“Berdintasunean hezi daitekeenaren adibide garbia da Skolae”
“Berdintasunean hezi daitekeenaren adibide garbia da Skolae” –
Malen Aldalurrek Klitto! agerkarian.
Skolae izeneko Nafarroako hezkidetza programaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren II. Hezkidetza planaren diseinuan parte hartu du Marian Moreno (Leon, 1964) irakasle, idazle eta hezkidetzan adituak. Orain, Skolae hezkidetza programa prestatu izanagatik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak deklaratzera deitu du beste lau aditu eta irakasleak trebatzen ari diren bost lagunekin batera. Plataforma Nacional 18M taldeak eta guraso talde batek jarri zuten Skolaeren kontrako salaketa.
Nola deseraikitzen da matxismoa ikasgeletatik?
Hezkidetzarekin deseraikitzen da; feminismoa ikasgeletara eramanez eta berdintasuna transbertsalki landuz ikasgai guztietan, espazio guztietan, zentroen antolakuntzan… hezkuntza komunitateari dagokion denean. Egia esan, legea betetzea bezain erraza da. Izan ere, Espainiar Estatuan hainbat lege organiko ditugu berdintasuna geletan lantzera behartzen gaituztenak.
Nola landu ikasgaiak ikuspegi feministatik?
Ikasgai guztietan daude transbertsalki ikuspegi feministatik landu daitezkeen gaiak. Horrela lantzen da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna. Garrantzitsua da hezkidetzako gako batzuk kontuan izatea, eta horiek ikasgai guztietan aplikatzea: emakumeen ikusgaitasuna bultzatzea eta arlo guztietan egindako ekarpenak aintzat hartzea; hizkuntzaren erabilera inklusiboa erabiltzea; maskulinitate berdinzaleak eta feminitate ahaldunduak bultzatzea; LGTBfobiaren aurka egitea; gatazkak modu baketsuan konpontzen ikastea; genero estereotipoak erradikatzea; autonomia pertsonala berdintasunetik lantzea; pertsonen zaintza azpimarratzea; enpatia lantzea; indarkeriaren aurkako jarrerak bultzatzea… Hau da, hezkidetzan adituak diren pertsonek erraztutako materialen eta estrategien bitartez, ikasgai guztietan aurkitu beharko genuke ikuspegi feminista txertatzeko modua.
Zein ondorio ditu ikuspegi feminista ez txertatzeak?
Ikuspegi feminista ez txertatzearen ondorioak egunero ikusten ditugu ikasgeletan, kalean, albistegietan… Gizarte matxista batean bizi gara: manadako kideak kalean egotea ahalbidetzen duen gizarte batean; soldata arrakala ahalbidetzen duen gizarte batean; berdintasun falta eta kristalezko sabaia dauden gizarte batean. Kontuan izan behar da gure kaleetatik dabilen jende oro pasa dela hezkuntza sistematik, horregatik da hezkuntza sistema garrantzitsua berdintasuna errotzeko. Ez da egun batetik bestera egin daitekeen lan bat, denbora eskatzen duen lan bat da, baina etorkizunean fruituak emango dituena. Merezi du gizarte hobeago eta berdinzaleago bat lortzeko lan egiteak.
Uste duzu jende guztia gai dela berdintasunean hezteko?
Berdintasunean hezteko behar den lehen gauza formakuntza da, beharrezkoa da berdinzaletasun hori nork bere barruan izatea. Pertsona bat berdinzalea denean, transmititu egiten du, eta, ondorioz, berdintasunean hezten du. Beraz, edonork ezin dezake berdintasunean hezi, batzuek ideologia matxista dutelako eta horiek transmititzen dutena ezberdinkeria eta bereizketa delako. Bazterkerian oinarritutako ideiak dituzten zentroek ezingo dute inoiz berdintasunean hezi, arrazista den inork justizian eta inklusioan hezi ezin duen bezala.
Nola lortu irakasleak kontzientziatzea?
Irakasleen parte hartzea bermatzeko beharrekoa da formakuntza. Jakina da formakuntzak irakasleen begirada aldatzen duela, hau da, berdintasunean hezten ez duen irakaslearen arazoa ez da matxista dela bere osotasunean, baizik eta, ez duela horren inguruan inoiz hausnartu. Beraz, bereizkeriaren aurrean lan egiteko garrantzitsuena identifikatzea da, eta hori da formakuntzaren bitartez egiten dena. Irakasle asko daude hezkidetzan formakuntza jaso dutenak eta ia guztiei balio izan die begirada aldatzeko. Irakasle horiek dira berdintasunaren alde lan ikaragarria egiten ari direnak. Formakuntza, formakuntza eta formakuntza, hori da gakoa. Pena da formakuntza hori ez dela hasieratik ematen, unibertsitatetik. Horrela, gerora, ez lukete beraien denbora librea sakrifikatu beharko.
