Beñat eta Philippe

Jauzia proiektua aitzinatzen ari da!

Egia erran biziki kontent gira proiektuak izan duen harrerarekin. Izan ere, gaia interesgarria dela kontziente gira baina ez ginuen espero gizabanako eta medioengandik hainbesteko sustengu eta bebesa ukanen ginuenik. Milesker guztieri!

Gure partetik, jakin ezazue proiektua bide onean doala eta hasiak girela jadanik elkarrizketa sakon batzuk burutzen. Elkarrizketen zati ttiki batzuk ikusteko aukera izan duzue edo duzue oraindik, Jauzia proiektuaren trailerrean.

Elkarrizketak, mamitsuak izaten ari dira eta badute gure proiektuak argitara eraman nahi dituen edukiak.

Beñat eta Philippe

Gaurkoan Beñat (ezkerrekoa) eta Philippe-etaz (eskuinekoa) interesatuko gira :

Beñat : Ziburuko arrantzale familia bateko semea. Bera haurtzaroa itsasoan pasa du eta baita gaztaroa ere. Ziburun, arrantzaz gain, gertutik bizi izan ditu hego Euskal Herritik ihesean etorritako pertsonak eta GAL-eko garairik odoltsuenak ere bizi izan ditu. Gaur egun, 65 urte dituela, distantzia hartu eta garaian gertaturikoa kontatzen digu.

Philippe : Parisen sortu zen duela 65 urte, berak erraten duen moduan: “aberatsen auzoan, bainan zerren aberatsak diren ez dugu inioiz jakinen…” Bere aita, Frantziar armadako kolonela zen eta ama, familia aristokrata bateko alaba. Etxetik goiz egin zuen ihes Philippe-ek baina lanbide baten bitartez, gazte zela etorri zen Euskal Herrira. Harreman natural batzuen bitartez hurbildu zen Euskal gatazka politikoaren mundu nahasira.

Philippe eta Beñat : biak mundu ezberdinetik heldu zaizkigu baina badute puntu amankomun bat. Biak, Pariseko “La Santé” kartzelan ezagutu ziren, ETA-ri loturiko kondena bat betetzen. Biek eman zuten jauzia.

Jauzia proiektuaren bitartez, beren ibilbide pertsonala ulertzeaz gainera, jauziaren zergatia azaleratuko dugu. Bi protagonistak hain dira ezberdinak baina biek eman zuten jauzia, arrazoin berdinak ote zituzten? Zergatik eman ote zuten jauzia?

Beñat eta Philippe

Segitu gaitzazue : twitter.

Lagundu gaitzazue : crowdfunding.

 

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA