euren talentua erakusteko eta gero, lau urtean behin, ikusiko dugu nor moldatzen den hobe txapelketan. Dena ez da puntuen bidez neurtzen. Eta, ados ez bazaude, egin ezazu zuk zeuk aproba plaza baten aurrean jartzen eta “bertso pare bat” abesten, ea zer moduz moldatzen zaren.

Bertsozale elitistak (edo “oso ondo ibili da hain gaztea izateko”)