Beñat Sarasola: “Inoiz telebistako programa bat aurkeztu behar banuen, hori Sautrela zen”

Beñat Sarasola: “Inoiz telebistako programa bat aurkeztu behar banuen, hori Sautrela zen”

Kafeari zurrutada bat eman eta aitortu du: “Kameren aurrean egon izan naiz, kolaboratzaile moduan, baina aurkezle izatea beste gauza bat da”. Groseko kafetegi batean jarri digu hitzordua Beñat Sarasolak (Donostia, 1984), Kur arte galeriatik oso gertu, ordubete barru bertan baitu Sautrelaren grabaketa saioa. Kasualitatez eman du telebista aurkezle izateko urratsa, zorigaitzak eta halabeharrak bultzatuta. Hasier Etxeberriaren minbizia medio, erreleborik ezean, ETBko literatur programa bakarra kika larrian baitzen. Zorionez Sautrelak aurrera darrai, eta Sarasolak azalduko digu nola.

Beñat Sarasola: "Inoiz telebistako programa bat aurkeztu behar banuen, hori Sautrela zen"

Nondik datorkizu literaturarekiko pasioa?

Familian beti bultzatu izan da literatura, beti egon da oso present amaren zein aitaren aldetik. Aitaren partetik ezagun da Ibon Sarasola osaba dudala, baina, aita bera ere oso literatur zalea, eta orohar, kultur zalea da. Amarenetik berriz, Idoia izeba itzultzailea da eta txiki txikitatik oparitzen zizkidan Roald Dahl-en aleak, besteak beste. Eta oraindik ere oparitzen dizkit liburuak. Betidanik irakurri izan dut, baina, esango nuke institutuan piztu zitzaidala literatur zaletasuna Camusen ‘L’étranger’ eleberriarekin. Koldo Mitxelenan eserialdi batean irentsi eta flipatu nuen. Pentsatu nuen, hura ez zela istorio bat, hura beste zerbait zela. Hortik sortu zitzaidan, egun dudan zaletasuna.

Nolatan hartu duzu pantaila aurrera salto egiteko erabakia?

Nire burua ez nuen sekula imaginatu telebistako aurkezle moduan. Hasiera batean ez nengoen batere konbentzitua eta aitortzen dut kosta egin zaidala erabakia hartzea. Lantaldea ezagutzen dut, eta horrek erraztu dit urratsa ematea. Zer demontre Inoiz telebistako programa bat aurkeztu behar banuen, hori Sautrela zen. Azkenean zirkunstantziek egin dute aukera hori sortzea eta nik baiezkoa esatea. Egia da, pritzipioz ez dela nire esparru naturala, baina programa berezia da, pisu handia du literaturak eta arlo horretan oso eroso sentitzen naiz.

Zenbateraino dira bateragarriak kritikari lana eta horrelako saio baten zuzendaritza?

Nik uste bateragarriak direla, gertatzen dena da, programan dudan funtzioa ez dela kritikariarena. Nik uste bereizi egin behar dela. Hau da, gauza bat da literatur programa batean gidari eta elkarrizketatzaile izatea eta beste gauza bat da kritikari izatea. Ni Sautrelako aurkezle naizen heinean, ez dut kritikarik egiteko asmorik. Beti egongo da galderetan-eta zeraren bat, baina, tira… Ni literatur kritikari izan naiz, gaur egun ez dut halakorik egiten, editore ere ibiltzen naiz, irakasle… denetarik egitea tokatzen zait. Bateragarriak ote diren? Beno, egiten ditut. Kontua da gauza bakoitza ondo egitea.

Beñat Sarasola: "Inoiz telebistako programa bat aurkeztu behar banuen, hori Sautrela zen"

“Saiatuko naiz Hasierren falta ahalik eta gutxien nabaritu dadin”


Ze plan dituzue?

