Berdea ez da beti esperantzaren kolorea
Goizeko 10:30ak pasata Berriako langile bat korrika azaldu zen erredakzioan eta leihoruntz joanda “Guardia Zibilak!”, esan zuen. Batzuk leihora salto egin zuten segituan, besteok lanean jarraitu genuen. Agian, duela sei urte Egunkariaren itxieraren egunean bertan ez ginenok izan ginen lanean jarraitu genuen bakarrak, ez baitzitzaigun burutik pasa ere egin leihora hurbildu eta hainbat eta hainbat patrol ikusiko genituenik.
Batzuk izutu egin ziren eta iraganekoa berriz gertatu zitekeela ere pentsatu zuten. Laster heldu zen beste langile bat “Gaztesarea-ra joan dituk” esanez. Zenbatu ezina, zenbat patrol, furgoneta eta auto. Eta zenbatu ezina zenbat Guardia Zibil.
“Berdezkoak” heldu aurretik ordea, bazen beste bisitaririk Martin Ugalde parkean. Goizen goiz helduak ziren autoan, eta zain egon ziren bazekitena gertatu zen arte. Guardia zibilak heltzean, kotxetik atera ziren euren kamara eta koaderno eta axotekin. Kazetari onak zinez: notizia non, eurak han.
Egun osoa eman zuten Gaztesarearen egoitzaren sarreran metrailetez armaturik. Martin Ugalde Parkera sartzen zen orori poltsak miatzen eta zain.
Goizean eurekin ekarri zuten Barrikan atxilotutako Iker Acero, gaztesarea.net elkarteko lehendakaria. Arkaitz Artola langilea ere atxilotu zuten kasik zortzi ordu iraun zuen miaketaren ostean, nahiz eta Guardia Zibilak heltzean, Gaztesarearen egoitzan zen azken hau. Kasu berarekin lotuta Alberto Martinez ere atxilotu dute, baina hura ez zuten Andoainera eraman.
Gaztesareari Segi erakundea finantzatzea egotzi diote. Segi ETArekin lotzen du Espainako Justiziak eta legez kanpoko erakundetzat hartzen du. “ETAren aldeko bonoak saltzen” dituztela ere esan dute ikerketako iturriek.
Ondorioa, komunikabide bat gehiago itxita. Adierazpen askatasuna beste behin zanpatuta.