Bertso ttikietan
Bertso ttikietan –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Burumakur dabil jendea nire inguruan, behintzat. Estresatuta eta agobiatuta. Kurtso amaieran gaude, eta normala da kantsatuta egotea. Baina aurtengo neke arruntari egoerarena ere gehitu zaio. COVID-19aren esperientzia, gerra haizeak, prezioen igoera, lanetan gero eta exijentzia handiagoa, klima aldaketaren mehatxua, ondoez emozionala (I can’t get no satisfaction) satisfazioa topatu ezina… No future oihukatzen zen sasoian baino future gutxiago dagoela orain, alegia.
Neke pandemikoa gainean daroagu, nahiz eta askorendako izurritea iragandako kontua izan. Neurriak ia desagertzeak, eta jaiak berriro egiteak ez dute arindu urte bi hauetan kargatutako zama, batez ere emozionala delako. Parranda eta lagun-elkartze batzuk baino gehiago behar izango dira motxila astuna arintzeko. Kezkak gehiago dira pozak baino, eta horrek ez du lagatzen burua altxatu eta irribarrea erakusten. Maskara erantzita irria ez da beti agertu, konturatu gara babes-geruza horrek gehienetan ez zuela barrea ezkutatzen, ezpainak horizontalean jarrita zeudelako azpian; hau da, irribarreak uxatuta zeuden.
Tira, horrela ikusten dihardut nire inguruko lagunak aspaldion, triste antzean; ni, ostera, pozarren nabil, pozez zoratzen, poz-pozik, pozez gainezka, pozaren pozez. Norbaitekin topo egin, eta “zer moduz” galdetutakoan, nik “oso ondo” erantzuten dut. Norbait hori beti harritzen zait, eta niri lotsa pixka bat ere eragiten dit, baina barru-barrutik irteten zaidanez, ezin dut saihestu. Momentu ederra bizi dut, beste barik, hala tokatu delako. Eta bai, lotsa sentitzen dut poztasun hau adieraztean, gure zoriontasunak lotsa ematen digulako ia dena beltz ikusten den uneetan. Silvio Rodriguez handiak abesten du Pequeña serenata diurna kantuan: “Soy feliz, soy un hombre feliz y quiero que me perdonen por este día los muertos de mi felicidad” (Zoriontsua naiz, gizon zoriontsua, eta nahi dut hildakoek nire zoriontasunagatik barkatzea). Emakume zoriontsua naiz orain, bai, eta barka diezadatela. Zeren lihoaren penak eta nekeak konta genitzakeen, eta agian astuntzat hartuko gaituzte, baina ez digute destainaz begiratuko, ontzat emango dute gure egoera —beste koitadu bat, ez nago hain txarto—. Baina inoren zoriontasuna garaiz kanpo —orain ez delako tokatzen, sasoi ilunak pasatzen gabiltzalako, negu gorria gerezi denboran— adieraztea solidarioa ere ez dela begitantzen zaie askori. Kulpa, ur-bitsetan gaudenona, kontu egizue!
Egia esatera, bizipozaz jardutea momentu honetan ez da erraza, hainbeste kontu larri eta serio izanda inguruan, hainbeste jende gorriak ikusten bizi dela jakinda. Aurrerago esan dudan moduan, gerra hotsak hainbat lekutan, gatazka ahaztuak planetaren ertz biribiletan, beroketa globala, klima gogortzea, gosete iragarpenak… Apokalipsia gugan dago. Eta ni hemen alegrantziaren apologia egiten, are okerrago, eguneroko kontuek ematen diguten satisfazioaz idazten. Baina Ruper Ordorika super handiak ere Zaindu maite duzun hori kantan dio: “Hala esaten didate: / Zertan zabiltza maite kontuetan? / Elkarbizitza jokuan / Eta zu, berriz, bertso ttikietan”.
Bertso ttiki barik ez dagoelako handirik. Zoriona guztiondako!
Bertso ttikietan