Momentuz aurreko egiturarekin jarraituko dugu, lehengo egitura berarekin, kolaboratzaile berberekin… Pixkanaka, martxa hartu ahala, aldaketa batzuk egiten ausartuko gara, baina, xede behinena Sautrelak aurrera egitea zen eta Hasierren egoerarekin hori oso arriskuan egon da. Orain naturalena da lehengo martxarekin jarraitzea. Aurrerantzean zer gertatuko den ez dakigu, eta horren arabera aldaketa gehiago ala gutxiago izango dira.

Ofizio berri honetan zer egiten zaio Beñati zailen, zuzentzea, elkarrizketak egitea ala aurkeztea?

Aurkeztea nik uste. Elkarrizketak egin izan baititut beste hedabideentzako ere. Hasiera honetan kameren aurrean aritzea da gehien kostatzen zaidana. Hori zait arrotzena. Gainerako guztia, gidoilari lanak, lantaldea gidatzea, gutxi gora behera ezaguna zait.

Hasierrek urte mordoa darama Sautrelarekin. Bandejan utzi dizu erreleboa.

Hala da. Sautrela jada martxan dagoen lokomotora da. Lokomotora txikia, tamalez, oso baliabide gutxirekin egiten delako. Baina aitzitik erreferente handia da. Ez da zerotik hasten den programa bat. Zentzu horretan, martxa horri heltzea errazagoa zaigu hutsetik hastea baino. Hasierrek azkeneko urteetan egin duen lana izugarria da. Zer neurriraino izango naizen martxa hori mantentzeko kapaza? Ikusiko dugu, saiatu saiatuko naiz bere falta ahalik eta gutxien nabaritu dadin.

Agian zuk beste kolore bat emango diozu.

Bai, hori ere egia da. Nahiz eta egitura bat mantendu , aurkezlea desberdina den neurrian, galderak ere ezberdinak izango dira eta ikuspuntuak ere bai. Baina lehen esan dudan bezala, Sautrelak jada badu izen bat euskal literaturaren baitan. Erreferente bat da eta horrek asko errazten du lana.

 "Saiatuko naiz Hasierren falta ahalik eta gutxien nabaritu dadin"

“Hedabide publiko batek Kultura bultzatu behar du, audientzietan burua galdu gabe”


Zer funtzio betetzen du Sautrelak EiTBn?

Nik uste funtsezkoa dela. Eta ez dut esaten gurea delako, gure literatura delako, nik uste horrelako programa gehiago egin beharko liratekeela. Zineari buruzkoak, arteari buruzkoak, musikari buruzkoak… azken batean hedabide publiko batek kultura bultzatu behar du, audientzietan burua galdu gabe. Gainera eskatzen duen baliabide kopurua ez da batere handia, eta borondate pixkatekin lortu dezakegu euskal kultura bultzatzen duen telebista bat. Eta nik uste hori ez duela inork ere zalantzan jartzen. Beste kontu bat da, denok garela pixkat zinikoak unea iristen denean… baina nork esango dizu ahots goran telebista publiko batek ez dituela horrelako programak behar? Inork ez.

Nola ikusten duzu EiTB? Eta nola nahi zenuke ikusi?

Ni ez naiz oso telebista zalea. Oso gauza konkretuak ikusten ditut, eta uste dut etorkizunean askoz ere espezializatuagoa izango dela telebista. Bakoitzak aukeratuko duela zer programa ikusiko dituen, nahieran, eta gauza oso bereziak topatu ahal izango direla. Eta telebista berri horretan, gai konkretuek, literaturak kasu, lekua izango dute. ETBk horrantz jo beharko duela iruditzen zait, baina badiotsut ez naizela batere aditua telebista kontuetan. ETBk gabeziak dituela nabarmena da, baina argi dago baita ere, ez duela aterabide errazik. Edo behintzat, epe motzean, ez du irtenbide erraza halako iraultza planteatzeko. Esperantza badut, norabide egokian jarri eta hedabideen munduan datozen aldaketak aprobetxatuko direna telebista proiektu interesgarri bat egiteko.

Beñat Sarasola Beñat Sarasola Beñat Sarasola Beñat Sarasola Beñat Sarasola Beñat Sarasola

Ekaitza bainuontzi batean