Berriozarko biribilguneko kartelak, ele bitan
Berriozarko biribilguneko kartelak, ele bitan –
BERRIOZARKO BIRIBILGUNEKO KARTELAK, ELE BITAN
Berriozarren eta Iruñearen arteko biribilgunean, kartel gehienak gaztelania hutsean zeuden. Beraz, Nafarroako Gobernuari eskatu genion ele bitan jar zitzala, eta hala jarri ditu. Eskertzen diogu trabarik jarri gabe kasu egin izana. Gainera, goian euskara jarri du eta behean gaztelania, ele bitan jartzen denean Euskararen Dekretuak agintzen duen moduan, baina ia betetzen ez dena. Nolanahi ere, oroitarazi zigun ez dagoela legez behartua ele bitan jartzera. Hala da: Juan José Lizarbe eta Roberto Jiménez PSOEko kideek errekurtso bat jarri zuten Euskarari buruzko 103/2017 Foru Dekretuaren kontra, UGT sindikatua ordezkatuz, eta, besteak beste, eskatu zuten 21. artikuluko 4. puntua baliogabetzeko, hots, honako hau zioena:
“Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareko bide-seinaleetako informazio-elementuak, titulartasun publikokoak direnean, ele biz idatziko dira”.
Epaileek, beti atzerakoi eta euskararen etsai, arrazoia eman zieten, (216/2019 Epaia, 2019ko abenduaren 2ko NAO), eta orain Nafarroako Gobernuak espainiera hutsean jar ditzake kartel horiek.
Iduri du azkenaldian PSOE ohartu dela hizkuntza dibertsitatea gauza ona dela, eta, espainieraz gain, beste hizkuntzek ere badutela balioa, eta zaindu behar direla. Hortaz, PSOE animatzen dugu, baita haren hurbileko UGT sindikatua ere, euskararen kontra egin izan dituzten gauza guztietan atzera egin dezatela, eta Nafarroako errepideetako seinaleetan euskara ager dezatela, legez. PSOE gobernuan mantentzen duten alderdiei ere eskatzen diegu anima dezatela horretara.
Berriozarko biribilguneko kartelak, ele bitan
Zorionak zuen lan eta emaitzagatik.
Alderdi euskaltzaleek katalanek bezala presionatu behar dute, lege-babesa negoziazioetan sartu. Eta euskaltzaleok, alderdiak presionatu, antza.
Eskerrik asko laudorioagatik. Alderdiak presionatzen saiatzen ari gara, bai.