Zein ardura dute hezkuntzako goi kargu politikoek?
Ardura guztia dute, izan ere, beraien esku dago legeak egitea, arauak sortzea, ikuskatzea eta irakasleak heztea. Dena dute eskura berdintasuna hezkuntzan lehentasun bihurtzeko. Ez bakarrik tiritak jarri eta berdintasunez barnizatzeko, baizik eta berdintasuna benetan hezkuntzaren buruan jartzeko.
Arazoa da goi kargu askok ere formakuntza eta sentsibilizazioa behar dutela, jende guztiak bezala. Kargu guztiak dira pertsonak, beraien pisuekin, beraien bizi esperientziekin eta beraien genero motxilekin. Horregatik da garrantzitsua genero ikuspegia duen jendea hezkuntzako goi karguetara iristea, beharrezkoa da norbaitek hezkidetza bulegoetatik gidatzea. Izan ere, horrela, estrategia eta bitarteko guztiak izango ditu hezkidetza egunerokoan eskola guztietako ikasgeletara eramateko, modu sistematizatu eta orokor batean.
Nola eragiten dute hezkidetzan, esaterako, familiak eta aisialdiak?
Pertsonen sozializazioa askotarikoa da, hau da, hezkuntza eremu ugarik ukitzen dute. Familia horietatik garrantzitsuenetako bat da, izan ere, sozializatzeko lehen gunea izaten da familia gehienentzat. Dena den, familia ez dago legez derrigortua berdintasunean heztera eta ikasleek eskubidea dute berdintasunean heziak izateko, baita euren familia sexista bada ere. Egokiena litzateke familia eta eskolaren artean kolaborazio batera iristea, eskolan landutakoa etxean indartuz. Aisialdiari dagokionez, jende guztia berdintasun irizpideetan janztean datza, horrela bere egunerokoan bereizkeria elementuak ibili arren, sexismoa zer den argi izan dezan. Hau da, errealitatea genero ikuspegitik aztertzean dago gakoa, eta horrela modu kritikoan sozializatzera ikastean.
Aurretik aipatu duzu ikasgeletan berdintasuna sustatzea derrigorrezkoa dela.
Bai, derrigorrezkoa da, legeak behartzen gaitu. Falta dena arduradun politikoen ausardia da, legea osotasunean betearazteko. Nafarroako Skolae programa da adibide garbia, derrigorrezko programa bat da, formazioarekin, baliabideekin, material eta estrategiekin. Skolae da berdintasunean hezi daitekeenaren adibide garbia, baina horretarako aurre egin behar zaio gizartearen zatirik atzerakoienari. Izan ere, berdintasuna lortzearen trukean, euren pribilegikoak galtzeko beldur dira. Prentsa sentsazionalistak ere ahotsa eman die, gure lan pausatu eta serioaren gainetik. Horrelako gizartea daukagu, nahiago ditu oihuak profesionaltasuna baino. Hezkuntza arduradunek legea euren alde dute, ez da derrigortze kontu bat, ilegala ez izatea da kontua.
.
Duela hilabete batzuk Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako II. Hezkidetza Planaren inguruko erreportajea idatzi zuen Malen Aldalurrek Argian. Erreportaje horretarako elkarrizketa egin zion Marian Moreno hezkidetza gaietan adituari, eta, orain, Klitto!n jaso ditu Morenok elkarrizketan esandako hainbat kontu.
“Horregatik da garrantzitsua genero ikuspegia duen jendea hezkuntzako goi karguetara iristea, beharrezkoa da norbaitek hezkidetza bulegoetatik gidatzea.”
Case closed.
Ze arrazoi duen andere honek! Gure heziketan ikuspegi feministaren gabezia ikaragarria izan da eta ez bakarrik Nafarroan.
Bere garaian heziketa hori jaso izan balu, Hasier Etxeberriak ez zion horrelako galderarik egingo beste andere hari. Eta ikuspegi feministaz jantzita, Santi Leonek ez zion kargu hartuko. Eta gabeziak esplikatzen du zenbait euskal intelektual sensible asaldatu zituzten kritikak.
Zorionez hurrengo belaunaldiek ez dute akats berbera egingo. Horretarako ekarri digute jakintsu bat Leondik.