Bertsolarien erretorika (3/7)
“Talentu handiko jendea dabil hor, dohain izugarria duena hitzekin, baina zalantza dut kontzeptuaz”, dio Atxaga idazleak bertsolariei buruz. Talentu handiko jendea, aitortzen du eskuzabal. Baina hurrengo lerroan talentu horren esparrua zehazten du. Bertsolarien dohaina hitzekin jolasteari doakio. Amurizak berak liburu batean, “hitz-joko nazionala” deitu zion bertsolaritzari. Hori da, bada, bertsolarien dohain izugarria: hitzekin jolasteko gaitasuna.
Baina kontzeptuaz, ai!, zalantza du idazleak. Eta adibide zorrotza jartzen du: “Irabazle izango zenari halako gaia jarri ziotenean – aita atentatuan hila zuen umearena, edo – , eta horri buruz bat-batean kantatu zuenean, haren erantzunak kontzeptuan arazo izugarria zegoela erakutsi zuen”. Adibidea ondo aukeratuta dago, biktimen gainean saltsa asko botatzen da eta. Eta justu hor bertsolarien ezintasuna nabaritzen du idazleak. Entzule arruntak ez du arazo hori sumatuko agian, baina kontzeptuak landu eta fintzeko idazkeraren ahalmena ezagutzen duena laster jabetzen da gabezia horretaz. Azkarrak eta trebeak dira bertsolariak, baina ezin dute erretorikaren zipriztina saihestu. Izan ere, bertsolariak haien jokoaren egituragatik — idazkera ez erabilitzeagatik, hain zuzen — kondenatuta daude diskurtso lerratiak eta azalezkoak egitera.
Diskurtso baten irazkia kontzeptuak dira. Kontzeptuak, formak, egiturak, hor dago, Atxagaren ustez, bertsolarien hutsunea. Bertsolarien hitz jokoa alaia eta trebea da, baina kontzeptuen diziplina falta zaio, eta horregatik – nahi gabe agian, baina nahitaez – erretorikaren saltsan irristatzen dira.
“Mingainak ez du hezurrik, horregatik makilaren agindua behar du zuzen ibiltzeko”, dio atsotitz batek (arabiarra agian?). Halako zerbait gertatuko litzaieke bertsolariei. Hitzekin jolasteko mingain arin eta trebea dute, baina tamalez kontzeptuen makila falta zaie. Kontzeptuen makila idazkerari atxikirik dago. Formak, egiturak, kontzeptuak idazkeraren bidez baino ezin dira landu eta sortu. Kontzeptuen makila bakarrik idazkeraren bidez eskuratzen da. Hala bada, bertsolariek beren mingaina zuzendu nahi izanez gero, idazten hasi beharko lukete. Hori egin ezean, erretorikaren saltsan beti palastan jarraituko dute. Plisti-plasta, plisti-plasta. Eta zenbat eta zipriztintze gehiago sortu, hainbat eta handiago eta ozenago izango dira masaren txaloak, eta hainbat eta lerratiagoak kontzeptuak.
“Agian, zegoen tokian, hamahiru mila lagun haien aurrean, eta, normalean, ideologia jakin bateko pertsonen aurrean…” iradokitzen du Atxaga idazleak, bertsolariek masarekin duten mendekotasuna azaltzeko. Lehen ikusi dugunez, erretorikak, ezagutza hondatzeaz gain, zintzotasuna ere kolokan jartzen du. Masa da zintzotasunaren ardatza okertzen duena, masa baita, bestea eta arrotza dena ukatuz, bere partikulartasuna unibertsaltzat inposatzen ahalegintzen dena. Masaren alderdikeriari eta fanatismoari aurre egitea ez da erraza, azkarrak ere haren mendean erortzen dira eta. Ez da kemen kontua ere, adoretsuenak ere masaren aurrean makurtzen dira eta. Idazkeraren laguntza ezinbestekoa da masari aurre egiteko. Horregatik idazkeraren laguntza ez duenak ez du ausardiarik izango masaren iritzi lerratiei aurre egiteko. Horregatik bertsolariek, liburu batean esango ez luketena, masa lerrati horren aurrean makurturik, diotena diote.
Kontzeptu egokiak eta masarekiko distantzia kritikoa, hori da bertsolariei faltako litzaiekeena, bada. Gabezia hori, idazlearen iritziz, liburuaren bidez baino ezingo lukete gainditu bertsolariek.