Berdintasuna. Estatu nazionalismoen mantra

Berdintasuna. Estatu nazionalismoen mantra –

Komodoa da, balioanitza, “passe-partout”, bertutez jantzita dator, ezkutatu eta berriz azaleratzen da, gaurkotasunez betea, hor dago beti: berdintasuna. Espainiako alderdien arteko borrokaren atakan, protagonismo berezia hartu du, berriz ere. Ayusok eta nazional-populismoak argi utzi dute: berdintasuna eta, hedaduraz, Espainiako Konstituzioa da katalan independentisten amnistiaren kontrako errezeta. Epaileek ere berdintasunaren doinua maite dute, badakigunez.

Berdintasunaren leloa ezagun zaharra dugu. Frantziako Iraultzarekin batera eta Mendebaldeko nazio-estatuen konstituzioen goraldian sendotu zen. Historikoki berdintasunak kontrakoa du pribilegioa. Pribilegio hitza, ordea, bihurria da, piegé (edo tranposoa), Jean-Louis Davantek adierazi izan duenez. Frantziako Iraultzaren 1789ko abuztuaren 4ko Pariseko gau aztoratuan, “pribilegioak” abolitu ziren, eta frantses herriaren berdintasuna onartu. Desberdina zena salbuespena zen, eta berdindu behar zen. Joan ziren euskaldun kontinentalen betiko instituzioak eta zuzenbidea, Nafarroako Erresuma ere tartean.

Berdintasuna. Estatu nazionalismoen mantraPribilegio edo privus lex haiek (etimologikoki “lege indibidualak”) tokian tokiko araubidea eta askatasunak ziren Euskal Herrian. XIX. mendean, bidegabe eta apetatsu bilakatu ziren bat-batean, gorrotagarri; traba zitzaizkion espainiar erregetzari eta errege erakundeei. Espainiar koroak ez zuen astirik galdu: Euskal Herriko foru araubidea, Nafarroako Erresuma barne, desegin behar zen.

XIX. mende erdialdean, Espainiako Gorteetan ez zen zalaparta falta. Ezinbestekoa zen euskal herritarrak Espainiako Erresumarekin berdintzea. Berdintasunaren izenean, Marokoko gerra kolonial absurdora joan behar ziren, besteak beste. Euskal agintariak amua irensten hasi ziren. Bigarren Karlistaldiaren amaierako okupazio militarrak eta gerra legeak eman zuten berdintze ia osorako parada, 1876an.

Espainiar Gorteetako kide aztoratuek berriz astindu zuten (espainiarren) berdintasunaren mamua. Canovas del Castillo  presidenteak eta Espainiako Gorte ez demokratikoetako enparauek indarrik gabe utzi zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioak eta zuzenbidea. Asimilazioa bidean zen, eta Kode Zibilaren auzia geratu zen dantzan. Parlamentari espainiarrek euskaldunei orain hizkuntza ere kendu behar zitzaiela oihukatzen zuten.

Sagastaren gobernua, Gamazo ministroaren bidez, berdintze hori erabat gauzatzen ahalegindu zen, Nafarroa Garaia Espainiako probintzia soiltzat hartuz. Euskal herritarrak haserre ziren, 1893-1894ko Gamazada matxinada piztu zen. Gernikako Arbola-ren doinuen artean, herri protesta horrek Nafarroa Garaia zuen erdigune, Donostian ere sei hildako utzi zituen, duela aste gutxi batzuk gogoratu dugunez.

Nolako hautsak honelako lohia. Ordutik, badugu adjektibo markaturik gabeko zuzenbide bat, zuzenbide erkidea edo komuna, ez berezia, ia unibertsala, ia neutroa, eta jakina, berdintasun konstituzional totemiko bat. Espainiakoa, noski. Hizkuntza bezala, komuna. Eta euskaldun izatea? Pribilegioa edo, Feijook Espainiako Kongresuan adierazi duenez, karaoke bat. Noiz arte?

Berdintasuna. Estatu nazionalismoen mantra

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude